Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Literatuta Terminoen Hiztegia plazaratu du Euskaltzaindiak

Literatuta Terminoen Hiztegia plazaratu du Euskaltzaindiak

2008-06-24 / 07:00 / Euskaltzaindia   KULTURA

Euskaltzaindiak Literatura Terminoen Hiztegia aurkeztu du. Liburua, Akademiaren Hiztegiak bildumaren zenbaki berria, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak egin du eta BBK-ren laguntzaz argitaratu da.

Literatura Terminoen Hiztegia euskal literaturako terminoen hiztegiaren lehen edizioa eta saioa da. Bere xede nagusia, berriz, honakoa: Literaturaren teoria, historia, eta kritikaren berri emateko euskaraz garatu den lexikoa agertzea, finkatzea eta azalpen testuetan erabiltzea.

Zer da eta zertarako

Euskal literaturaren ikasketa komunitateari eginiko proposamena eta eskaintza da Literatura Terminoen Hiztegia, jakinik literaturari buruzko diskurtsoaren eraikuntzan lexiko berezitua finkatzeak garrantzia handia duela, euskal ikasketen testuinguruan aurrerantz egiteko.

Jarraian aipatutakoak dira hiztegiaren xede eta helburuak:

  1. Literaturaren teoria, historia eta kritikaren berri emateko euskaraz garatu den lexikoa agertzea, finkatzea eta azalpen testuetan erabiltzea izan da hiztegi honen xede nagusia.
  2. Beste edozein literatura terminoen hiztegiren edukia euskaraz emateaz gain, euskal literaturari atxikiriko azalpenak, adibideak eta ereduak eskaintzea.
  3. Hala berean, ahalegin berezia egin da literaturari buruzko ikaskuntzen garapenaren berri eguneratua emateko, hala nazioarte mailakoa, nola euskal esparrukoa.
  4. Xede informatibo eta didaktiko horiek lehenetsita, Literatura Ikerketa Batzordeak ez du nahitaez ekarpen teoriko, historiko edo kritiko berriak egiteko helbururik hartu, horrelakoak beste argitalpen mota bati dagozkiolako. Halaz ere, artez edo moldez, bada ekarpen berritasun aipagarririk eta ikerketa lanik ere zenbait hiztegi sarreren egileek eginiko azalpenetan.

Erabiltzaileak

  • Literatura irakasleak eta ikasleak: hala Unibertsitatekoak, nola Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak eta Batxilergokoak.
  • Testu liburuen egileak, erredaktoreak eta itzultzaileak.
  • Komunikabideetan euskal literaturaren berri ematen duten kazetariak, hizkuntza zuzentzaileak: hala ikus-entzunezkoak nola idatzizkoak.
  • Literatura zaleak: Literaturaren historia, teoria edota kritikaz interesatzen direnak.

Hartzaile horiei begira egituratu da liburua.

  • Literaturaren teoria, historia eta kritikaz eta bereziki euskal literaturaz, informazio sintesia eskaintzen da, ahalik eta modu adigarrienean. Horrenbestez, terminoez emandako azalpenek helburu deskriptiboa dute gehienbat, baina termino batzuk besteen aldean hobesten ditu.
  • Literaturari buruzko diskurtsoa garatzeko proposamen lexiko bat egiten da eta hiztegian zehar hedatu den azalpen testuan erabili da lexiko hori, euskal ikerketetan itsatsi eta hedatzeko xedea baitu.
  • Halere, literaturako terminoen hiztegiaren lehen edizioa eta saioa izanik, begi bistakoa da zuzenketak eta iradokizunak etorriko direla, hutsuneak betetzera eta okerrak zuzentzera.

Liburuaren osaketa

  • Egitura
    • Eskaintza Juan Mari Lekuonari. Jean Haritschelharrek.
    • Literatura Ikerketa Batzordearen lanaren berri zehatza. Juan Mari Lekuona eta Lourdes Otaegi.
    • Argibideak. Azalpen teknikoak hiztegiaren xede eta helburuei buruz, egitura eta edukiei buruz, eginiko hautu lexiko eta estandarizazioari buruz.
    • Hiztegi sarreren multzoa (A-Z).
    • Informazio osagarriak : bibliografía orokorra eta hiztegi sarreren hiru hizkuntzetako baliokidetzak gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
  • Edukia

    Hiztegi honetan esan bezala, literatura termino multzo baten edukia azaldu eta deskribatzen da halako egitura orokor eta malgu baten arabera:

    • Lehenik, definizio saio bat eskaintzen da eta hitzaren jatorriari buruzko aipamena, etimologiarekin batera kasu gehienetan, zenbaitetan termino aski ezohikoen adiera gogoan hartzen lagun dezakeelakoan.
    • Bigarren atalean, hedapen bat eskaintzen da; hitzaren jatorri eta bilakaera historikoari buruzko azalpenak, edo definizioa osatzera datozen beste zenbait xehetasun, ezaugarri, sailkapen edo azalpen eskaintzen dira.
    • Hitzak dituen adierak ere gogoan hartzen dira, garai historikoei nahiz gaurko garaiari erreparatuz eta irizpide kronologikoari atxikirik.
    • Hirugarren atalean, euskal literaturan terminoak izaniko erabilera eta garapena agertzen da, eta, atal horren buruan, sarritan, ahal izan den guztietan, euskal literaturatik hautaturiko adibide edo pasarteak ezarri dira.

      ADIBIDEA: Billanziko, hagiografia, kaligrama

Nolako lexikoa da, arrunta, kultua, teknikoa?

  • Hiztegi honen lehen xedea kontsulta tresna izatea da, modu orokorrean eta lexiko baliabideak eskaintzea ikasle-irakasleei, komunikabideei eta arlo honetan lanean diharduten guztiei.

    Horregatik,

    • Hezkuntza mailako ez unibertsitarioetan erabiltzen den literatura hizkera teknikoari dagozkionak: esaterako, metrika kontzeptuak, figura erretorikoak, genero eta azpigeneroen ezaugarriak. Esate baterako, iruzkin kritikoan erabiltzen diren kontzeptuak: egilea, kontalaria, denbora, estiloak...
    • Euskal ondare literarioa aintzakotzat hartzen duen lexikoa: tobera mustra, kantu, almanaka, pastoral, maskarada, billantziko...
    • Mendebaldeko kultura mailako ezagupen teorikoei, historikoei eta estetikoei dagozkienak, hala nola, historia literarioari dagokion terminologia.
    • Gisa berean, literatura ikerketen arloko adituek erabiltzen dituzten bestelako termino espezializatuak eta teknizismoak ere jaso eta argitzen dira hiztegi honetan. Esate baterako anagnorisi edo katarsis antzertiaren azterketan; istorioa edo diskurtsoa narratibaren atzerketan edota olerkiaren arloan coupling edota palindromo edota akrostiko.
    • Nazioarteko komunitate zientifikoan ezagun diren proposamen teorikoen berri ere jaso da, hala nola, aspektu edota modu kontzeptuak Tz. Todorov-en terminologian.

    Hitz gutxitan esanda, gure esparru kulturalean beharrezkoak izateko aukera gehien zuten hitzak azaltzeari eta informazioaren baliagarritasunari nahiz argitasunari eman zaio lehentasuna. Lexiko hautapen horren ondorioz, literatura terminoen artean 610 hiztegi sarrera jaso dira guztira ale honetan, eta egokitu zaien garrantziaren araberako luzetasuna eman.

