Egin klik hemen INPRIMATZEKO


"Berdintasunaren izenean diskriminazioa"

Itxaso Ferreras - Kontseilua / Herri-administrazioa / 2008-06-18 / 08:51


"Berrit ere berdintasunaren izenean, hizkuntza gutxiagotuen aurka egiten du frantses instituzio batek, eskubide kolektiboen eta gutxiengoen aitorpenaren beharra agerian utziz". Horiek dira Behatokiak egindako adierazpenak, Frantses Akademiak egindako adierazpenaren ondotik.



2008-6-12an aho batez onartutako adierazpenean, Frantses Hizkuntzaren Akademiak maiatzaren 22an diputatuek hartutako erabakia, Frantziako Konstituzioan hizkuntza gutxituei aipamena egitearen aldekoa, gaitzetsi egin du. "Bost mendez frantsesak frantziar nortasuna ondu du, eta ondorioa argi ikusten da Konstituzioko bigarren artikuluan: frantsesa da Frantziako hizkuntza bakarra", dio, besteak beste, Akademiaren adierazpenak.

Adierazpen horren aurrean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gogoratu du, urtetan, berdintasunaren aitzakiarekin, gure hizkuntzen kontra egin dutela. Izan ere, Behatokiak Iparraldean euskararen egoera tamalgarria dela ohartarazi du: "Urteetan euskaldunoi etengabeko trabak ezarri zaizkigu 'identitate nazionala'ren izenean".

Bestalde, gogora ekarri dituzte, 2008ko maiatzaren 19an NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak Frantziako Estatuari Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna betetzearen inguruan eginiko gomendio berriak: Frantziako Estatuak ez dituela Nazio Batuetan onartutako gutxienekoak errespetatzen. Izan ere, NBEko Batzordeak berresten du "berdintasun" printzipioa eta bereizkeria eragiteko debekua ez dela beti egokia giza eskubideen berme eraginkorra segurtatzeko. Hartara, gomendioa egiten dio Frantziako Konstituzioak gutxiengoen inguruan duen jarrera berrikusteko, eta ofizialki onar dezatela gutxiengoen taldeak edota kultura-aniztasuna bermatzeko beharra.

Gomendioen artean, Konstituzioan gutxiengoen edo eskualdeko hizkuntzen aitortza formal ezari dagokionez, Estatuaren jarrera berrikus dezala eskatu dio Nazio Batuetako Batzordeak, hau da, ezinbestekoa dela gure hizkuntzen aitortza ofiziala .

Konstituzioaren aldaketak eragin eskasa

Bestalde, gogora ekarri du Behatokiak, Konstituzioaren 1. artikuluaren moldaketak ez duela eragin handirik ukanen. Izan ere, 2. artikulua indarrean gelditzen den neurrian, frantsesak segituko du frantses Errepublikaren legezko hizkuntza bakarra izaten. "Euskara eta Frantziako lurraldean diren beste hizkuntza gutituek frantsesak duen estatutu bera behar dute, eta gutxieneko egoeratik ateratzeko estatutu egokia behar du, hots, berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izendatu behar du".

Bukatzeko, euskara normalizatzea eskubidezkoa dela ohartarazi du Behatokiak, eta horretarako Konstituzioari egin nahi zaion aldaketatik harago joan behar da euskararen estatusa frantsesak duenarekin berdinduz. "Estatus egokiaz harago, babes juridikoa ere behar da eta normalizaziora eramango gaituen hizkuntza-politika eraginkorra".


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1213771911