![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Itxaso Ferreras - Kontseilua / Herri-administrazioa / 2008-07-04 / 08:15
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kaleratu berri den IV. Inkesta Soziolinguistikoaren Nafarroako emaitzak aztertu ditu. Datuen arabera, 15 urtez % 1,6ko hazkundea baino ez dugu izan. "Hamabost urteotan lortu ahal izan den proiekzioa etorkizunera egiten badugu ohartuko gara erritmoa onartezina dela euskararen normalizazioa nahi badugu, 835 urte beharko baikenituzke ezagutza unibertsalera iristeko", azaldu du Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek.
Inkestak argi utzi ditu zonaldeen arteko desorekak. Izugarrizko desberdintasunak daude legeak ezartzen dituen zonaldeen artean. "Bertan ikus daiteke Vascuencearen legearen zonifikazioaren eragin kaltegarria elebidunen banaketan, izan ere, denbora aurrera joan ahala gero eta handiagoak dira zonaldeen arteko desberdintasunak", azpimarratu dute Kontseiluko ordezkariek.
Zonifikazioak sortu duen desorekari aurre egiteko bidea legea aldatzea dela azaldu dute, hots, euskarari gaztelaniak duen estatus berbera eman behar zaio herrialde osoan. "Vascuencearen legeak indarrean egon den hogei urte hauetan Nafarroa erabat zatitu du linguistikoki", aditzera eman dute.
Bestetik, hizkuntzaren transmisioaren datuen arabera, oso kontuan hartzeko datua da bi gurasoak euskaldunak izanik lortzen den transmisio maila handia. Horrek agerian uzten du belaunaldi berriei, beren osoan, kalitatezko euskara eskaintzearen beharra, etorkizuneko gurasoak izango baitira. Halaber, datuotan islatzen da urte hauetan guztietan, herri mugimenduak egin duen lan eskerga. Ezagutzari dagokionez, Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen lanez eta Hezkuntza Sistemaren bitartez azken 15 urteotan lortutakoa oso agerikoa da.
Euskara irabazi dutenen artean % 72a, hau da, hiru laurdenak, eremu mistoan bizi dira. "Adierazgarria da, izan ere, bertan aukera dago ikasteko, ez ordea, eremu ez euskaldunean. Hortaz, hori ere legearen ondorioa da".
Erabilerari dagokionez, Kontseiluko ordezkariak ez dira harritu erabileraren ez handitzearekin, izan ere, ezagutza handitu ezean ezin baita erabilera handitu. "Aukerak dituenean euskaldunak oso kopuru altuetan erabiltzen du euskara, aukera faltan dago arazoa".
Euskararen normalizazioan atzera ez egiteko euskalduntzea lortzen duten ereduak Hezkuntza Sistema osora hedatu behar direla aldarrikatu dute. "Epe onargarri batean belaunaldi berriak osorik euskalduntzea lortuko duen sistemarako oinarriak jarri behar dira, arreta berezia jarriz irakasle eta bestelako langileen euskalduntzeari".
Gaur egungo egoera eta eboluzio historikoa kontuan hartuta hizkuntzaren egoera tamalgarria dela gogorarazi dute euskalgintzako kideek. "Ez dugu aurrera egiten eta ez dugu aurrera egingo neurriak hartzen ez badira, orain da jauzia emateko momentua". Horretarako, hizkuntza-politika eraginkorra eraikitzeko hainbat neurri zehatz azaldu dituzte:
Kontseiluak IV. Inkesta Sozioloinguistikoaren Nafarroako datuak aztertuz osatu duen txostena osorik irakur dezakezue ondorengo dokumentuan:
(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)
Gai honi lotutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |