|
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak joan den 2008kouztailaren 1ean Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua onartu zuen. Dekretu horretan ezartzen diren egitekoak enpresei betetzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren arteko diru-laguntza deialdia kaleratu dute orain. Ekimen honetarako 600.000 euro bideratuko da aurten eta eskatzaile bakoitzari gehienez ere 45.000 euro esleitu ahal izango zaizkio.
Eskaerak aurkezteko epea
Diru-laguntza deialdia uztailaren 29an onartu zuen Gobernu Batzordeak eta atzo (2008-9-1) argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da eta zabalik izango da gaurtik aurrera, hau da irailaren 2tik urriaren 2ra arte.
Diruz lagunduko diren enpresak eta establezimenduak
Onuradunak honako hauek izan daitezke:
- Legez unibertsalak, interes orokorrekoak edo antzeko beste kategoria batekoak diren zerbitzuak egiten dituzten erakunde edo pertsona juridikoak:
- Komunikazio-sareak ustiatzen dituzten komunikazio-operadoreak, zerbitzu unibertsala ematen dutenak, eta jendearentzako telefono-zerbitzuak ematen dituztenak.
- Bidaiarien trenbideko edo errepideko garraio publiko erregularreko zerbitzuak ematen dituzten enpresak.
- Bidaiarien aire-garraioko zerbitzu erregularrak ematen dituzten enpresak, eta aireportuetan errepide asistentzia zerbitzuak ematen dituztenak.
- Energia elektriko zerbitzua ematen duten banaketa-enpresak.
- Gas naturala merkaturatzen duten enpresak.
- Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden jendeari begirako, produktuak saltzeko edo zerbitzuak emateko establezimenduek, baldin eta honako baldintza hauetakoren bat betetzen badute:
- 250 langiletik gora dituzten enpresetakoak diren establezimenduak izatea, betiere urtean 50 milioi euro baino gehiagoko negozio-bolumena badute, edo haien urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa bada, edo aurreko baldintza horiek betetzen dituen beste enpresaren batek haien kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiagoko partaidetza baldin badu.
- Jendeari salmentak egiteko gunearen azalera 400 metrotik gorakoa duten establezimenduak izatea, elebidunen proportzioa % 33 baino handiagoa duten udalerrietan edo Bilbon, Gasteizen edo Donostian kokatuta badaude.
- Bezeroarentzako arreta ematen duten plantillako langileak 15 baino gehiago dituzten establezimenduak izatea.
- Merkataritza-establezimenduek, betiere kolektiboak badira, hau da, esparru edo eraikin beraren barruan hainbat saltoki badaude eta saltoki horietako jarduerak era independentean gauzatzen badira.
- Euskal Autonomia Erkidegoan jendeari begirako establezimendua duten finantza eta kreditu-erakundeak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzak saldu edo alokatzen dituzten profesional, enpresa edo eraikuntza-obren sustatzaileak.
Diruz lagunduko diren jarduerak
Diru-laguntzak 123/2008 Dekretuak ezarritako hizkuntza betebeharrei erantzuteko asmoz garatutako jarduerak finantzatzeko izango dira, bereziki euskaraz eskaintzeko:
- Jendaurrean jartzeko kartel edo errotuluetan ageri den informazioa -finkoa eta aldakorra-.
- Jendearen eskura dauden inprimaki edo katalogoak, produktu edo zerbitzu bati edo gehiagori buruzko informazioa ematen badute.
- Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek betetzeko diren inprimakiak.
- Atxikimendu-kontratuak, ereduzko klausulak dituzten kontratuak, kontratu arautuak, baldintza orokorrak eta horietan guztietan aipatzen diren edo horiei buruzkoa den dokumentazioa.
- Kontsumitzaileei zuzendutako komunikazio edo jakinarazpenak, baita fakturak edo egindako operazioen ziurtagiriak, aurrekontuak, gordailu-frogagiriak eta antzeko dokumentuak ere.
- Bezeroarentzako arreta zerbitzuetan lan egiten duten langileen hizkuntza trebakuntza.
- 123/2008 Dekretuak ezarritako betebeharren planaren diseinua, inplementazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|