|
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza orokorren balorazioa egin du. Euskal Herrian euskararen normalizazioaren erritmoa onartezina dela azaldu dute.
Baieztapen hori frogatzeko datuen proiekzioa azaldu dute Kontseiluko ordezkariek: "Iparraldean hizkuntza galbidean dago, Nafarroan erritmo honetan 834 urte beharko ditugu eta EAEn 175 urte".
EAEko datuen azterketa
Euskal Autonomi Erkidegoko datuen azterketa ere azaldu dute Kontseiluko ordezkariek. Hizkuntzaren gaitasunaren datuei erreparatuz kezkatuta agertu dira: "hamabost urteko epean lortu ahal izan den aurrerakuntzaren proiekzioa etorkizunera egiten badugu ohartuko gara erritmo onartezina dela euskararen normalizazioa nahi badugu".
Halaber, herrialdeen artean oso desoreka handiak daudela salatu dute. "Beste gauza batzuen artean, toki-administrazioak oso politika desberdinak aplikatzen dituelako gertatzen dira desorekak", azaldu dute. Erritmo motelari eta desorekei aurre egiteko Kontseiluko bozeramaileek euskalduntzea lortzen duten ereduak hedatu behar direla argudiatu dute: "Epe onargarri batean belaunaldi berriak osorik euskalduntzea lortuko duen sistemarako oinarriak jarri behar dira".
Bestetik, kezka agertu dute EAEko elebidun hartzaileek ez dutelako interes berezirik euskara sustatzen, multzo bereko herritarrek Nafarroan eta Iparraldean interes handia duten bitartean. "Hauen gaitasun arazoak batetik eta interes faltak bestetik erabileran eragiten dute".
| EAE | 15 urtez 6 puntu baino ez dira irabazi. Erritmo honetan euskararen ezagutza unibertsala izateko 175 urte beharko dira. | Erdal elebidunek EAEn bakarrik adierazten duten motibazio falta hizkuntza-politika desegoki baten fruitua da. | | NAFARROA | 15 urtean %1,6ko hazkundea besterik ez da izan. Euskararen ezagutza unibertsala izateko 834 urte beharko ditugu. | Izugarrizko desberdintasunak daude legeak ezartzen dituen zonaldeen artean. (Eremu euskaldunean % 60,1 elebidun da, mistoan % 8,3 eta ez euskaldunean % 1,9) | | IPARRALDEA | Euskararen egoera oso larria da. | Elebidun gehienak adinekoak dira. Euskaldunen bi heren 30 urteko epean galduko ditugu. |
Ondorio orokorra
- Urte hauetan guztietan, herri-mugimenduak egin duen lan eskerga ongi islatzen da datuotan. Ezagutzari dagokionez, Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen lanez eta Hezkuntza Sistemaren bitartez azken 15 urteotan lortutakoa oso agerikoa da.
- Erabilerari buruz zabaltzen den mezua guztiz okerra dela adierazten dute datuok. Izan ere, aukerak dituenean euskaldunak oso kopuru altuetan erabiltzen du euskara. Aukera faltan dago arazoa eta aukera horiek ez baditugu, hizkuntza politikaren desegokitasunaren adierazlea da.
- Euskararen normalizazioa azkartu behar da eta horretarako honako neurri hauek hartu beharko lirateke:
- Euskararen estatusa erdarak duenarekin berdindu behar da.
- Euskaldunon hizkuntza-eskubideak babestuko dituen corpus juridikoa osatu behar da.
- Hizkuntza-politika eraginkorra abiatu behar da.
- Hezkuntza-sistemak belaunaldi berriak osorik euskaldundu behar ditu. Goi mailako ikasketen eskaintza euskaldundu behar da.
- Administrazioa eta bere zerbitzuak euskaldundu behar dira. Euskaldunak kontratatzea, euskarazko zirkuituak sortzea eta euskalduntzeko epeak zehaztea dira jorratu beharreko bideak.
- Alor sozioekonomikoa euskalduntzeko bide eraginkorrak jarri behar dira.
- Berdin gizarteko beste alor batzuk ere: aisia, kirola, hedabideak, kultura, oro har...
- Diru-baliabideak, administratiboak eta giza baliabideak nabarmen handitu behar dira.
- Helduen euskalduntzeari izaera estrategikoa aitortu behar zaio
Neurri horiek hartuz gero, euskararen normalizazioak dagokion erritmoa hartuko du. Zeregin horretan sor litezkeen zailtasunak gainditzeko, Kontseilua elkarlanerako prest agertu da.
Metodologia aztergai
Horretaz gain, erabilitako metodoa ere aztertuko duela iragarri dute Kontseiluko ordezkariek: "Zalantzak ditugu egindako lanaren inguruan", azaldu dute. Kontseilua izen handiko soziologoekin arituko da inkestaren metodologia aztertzeko. "Inkesta soziolinguistikoaren datuak zuzenak izatea garrantzitsua da hizkuntzaren normalizazioan eman behar diren pausoak definitzeko", adierazi du Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek.
(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|