    Zehazki azalduta, hiztegi honetako testu sarreren artean zenbait kategoria nagusi bereiz daitezke:

    • 1.- Literaturaren teoriari, historiari eta kritikari dagozkion kontzeptu eta jakintza arlo orokorrak nahiz konkretuak: Estetika, Erretorika, Metrika, Estilistika, Narratologia...
    • 2.- Erretorika eta metrika arloko termino teknikoak: anafora, metonimia, paralipsi, perifrasi, janbo, estrofa, sinalefa, eten, eten txiki, bertso lerro, neurtitz...
    • 3.- Molde metriko jakinak: soneto, lira, balada, alexandrino, kopla...
    • 4.- Literatur generoak eta azpigeneroak: narratiboak (epopeia, eleberria, elezaharra, saga, ipuina, chanson de geste, alegia, erromantze, balada), lirikoak (gorazarre, oda, elegia, kantu, eztei kantu, eresi, erosta, maite kantu, Eguberri kantu, egloga, tobera, kopla zahar…), dramatikoak (tragedia, komedia, tragikomedia, drama, fartsa, entremes, sainete, zartzuela, opera, opereta, opera bufoa...) nahiz didaktikoak (historia, elkarrizketa, satira, saiakera, kazetaritza, artikulua, biografia, autobiografia...).
    • 5.- Teknizismoak: beste arte eta giza zientzietatik jasoriko terminoak (leitmotiv, pastiche, kitsch, patchwork, serenata, umore) nahiz teoria kritiko jakinek sorturikoak (bidaltzaile, aktante, narratologia, narratario, sema, polarizazio, coupling, transtestualitate, paratestu).
    • 6.- Aldi literario, belaunaldi, talde edo eskola jakinak: Mester de Clerecía, Mester de Juglaría, Errenazimentu, Olerkariak, Oulipo, Euskal Pizkundea...
    • 7.- Mugimenduak eta abangoardiak: Errealismo, Naturalismo, Modernismo, Espresionismo, Nouveau Roman, Nihilismo...
    • 8.- Korronte kritiko nagusiak: New Criticism, Nouvelle Critique, Estrukturalismo, Errusiar Formalismo, Harreraren Estetika...
    • 9.- Termino soiltzat hartzen diren izen sintagma ihartuak: in medias res, deus ex machina, cadavre exquis, mise en abyme, stream-of-consciousness...
    • 10.- Literatura sortzaileak, eragileak eta pertsonaiak: bertsolari, juglare, ditxolari, antzerkigile, eleberrigile, poeta, olerkari, pastoralgile, errejenta, idazle, süjeta, türka, khiristi, barregile, arlekin, heroi...
    • 11.- Literaturarekin edo literatura mota jakin batekin zerikusia duten elementu materialak (edizio, kazeta, egunkari, bertsopaper, antzoki, agertoki...) eta abstraktuak (anagnorisi, hamartia, decorum, sinesgarritasun...)

    Jakina, kategoria edo esparruen araberako sailkapen hori ez daiteke erabatekoa izan, berez, hamaika ataleko sailkapen honetan sar ez litezkeen bestelako hiztegi sarrerak ere badira-eta, hala nola, inspirazio edo palindromo. Horregatik, azalpen orokor moduan, esan daiteke literatur diskurtsoa eratzen duten arlo, maila eta esparru bateko eta besteko hitzen zerrenda dela hiztegi hau, eta ordena alfabetikoan eratzen dituela osagai horiek.

  • Iturriak
    • XX. mendeko azken herenean garaturiko euskarazko ikaskuntza unibertsitarioek oinkatu dute, urratsez urrats, alor hori, eta euskal literaturaren sistema azaldu eta ikertzeko nahiz nonahiko literaturari buruzko ikerlanak egiteko trebatzen saiatu dira gure hizkuntza.
    • Lehen poetika saioak idatzi zirenetik (Oihenart, Mikoleta, Larramendi...) gure garaiotara arte, izan ditu euskal literaturak langile nekaezinak, baina ez ugariak, egia esatera.
    • Euskarazko lexikoa bildu eta sortu duten hiztegigileez gain, XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako ikertzaile eta sortzaileek eman zioten bultzada lexiko sortze prozesu horri: Azkue, Arana Goiri, Lopez Mendizabal, Lande...
    • 1968z geroztiko euskararen normalizazio prozesuaren eraginez egin dira ahaleginik handienak azken hamarkadetan lexiko hori erabiltzeko eta arautzeko, hezkuntza arloko premiei erantzun beharrez, bereziki literatura zientzien esparruan garaturiko kontzeptuak eta teoriak euskaraz emateko, hala erretorika tradizionalekoak nola egungo teorizazioen ingurukoak.
    • Hiztegi hau ahalegin horien ildoan emaniko urratsa da. Nolanahi ere, honako hau euskal literaturako terminoen hiztegiaren lehen edizioa eta saioa izanda, esan beharrik ere ez dago erabiltzaileen iradokizunak etorriko direla Batzordeak hasiriko lana osatzera, hutsuneak betetzera eta are okerrak zuzentzera. Horren harira, euskal literaturaren berri eman nahi duen hiztegi baten hastapen lerroetan bidezko izango da, noski, Etxepareren aipamena eginez ekitea gure arloari: Debile principium melior fortuna sequatur.

