|
Ia 40.000 lagun arituko dira euskaltegietan euskara ikasten, helduak euskalduntzeko 2008-2009 ikasturte berrian. 2008-9-12ko aurkezpenean Patxi Baztarrika HPSko sailburuordeak nabarmendu bezala, HABEren tituluak guztiz homologaturik daudela hasiko den lehenbiziko ikasturtea izango da.
Euskaltegiak zenbakitan
Euskaltegiak zenbakitan
Euskaltegi homologatuen sarean 107 euskaltegi edo zentro daude. Horietatik 39 udal euskaltegiak dira, 60 euskaltegi pribatu homologatuak eta 8 autoikaskuntzako zentroak. Euskaltegien sarean 1.415 irakasle ari dira lanean eta 2007-2008 ikasturtean 36.384 ikasle aritu dira ikasten.
Ikasleen profilari dagokionez, hauek dira datu esanguratsuenak, Joseba Erkizia HABEko zuzendariak emandakoak: batez beste 35 urtekoa da euskaltegietako ikaslea. Ikasle guztien artetik, emakumeak % 69 dira, eta gizonezkoak % 31. Lanbideei dagokienez, berriz, % 27 langile espezializatuak, liberal edo teknikoak dira, % 20 enplegatu publikoak, % 18 ikasleak eta % 9 irakasleak. Gainerako % 28 lanbide desberdin eta espezializatu gabekoetakoak dira. "Enplegatu publikoak, beraz, % 20 bakarrik dira. Horrek esan nahi du, motibazioari dagokionez, euskara ikasten ari den jende gehienak ez duela ikasten lanerako behar duelako, beste motibazio batzuk dituela baizik", nabarmendu zuen Erkiziak.
Euskaltegien jarduera oparo hau finantzatzeko HABEk 31.417.000 euroko aurrekontua du 2008-2009 ikasturterako. Eta euskaltegientzako laguntza horietaz gainera, euskaltegiko ikasleentzako zuzeneko laguntza sistema bat du HABEk; horren bitartez, euskaltegian HABEren maila ofizialen bat egiaztatzen dutenean, ikasleek matrikuletan ordaindutakoaren zati bat edo osoa berreskura dezakete. Horretarako, 2008ko aurrekontuetan 1.300.000 euro aurrikusi dira. Laguntza ekonomiko honen helburua da euskaltegien zerbitzua "kalitate profesionalez baina prezio apalean" eskaintzea, herritarrentzat "karga ekonomiko handia izan ez dadin", Erkiziak aurkezpenean esan zuenez. "Laguntza hauen bitartez lortu nahi duguna da inor ez garatzea kostu ekonomikoagatik euskara ikasi gabe, eta, aldi berean, ikas-prozesu eraginkorrak eta arinak lehenestea", azaldu zuen.
Erkiziarentzat azpimarratzekoak dira, era berean, udal askok bai euskaltegientzako bai ikasleentzako izaten dituzten laguntzak. "Azken batean, denon ekarpenaz, administrazioaren oinarrizko finantzaketaz eta sektorearen jardun irmo eta jarraituaz, euskalduntze-sare mardul eta eraginkorra osatzea lortu dugu", gaineratu zuen.
Beraz, dauden laguntza sistemekin, HABEren mailaren bat eskuratzen duen ikasle askori oso kostu txikian edo doan atera dakioke euskara ikastea.
Tituluen homologazioa
Aurtengo ikasturtetik aurrera, bestalde, euskaltegietako ikasleek badute beste albiste pozgarria: tituluen homologazioa. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak joandako apirilean onartu zuen 64/2008 Dekretuari esker, euskarazko titulazioak Europako Markoarekin parekatu eta elkarrekin konbalidatu dira. Tituluen Konbalidaziorako Batzorde Berezi bat aritu da gaia kudeatzen Eusko Jaurlaritzan. Sail desberdinetako kideak aritu dira elkarlanean, helburu hori gauzatzeko, eta Batzordeburua Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika izan da.
Baztarrikaren hitzetan, "zorionez, duela hilabete batzuk aurkeztu genuen baliokidetza-dekretua indarrean dago eta jadanik hainbat emaitza positibo ematen ari da. Euskaltegietan ari diren milaka eta mila herritarrak dira, besteak beste, konbalidazioaren onura jaso dutenak". Horren adibide gisa aipatu zituen sailburuordeak "aurten jadanik HABEren mailaren bat" eskuratu duten euskaltegietako 4.703 ikasleak. "Ez horiek ez lehendik beste hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatuta edo beste tituluren bat zutenek ez dute berriz inoiz beste azterketarik egin beharko maila bera ziurtatzeko. Dutenak edozein arlotarako balio die", esan zuen Baztarrikak.
Konbalidazio dekretuak herritar hauei denei eragin die (2008, apirila):
| Agiria | Agiriak guztira | Hasitako urtea |
|---|
| EGA | 81.822 | 1982 | | HAEE-IVAP | 40.585 | 1987 | | HABE | 8.950 | 2004 |
|
|
| | OSAKIDETZA | 6.896 | 2004 | | ERTZAINTZA | 2.195 | 1998 | | Guztira | 140.448 |
|
"Konbalidazio dekretuan, bestalde, euskarazko titulu batzuk jasotzea falta da, Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen tituluak hain zuzen. Titulu horiek dira Hizkuntza Eskola Ofizialenak, irakaspostuen hizkuntza-eskakizunak eta HLEA agiria. Datozen hilabeteetan jasoko dira horiek ere dekretura", Baztarrikak aurreratu zuenez.
"Uste dut -gaineratu zuen HPSko sailburuordeak- honela gauzak erraztu egin ditugula jendea euskarara hurbiltzeko. Euskaraz hitz egin edo bizi nahi duen herritarrari, zailtasunak jarri beharrean, bide guztiak zabaltzeko ahaleginak egiten jarraitu behar dugu erakunde guztiok. Gure betebeharra da hori. Eta horretan jarraituko dugu, eraginkortasuna bilatuz, euskararen aldeko sustapenaren mesedetan. Helburua ez delako herritar guztiek euskara bikain jakitea, ahalik eta gehienek euskara ahalik eta gehien erabiltzea baizik. Eta euskara trabarekin ez baizik eta erraztasunarekin identifikatzea".
Sektore estrategikoa
Ikasturte berriaren aurkezpen ekitaldiarekin "berretsi egin nahi dugu helduen euskalduntzea sektore estrategikoa dela guretzat", adierazi zuen Baztarrikak. Euskararen Aholku Batzordeak halaxe zioen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian: "euskararen berreskurapenean, euskal irakaskuntzarekin batera, helduen euskalduntze-alfabetatzea izan da ekinbiderik eta mugimendurik garrantzitsuena".
Helduen euskalduntzerako dugun sistema "neurri handi batean eredugarria dela esan dezakegu", zioen sailburuordeak. "Hala aipatu izan digute behin baino gehiagotan guregana beste herrialde batzuetatik etorritako hizkuntza adituek. Halaxe esan zigun, adibidez, duela hilabete batzuk gure artean izan genuen galestar aditu talde batek. Eta horregatik ari gara lankidetza sendoa izaten beren hizkuntza propioak berreskuratu eta indartu nahiz ari diren herrialde batzuetako gobernuekin. Kolonbiakoarekin eta Txilekoarekin sinatu ditugu azken hitzarmenak".
Erabilera sendotzeko diru-laguntzak
"Baina, benetako helburua euskararen erabilera indartzea eta normalizatzea dugunez -gaineratu zuen Baztarrikak-, euskara ikasteko ez ezik, euskara gero eta gehiago erabiltzea errazteko bestelako diru-laguntza lerroak ere sendotu ditugu urte hauetan. Hala, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak urtero egiten dituen laguntza deialdien helburua da euskararen presentzia ahalbidetzea eta bermatzea aisialdian, komunikabideetan, teknologia berrietan, lan munduan, merkataritzan... gizarte osoan: herritar eta kontsumitzaile gisa euskaraz ere aritzeko gero eta aukera gehiago izan dezagun. Arlo horietan guztietan, horregatik, era guztietako gizarte eragile eta elkarteen 690 proiektu finantzatu ditugu 2008an; denek euskararen presentzia soziala indartzeko helburua dute. Esana geratu den bezala, erabilera baita hizkuntzaren benetako hauspoa".
|