Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskara 21 ekimena fase erabakiorrean sartu da

Eusko Jaurlaritza - HPS / Herri-administrazioa / 2008-11-14 / 08:40


Oinarrizko Txostena idatzi zuen Batzorde Iraunkorrak prozesu osoaren ondorioak izango ditu esku artean eta behin betiko agiria mamitzeari ekingo dio. Kideek gaitegiari emandako erantzunak eskuragarri izango dira Euskara 21 webgunean.



XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak aztertu eta zehazteko xedez, Euskararen Aholku Batzordeak apirilaren 29an abian jarritako Euskara 21 ekimena fase erabakiorrean sartu da. Dagoeneko prozesua gizarteratzeko aurkezpen eta mintegiak abian dira; eta horrekin batera, "XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izeneko Batzorde-atal Bereziko kideak hainbat gogoeta-hari laburtu eta zehazteko lanetan hasiak dira. Horren lekuko, herenegun (2008-11-12) Donostian bildu ziren kideak orain hilabete eman zitzaien gaitegiaz eztabaidatzeko.

Eztabaidarako gaiak

Gaitegi hau, hain zuzen ere, orain artean jasotako ideia nagusien bilduma da, eta galdera bidez formulatua dago hausnarketa errazte eta zehazte aldera. Proposatutako ideien inguruan adostasuna bilatzen saiatu ziren batzordekideak herenegungo bileran.

Era askotako gaien inguruan bideratu da hausnarketa: Euskarazko ekoizpena eta euskararen osasuna; Hiztun kopurua eta euskararen erabilera; Administrazioa eta euskara: botere publikoen jarrera; Erabilera: legea, inposaketa, koertzioa; Eskolaren lana; Euskararekiko axolagabekeria eta euskararen politizazioa; Euskara indarberritzeko bakoitzaren egitekoez; Euskararen etorkizuneko erronkak; Administrazioa eta herri-mugimenduen arteko harremanak... izan dira, besteak beste, eztabaidarako gaiak.

Kideek gaitegiari emandako erantzunak atzo bertatik eskuragarri daude Euskara 21 webgunean. Horrez gain, liburu formatuan argitaratuko dira epe laburrean.

Amaierako txostena osatzen

Bestalde, azken eztabaidaren ondoren Batzorde Iraunkorrak gogoetari amaiera emango dion dokumentua idazteari ekingo dio. Hortaz, dokumentua osatzeko kontuan hartuko dira batzordeko kideek egindako ekarpenak eta herritarrek webgunearen bidez egindakoak, bai eta aurkezpen zein mintegien bidez jasotako proposamenak ere.

Amaierako txostena, beraz, gogoetaren abiapuntua idatzi zuen Batzorde Iraunkorrak idatziko du. Hona hemen batzorde horretako kideak:

Eslogan lehiaketa: bihar, azken eguna

Bestalde, Euskara 21 eslogan lehiaketari dagokionez bihar, azaroaren 15ean, amaituko da esloganak jasotzeko epea. Gogoratu, irabazleak 1.500 euroko saria jasoko duela, eta sari hori Euskara 21 gogoeta prozesua itxiko duen ekitaldian emango zaiola.

Dagoenekoz 150 esloganetik gora jaso dira lehiaketaren webgunean.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1226570238