    Literaturako Terminoen Hiztegiaren edukiari dagokionez, gogoratu behar da honako hau ez dela literaturari buruzko entziklopedia edo tratatua. Horregatik ez da informazio zabalik eskaintzen idazlanei, egileei edota garai historikoei buruz. Ezagunenen datu xumeak soilik erantsi dira, eta, idazlanak aipatzerakoan, lehentasuna eman zaio jatorrizko hizkuntzan adierazteari eta argitaratze datari, eta ondoren euskarazko itzulpenik egin bada itzultzailearen izenarekin eta argitaratze urtearekin batera eman da, zehaztapen osoz, informazioa bildu ahal izan den neurrian.

  • Lexikogintza hautuak

    Literaturaren arloko lexikogintzari dagokionez, aintzakotzat hartu beharrekoa da Europako tradizio kultistak erro grekolatindar sakonak dituela, eta are gehiago terminologia tekniko eta zientifikoan. Horregatik, gure kultur esparruko hizkuntza nagusietan erabiltzen den lexikotik gehiegi urrunduko gintuzkeen joera garbizaletik edo zokokerietatik aldendu gara, eta erkide dugun esparru kulturalean baliagarri eta identifikatzen erraz izango zaigun lexikoa garatzea eta finkatzea izan da hiztegi honen egileen xedea. Halere, ezagutzen den eta erabiltzen den neurrian, euskal lerroko lexikoari ere ahal bezain sarrera zabala eman zaio hiztegian, geure literatura hiztegiaren ondareari dagokion lehentasunezko tokia eskainiz.

    Nolanahi ere, ez da zertan ukatu, literatur termino horietako asko eta asko maileguak dira. Dagoeneko fonetikoki egokituak daude horietako anitz eta hizkera estandarrean sartu dira, hala nola, grekotik heldu diren metonimia, alegoria, paralelismo, litote, metatesi, metalepsi, sinbolo, akrostiko, anagrama; latinetik heldu diren aliterazio, fabula, diskurtso; frantsesetiko klixe, xaribari, ballet; edo italieratiko kazeta, arlekin, opera bufo eta beste hainbat termino.

    Baina zenbait terminoren kasuan euskal egokitzapenik ez egitea hobetsi da, teknizismotzat jotzen direnez; hala, latinetik heldu diren erretorika terminoak bere horretan eman dira, letra etzanez adierazirik: deus ex machina, in medias res, inventio, dispositio, elocutio, actio, memoria, amplificatio, comminatio, gradatio, dubitatio, decorum, exemplum, incipit, inversio, praeteritio, praetermisio; gisa berean jokatu da beste zenbait hitzen kasuan ere: frantsesezko vaudeville, pastiche, collage, mise en abyme, laisse, cadavre exquis, calembour, chanson de geste, faux-timbre, graffiti, lazzi, alemanezko kitsch, weltanschauung, leitmotiv, ingelesezko patchwork, stream-of-consciousness edo italieratiko Commedia dell’Arte, libretto...

    Mailegatua den lexikoari dagokionez, beraz, euskarara egokitutakoak eta egokitu gabeko maileguak daude hiztegian, hitzaren espezializazio mailak eta nazioarteko erabilerak nahiz euskal testuetakoak hala eskatzen dutelakoan.

