|
Arabako Iruņa-Veleiako aztarnategian aurkitu eta ustez euskarazko lehendabiziko idazkiak zirenak "faltsuak" direla baieztatu zuten atzo Arabako Foru Aldundiak eratuta aztarnok aztertu dituzten adituek. Veleiako euskarazko inskripzioak, latinezkoak bezala, "manipulatuta" daudela baieztatu dute. Faltsifikazio eta manipulazioaren arduradunik ez dute zehaztu. Arabako Diputazioak, hori bai, aztarnategia ustiatzeko baimena kendu egin dio Eliseo Gil arkeologoaren taldeari.
Iruņa-Veleiako arkeologia aztarnategian aurkitutako ostraka multzoa ezin da III. eta V. mende artean kokatu; 2006an aztarnategiko arduradunek aurkeztutako latinezko eta euskarazko idazkunak -azken hauek ustez euskararen lehendabiziko aztarnak lirateke- ez dira egiazkoak eta norbaitek (edo norbaitzuk) "manipulatuta" daude. Baieztapen hauek, hainbat adibiderekin hornituta, plazaratu zituen atzo (2008-11-19) Arabako Diputazioak eratuta 2008ko hasieratik hona Veleiako aurkikuntzak aztertzeko ardura izan duen aditu taldeak. Joakin Gorrotxategi eta Joseba Lakarra hizkuntzalariek, Juan Santos Yanguas historialariak, Julio Nuņez arkeologoak eta Juan Madariaga kimikalariak, bakoitzak bere esparruaren arabera, aztertu dituzte Eliseo Gil arkeologoaren ardurapean Veleian lanean ari den taldeak aurkitutako aztarnak, eta ondorioetan bat etorri dira: ustez garrantzitsuenak liratekeen aurkikuntzen balioa oso bestelakoa da.
Aditu taldeak tajututako txostena esku artean, Arabako Foru Aldundiak hartu duen lehen erabakia izan da Eliseo Gilen taldeari aztarnategiaren ustiapena kentzea. 2012. urtera arte luzatzen zen baimena eten egin du, horrenbestez, Diputazioak.
Euskara ezinezkoa
Euskararekin lotutako aztarnei dagokionez, aurkitutako piezak "faltsuak" direla argitu zuen Joseba Lakarrak. Morfologia, sintaxi eta fonetika aldetik aztertuta, hitzok III. eta V. mende artekoak izatea "erabat ezinezkoa" dela ondorioztatu dute berak eta Gorrotxategik. Hala esan zuten atzo, taldeko gainerako adituekin batera Arabako Biltzar Nagusietan egindako agerraldian. Arrapa, arrosa, gorri, urdin, Oso lagun Marcu, Denok, Nere... hitzak aipatuta, filologia historikoaren ikuspegitik hitz "ezinezkoak" direla berretsi zuen Lakarrak. Joakin Gorrotxategik ere argi utzi zuen, bere aburuz, euskararen historiarekin batere koherentziarik ez dutela aurkitutako hitzek, bai euskarazkoek, bai latinezkoek. Adituen ustez, testu horiek III. eta V. mendekoak ez, askoz ere berriagoak dira.
Manipulazioaren arduraduna nor den esan ez bazuten ere, bi lagun edo gehiagoren eskua ikus daitekeela esan dute adituek. Baita balizko manipulazio horien arduradunak oso trebeak ez direla izan ere: aintzinako historiari dagokionez "ezjakina" behar duela izan esan zuen atzo Yanguas historialariak. Aztarnak manipulatuak izan direnaren beste froga bat gaineratu nahi izan zuen, bere aldetik, Madariaga kimikariak, besteak beste zenbait pieza elkartzeko erabili den itsasgarri hondarrak aurkitu dituela esanez.
Zalantza asko
2006ko ekainean oihartzun handia izan zuten Iruņa-Veleia hiri erromatarreko aztarnategiko aurkikuntzek. Bertako arduradunek, beste aztarna garrantzitsu batzuekin batera, ordura arte inoiz aurkitutako euskarazko idazkunik zaharrenak aurkeztu zituzten.
Aurkikuntza plazaratu eta denbora gutxira hasi ziren, ordea, zalantzak. Hauen aurrean, aztarnategiko arduradunek, azterketa zientifikoetan oinarrituta, idazkunen egiazkotasuna baieztatuz jakinarazpena plazaratu zuten 2006ko azaroan. Zalantza izpiak desagertu beharren indartzen joan dira, ordea, adituen azken txostenaren emaitzetara iritsi arte.
Iruņa-Veleiaren gainean erabili.com-en argitaratuak
|