Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Elhuyar Fundazioak on line jarri ditu bere hizkuntza-zerbitzuak

Rakel Lopez - Elhuyar Fundazioa / Internet / 2008-07-17 / 08:30


Elhuyar Fundazioak bere hizkuntza-baliabide guztiak Internet erabiltzaileen esku jarriko dituen webgune berria aurkeztu du. Etengabe berrituz eta zerbitzu berriak integratuz joango den ataria izango da.



Elhuyar Fundazioak hizkuntza-baliabideak eta tresnak on line jarri ditu www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak webgunean. Atzo aurkeztu zen webgune berri horren bidez, hizkuntzalariek, irakasleek, teknikariek eta, oro har, gizarteak Internet bidez ikusgai izango dute Elhuyar Fundazioak hizkuntza-zerbitzuen arloan lantzen dituen proiektu, zerbitzu eta produktuak.

Elhuyarrek eskaintzen dituen zenbait zerbitzu eskuratu ahal izango ditu erabiltzaileak Internet bidez, besteak beste, hauek: hiztegi-kontsulta eleaniztuna, hiztegien plugin-ak deskargatu, telefono mugikorrerako euskara-gaztelaniazko hiztegi murriztua eskuratu, hizkuntza-kontsultak egin... Erabiltzaileek parte hartzeko modua ere izango dute, Hizkuntza Zerbitzuen blog-aren bitartez.

Josu Aztiria Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduradunak adierazi duenez, helburua da hizkuntzalari profesionalentzat zein gizartearentzat, oro har, webgune bakar batean biltzea Elhuyarrek eskaintzen dituen hizkuntza-baliabideak eta –tresnak. Baliabide eta tresna horiek, gainera, Elhuyarren hogeita hamasei urteko ibilbide profesionalaren fruitu dira, bai eta hogeita hamabost lagunek osatzen duten lantaldearen lanaren isla ere.

Elhuyar Fundazioko I+G+B sailean egiten diren ikerketek ere leku berezia izango dute webgunean. Martxan jarritako ikerketa-ildo eta proiektuen informazioa emango du webguneak, eta argitaratutako artikulu guztiak kontsultagai jarri dira. Horrez gain, ikerketa-proiektuen emaitza diren baliabide eta tresnetara sarbide zuzena egongo da atari honetan:

Laster, gainera, lexiko- eta terminologia-erauzketarako web zerbitzu bat jarriko da martxan: ItzulTerm.

Azkenik, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak aurreratu duenez, Elhuyar Fundazioaren webgune korporatibo berri bat jarriko du Elhuyarrek urte honetan bertan, eta, han, Elhuyar Fundazioaren beste ardatza den Zientziaren Komunikazioaren jarduna ere sareratuko da. Horixe baita, hizkuntzaren normalizazioaz gain, Elhuyar Fundazioaren xedea.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diruz lagundu du, eta webgunean eskaintzen diren hainbat baliabide eta tresnak ere diruz lagundu izan ditu.


(RAKEL LOPEZ VIÑA Elhuyar Fundazioko marketin saileko arduraduna da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1216276326