Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Mingainak dantzan Getxoko kaleetan

Mingainak dantzan Getxoko kaleetan

2008-06-18 / 08:50 / Joxe Rojas   BESTELAKOAK

Arrasate, Arratia, Arrigorriaga, Barakaldo, Bergara, Derio, Deustua, Eibar, Elgoibar, Ermua, Galdakao, Gasteiz, Gernika, Getxo, Indautxu, Mahatserria, Urduņa... Euskal Herriko txoko guztietako mintzalagunak hurbildu ziren joan den larunbatean (2008-6-14) Getxora, Mintza Egunaren hirugarren edizioa ospatzera.

Jaia antolatzen jo eta ke aritu ziren Egizu elkarteko kideak eguna zapuztu ahal zuten bi faktoreren beldur izan ziren aste osoan: garraio greba, eta eguraldia (azken urteotako uholderik handienak bizi izan ditu Getxok azken bi asteburuotan). Zorionez, eguraldi itzela izan zen egun osoan, eta garraioarekin ere ez zen arazo handirik egon.

Ezusteak, hala ere, bestelakoak izan ziren: Egizuko lagunek Euskal Herri osotik hurbildu ziren 230 lagunei ongi-etorria emateko Portu Zaharrean prestatutako hamaiketakoaren ostean -goiz osoa eman zuten berbalagunek tortillak eta bestelako pintxoak ere eurek prestatzen-, herria eta haren historia ezagutzeko bisita gidatua hasi behar zen, Xabi Paiaren eskutik. Paia, hala ere, gaixorik dabil egunotan, eta haren ordez Algortako berbalaguna den Josu Larraņagak gidatu zuen ibilbidea, ederto gidatu ere.

Ibilaldia hasi aurretik, txalapartariek egin zuten jendea hurbiltzeko deia, eta Algortako Bertso Eskolako Inaxio, Imanol eta Peio bertsolari gazteek egin zieten hitzezko ongi etorria bertaratutako lagunei, ondoren ibilalditxoa hasteko. Lehenengo geldiunea hamaiketakoa egindako lekutik oso gertu izan zen, Etxetxu delakoaren parean. Larraņagak azaldu zuenez, portu zaharraren gaine-gainean dagoen etxetxoa garai bateko udaletxea izandakoa da. Hamaika kontu ekarri zituen gogora, gainera: antzinako kofradiaren berri, arrantzaleak eta kofradia, portu zaharreko jaiek duten ospea, kalimotxo hitza bertan sortu zeneko istorioa, Un poco de chocolate filmaren gorabeherak...

Jarraian, eta eguzki galdatan denbora guztian, Usategi parkera hurbildu ziren berbalagunak: berez gotorlekua izateko eraiki zela, bertatik defendatzen zela Bilboko itsasadarraren sarrera, eta koloretako banderak erabiltzen zirela bertan pasatzen zenaren berri Deusturaino helarazteko...

Gero Getxo Antzokiko plazan bildu ziren denak, eta bertan oso kalejira berezia hasi zen: hasi trikitixaren soinuekin hasi zen, baina, halako batean, trikia batukada talde bateko soinuekin nahasten hasi zen, eta horrelaxe joan zen taldea Algortan gora eta behera, euskal musika (eta dantzak!) batukadaren erritmoekin nahasten. Kalejira benetan ikusgarria izan zen, eta kalean zebiltzan guztien jakin-mina piztu zuen. Musikak, eguraldiak eta azterketak bukatu berri dituztenen jairako gogoak giroa pizten joan ziren konturatu gabe.

Konturatu orduko, ordu bi eta erdiak iritsi ziren, bazkaltzeko ordua. Algortatik Erromora metroz joan ostean, Getxoko Udalak Santa Eugenia plazan jarritako karpa erraldoian bildu ziren mintzalagunak, bapo bazkaltzeko: paella, entsalada, oilaskoa, patata frijituak... postrearen orduan, Getxoko Berbalagun arduradunak, Ander Egiluzek, arreta apur bat eskatu zuen.

Lehenengo eta behin, eskerrak eman zizkien Anderrek Mintza Eguna antolatzen ibilitako guztiei: Egizuko lagunei, Topaguneari, bereziki Oskar Zapata Mintzapraktika arduradunari, Udalari eta, nola ez, bertaratu ziren guztiei. Banan-banan aipatu zituen Anderrek Getxora hurbildutako talde guztiak, Austriatik eta Argentinatik etorritako lagun bakan batzuk ere barne, txalo zaparrada itzelak eraginez.

Omenaldia

Jarraian, iaz Donostian hasitako ohiturari jarraiki, omenaldi txiki bat egin zitzaien mintzapraktika egitasmoetan ibilitako hainbat laguni:

  • Juan Luis Zabala Mallabi arrasatearra, bidelari izatetik bidelagun izatera pasatu delako, hots: euskarazko jarioa hobetzeko laguntza jasotzetik, ematera.
  • Rosa Ramos, Iruņerriko euskara teknikaria, urtetan bertako mintzakide egitasmoa aurrera ateratzen laguntzen jo eta ke ibili ostean, datorren irailetik aurrera ezin izango duelako jarraitu.
  • Joseba Basterra, Mahatserrikoa, bertako mintzapraktika egitasmoko aitzindaria delako.
  • Dabid Cascan, Barakaldokoa; bere herrian, Santutxun, Sestaon eta Getxon bidelari ibili ostean, euskararekin maitemindu eta mintzapraktika talde baten ardura hartzeko urratsa eman duelako aurten.
  • Lexuri Sanpedro. Aixerrota institutuko ikaslea 16 urterekin hasi zen iaz, eta berbalagunik gazteena da.
  • Juan Miguel Artabe, Juan Felix Oleaga, Jesus Garcia, Jose Ramon Onaindia, Luis Mari Etxezarraga eta Ander Madariaga: Getxoko berbalagunen artean beteranoenak, astean hirutan biltzen dira mingainari eragiteko, beti bezain gogotsu.

Sari banaketa amaitutakoan, Patxi Perezen musikariak eskenatokira igo eta suabe-suabe hasi ziren jotzen, jendea animatzen hasteko. Dena den, sari-banaketak eta, noski, bazkalosteko kopatxoek ere nahiko animatuta zeukaten ordurako, eta Perezen saio "interaktiboak" berehala jarri zituen martxan berbalagun guztiak.

Jai-giroa, beraz, iluntzera arte luzatu zen Getxon, eta Egizuko lagunak pozik egon daitezke egindako lanaren emaitzarekin. Horren proba argia, mintzalagunak "hurrengoa noiz, hurrengoa noiz?" galdezka amaitu izana. Datorren urtean izan beharko du, ba!


(JOXE ROJAS GRANJA Topaguneako Hedabide Sailaren arduraduna da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com