    Euskal jatorriko terminoen artean, batuaren araberako morfologia hartu da irizpidetzat. Hitzaren morfologiari buruzko erabakia argia izan bada ere, edukiari buruzkoa izan da gehientsuenik landu beharreko ataletako bat; izan ere, euskaraz moldatzen joan den lexiko espezializatua jatorriz aski termino zehaztugabeetan oinarritu baita, hala nola puntu, oin, bertso, eten..., eta lexiko horren ondoko azalpenak adieraren zehaztasun mailaren lekuko dira sarritan. Beste kasu batzuetan, hitzek erabilera ezberdina dute euskalkiaren arabera edota testuinguruaren arabera, eta mataza askatzea izan da emandako azalpenen helburua, hala nola, süjeta, asto-laster, tobera... hitzen deskripzioan. Kasu horietan, lagungarri gertatu da gure hiztegia prestatu bitartean argitaraturiko Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegia, termino horien erabileren berri zehatza eskaini duelako, zenbaitetan uste okerren argigarri, eta bestetan informazio iturri interesgarri. Azkenik, euskal erroko lexikoaren azalpenak izan dituen zailtasun horien lekuko gisa aipa daitezke oso erabilera semantiko murritzeko termino jakinak: türka, khiristi, errejenta, lehen pheredikü, azken pheredikü... Euskara batura aldaturik zentzu handirik ez luketelakoan, euskalkian eta letra etzanez adieraztea hobetsi da.

Hiztegi-sarreren egileen izenak

Literatura Ikerketa Batzordeak elkarlanean egin duen lanaren emaitza da esku artean duzuen hiztegia. Hogei egile:

  • [ A.T. ] Ana Toledo
  • [ A.A. ] Aurelia Arkotxa
  • [ G.A. ] Gorka Aulestia
  • [ I.R. ] Iratxe Retolaza
  • [ J.H. ] Jean Haritschelhar
  • [ J.K.I. ] Joan Krutz Igerabide
  • [ J.M.L. ] Joan Mari Lekuona
  • [ J.C. ] Jon Casenave
  • [ J.K. ] Jon Kortazar
  • [ K.O. ] Karlos Otegi
  • [ L.O. ] Lourdes Otaegi
  • [ L.M.M. ] Luis Mari Mujika
  • [ M.J.O. ] Maria Jose Olaziregi
  • [ P.U. ] Patri Urkizu
  • [ P.A. ] Patxi Altuna
  • [ P.S. ] Patxi Salaberri Munoa
  • [ P.E. ] Pello Esnal
  • [ Tx.P. ] Txomin Peillen
  • [ U. A. ] Ur Apalategi
  • [ X.A. ] Xabier Altzibar

Horietako 18 LIB batzordeko kideak dira. Bestalde, Pello Esnal (Herri Literaturaren Batzordekoa) eta Patxi Altuna euskaltzain osoak dira eta Leioako Metrika Jardunaldietan haiek eginiko ekarpenak integratzen ditu.

LITERATURA IKERKETA BATZORDEAK lantaldean egin du hiztegi hau Juan Mari Lekuonak eta Lourdes Otaegik sarreran agertzen duten prozedura jarraituz. Azken urratsetan Hiztegi Batuaren Batzordearen irizpena eta aholkua jaso du, irizpide lexikoak finkatzerakoan.

Batzordekideok kemenez, ilusioz eta elkarren laguntzaz eginiko ahalegin borondatetsuaren fruitu da liburu hau, eta esker ona erakutsi nahi diegu parte hartu duten batzordekideei, euren ahaleginak eskaini dituztelako taldean eginiko proiektu honi laguntzeko. Ez da dudarik lan honek guztiak merezi izan duela pentsatuko dugula denok ere, datozen orrialdeok euskal literaturaren ikerketaren mesedetan eta euskal ikasketen zerbitzurako gerta balitez.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com