Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Gotzon Garate hil da

Gotzon Garate hil da

2008-10-09 / 08:30 / erabili.com   BESTELAKOAK

Gotzon Garate filologo, idazle eta euskaltzalea atzo (2008-10-8) hil zen Bilbon. Elgoibartar jesulagunak bibliografia oparo bezain anitza utzi du, baita euskara bultzatzearen ahaleginean gauzaturiko hainbat proiektu ere. Besteak beste, bera izan zen Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasketak abian jarri zituena.

Gotzon Garate Elgoibarren jaio zen 1934ko irailaren 1ean. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Filosofian doktoratua, Innsbruckeko Unibertsitatean Teologian eta Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromanikoan lizentziatua, Friburgeko Unibertsitatean Marxismoan espezializatu zen. Deustuko Unibertsitatean irakasle, berak jarri zituen abian han Euskal Filologia ikasketak, 1976an. Euskara bultzatzen lan handia egiteaz gain, atzerriko hizkuntzak ikastea izan zen bere bizitzako beste jardueretako bat: bederatzi hizkuntza hitzegiten zituen.

Bibliografia

Idazle bezala obra zabala osatu zuen Garatek. Literatur jardueran genero eta arlo ezberdinak jorratu zituen, gainera. Besteak beste, euskarazko nobela beltzaren aintzindarietako bat izan zela esan daiteke.

Hona hemen Garateren bibliografia:

  • Bilduma:
    • Lauaxeta menderik mende, 2005, Mendebalde Kultur Alkartea
  • Hiztegia:
    • Erdarakadak, 1988, Gero
  • Kronika:
    • New York, New York, 1988, Elkar
    • India harrigarria, 2001, Elkar
    • Zakurra, zeure laguna, 2002, Elkar
    • New Yorkeko kronika beltza eta beste kontu periferiko batzuk, 2004, Elkar
  • Narrazioa:
    • Lehortean, 1979
    • Muskilak, 1980, Mensajero
    • Nafarroako Ezkurran, 1981, Gero
    • Aldarte oneko ipuinak, 1982, Gero
  • Nobela:
    • Elizondoko eskutitzak, 1977
    • Esku leuna, 1977
    • Goizuetako ezkongabeak, 1979, Zugaza
    • Izurri berria, 1981
    • Alaba, 1984, Elkar
    • Zilarrezko gazteluaren kronika urratua, 1992, Gero
  • Saiakera:
    • Marxen marxismoa, 1971, Mensajero
    • Marx eta nazioa, 1972, Mensajero
    • Marxen ondoko errebisionismoa, Rosa Luxemburg, 1974, Mensajero
    • Lenin eta nazioen autodeterminazioa, 1980, Mensajero
    • Leninen marxismoa, 1983, Mensajero
    • Euskal elaberrien kondaira - 2, 1985, Mensajero
    • Euskal elaberrien kondaira - 3, 1991, Mensajero
    • Euskal atsotitzak, 1995, Gero
    • Atzerriko eta Euskal Herriko polizia eleberria, 2000, Elkar
    • Euskal eleberrien kondaira, 2001, Gero

Atsotitzak eta artikuluak Erabili.com-en

Hizkuntzalaritzan, Gotzon Garateren lanik ezagun eta zabalena Euskal Atsotitzak dira. Garatek 1967an ekin zion Euskal Herri osoko baserriak bisitatu eta tokian tokiko esaera zaharrak jasotzearen lanari. Hamarkadak eman zituen eginkizun horretan, 1995ean paperean argitaratu aurretik.

Atsotitzen bildumak amaraunean ere egin du bere bidea. Besteak beste, Erabili.com-en ere kontsulta daiteke Garateren lan mardula.

Eta, Atsotitzak ez ezik, Gotzon Garatek webgune honetan hainbat artikulu eman zituen argitara, HEMEN ikus dezakezuenez.

Azpeitia bihotzean

Erabili.com-en Gotzon Garatek argitaratu artikuluen artean azkenetakoa izan zen Azpeitia izenekoa. Berau irakurri besterik ez dago Garatek Azpeitiarekiko eta azpeitiarrekiko zuen sentimendua antzemateko. Durangoko Jesulagunen eskolan ezagututako lagun azpeitiarrei esker eskuratu zuen "euskaldun kontzientzia"tik hasi, gero Loiolan bizitako urteetako pasarteak, eta azkenik atsotitzen bildumaren oinarri izan zuen baserriz baserriko ibilbidean ezagututako Odriozolatxo eta Enparangain baserri azpeitiarrak. Guztiekiko gertutasun eta mirespena agertzen zituen Garatek Azpeitia artikuluan.

Eta Azpeitian emango diote, hain zuzen, azken agurra Gotzon Garateri. Bere aldeko hileta elizkizuna gaur, urriak 9, Loiolako basilikan egingo da, 19:00etan.


Inprimatu


Erantzun

 
Eskerrak
2008-10-09 / 11:21 / Edurne Etxebarria (lehen promoziokoa)

Gotzon:

Zeuri esker (eta eskolak eman zizkiguten irakasleei esker, jakina) irten ginen Deustuko Unibertsitatetik hainbat euskal irakasle, ikertzaile, itzultzaile, idazle... eta abar. Euskal Filologia ikasten joan ginenean euskara maite genuen. Ikasketa ofizialak amaitu genituenean, zugandik ikasitako konpromisoarekin zabaldu ginen mundura: euskaraz bizitzeko eta euskararen alde lan egiteko konpromisoarekin, hain zuzen ere.

ESKERRIK ASKO, MAISU!!!!!!

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com