Egin klik hemen INPRIMATZEKO


30 enpresak jaso dituzte lehenengo Bikain ziurtagiriak

Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila / Enpresa / 2008-11-12 / 08:35


300 gonbidatutik gora elkartu ziren herenegun (2008-11-10) Bilboko Guggenheim Museoan, Bikain Ziurtagiriaren lehendabiziko banaketa ekitaldian. Enpresen munduan eta esparru sozio-ekonomikoan euskararen etengabeko normalizazioa ebaluatu eta egiaztatzen duen ziurtagiri publiko, ofizial eta doakoa 30 enpresatako ordezkariek jaso zuten.



Bilboko ekitaldira bildu ziren, besteak beste, Bikain Ziurtagiria eskuratu duten erakundeetako ordezkariak, Ebaluatzaile Klubeko kideak, enpresaburu zein kooperatiba elkarteen goi-ordezkariak, eta baita administrazioetako, alderdi politikoetako nahiz sindikalgintzako ordezkariak ere. Guztien buru Juan Jose Ibarretxe lehendakaria izan zen. Berak banatu zituen lehen edizio honetako ziurtagiriak.

Hiru maila

Bikain ebaluazio-sistemari jarraiki, 30 enpresa ebaluatu dira. Enpresa eta entitate horiek guztiek lortu dute ziurtagiria ebaluazio prozesuan; beraz, 30 enpresa horiek jaso dute lehenengoz banatu diren Bikain Ziurtagiriak.

Enpresa edo entitate horietako bakoitzak lortu duen puntuazioaren arabera, hiru mailatako Bikain Ziurtagiriak banatu dira lehen edizio honetan:

Ziurtagiria jaso duten erakundeek talde ebaluatzaile batek berariaz egindako ebaluazio-prozesu bat izan dute. Halaber, ebaluazio-txosten bana jaso dute beren indarguneak, zer-hobetuak, gomendioak eta puntuazioa azaltzen duena.

Enpresen tipologia

Bikain Ziurtagiria eskuratu duten 30 enpresen tipologiari dagokionez, enpresa horietako gehienak zerbitzu sektorekoak dira, 22 hain zuzen, eta gainontzeko 8ak, industria alorrekoak dira. Lurralde-banaketari begiratuta, Gipuzkoan kokatuta daude enpresa eta entitate horietako 17, Bizkaian 11, eta Araban 2. Enpresa horiek jarduera ugari burutzen dituzte, askotarikoak, eta euren artean honako enpresa eta entitate mota hauek daude: hedabideak, makina-erreminta arlokoak, administrazio publikoak, banaketa-enpresak, fundazioak eta elkarteak, osasun-laguntza ematen dutenak, finantza-erakundeak, eraikuntza arlokoak, aholkularitza-enpresak...

Honako hauek dira Oinarrizko Ziurtagiria, kolore beltzaren bidez identifikatzen dena, lortu duten 7 enpresa eta entitateak:

Zilarrezko Ziurtagiria, hau da, maila ertaineko ziurtagiria lortu duten 17 enpresa eta entitateak zerrendatuta datoz jarraian:

Eta, azkenik, goi-maila adierazten duen Ziurtagiria, Urrezko Bikain Ziurtagiria, lortu duten 6 enpresak honako hauek dira:

"Euskara eta eleaniztasuna aberastasun dira"

Erakunde horiek guztiek jaso zuten oroigarria Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eskutik. Lehendakariak guztiei eskertu zien egin duten lan eskerga. Horrez gain, nabarmendu nahi izan zuen "hizkuntza kudeaketa egokia dela kalitatearen eta berrikuntzaren helburuak mamitzeko egitasmoen giltzarri nagusietako bat". Ildo horretatik, eleaniztasuna, kalitatea eta berrikuntza bikaintasunarekin lotu zituen lehendakariak, eta esan zuen "gure enpresek ere ongi dakitela eleaniztasunaren kudeaketa egokia kalitatearen eta bikaintasunaren osagai bereiztezina dela". Aberastasuna ere aipatu zuen lehendakariak, eta honako hau gaineratu zuen hitzaldia amaitzeko: "euskara eta eleaniztasuna aberastasun dira, eta hala ulertu du euskal enpresak, gaurko ekitaldi honek garbi erakusten duenez".

Enpresa eta erakunde horiez gain, Bikain Ziurtagiriaren ebaluazio prozesuan lanean aritu diren ebaluatzaileei ere aipamen berezia egin zitzaien Guggenheimeko ekitaldian. Horrela, Miren Azkarate Kultura sailburuak bere hitzaldian zinez eskertu zien ebaluatzaileei "prozesu honetan parte hartu izana, borondatez eta inolako diru-saririk jaso gabe". Sailburuak gaineratu zuenez, "praktika onen multzoa eta egiten jakitea Bikain Ziurtagiriaren prozesuarekin etengabe bat eginik agertuko dira; eta ebaluatzaileen parte-hartzea dagoeneko horren guztiaren parte da".

Ekitaldian Miguel Lazpiur Confebaskeko presidenteak ere hitz egin zuen. Izan ere, Bikaineko aholkularitza-organoetan, herri-administrazioekin batera enpresarien elkarteak daude, bai eta Euskadiko Kooperatiben Elkartea ere, eta guztiek parte hartu nahi izan zuten banaketa-ekitaldi arrakastatsu horretan.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1226395692