Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Menuak eta kartak automatikoki euskaraz

Menuak eta kartak automatikoki euskaraz

2008-06-12 / 08:00 / Mikel Etxebeste   INFORMATIKA

Menuak eta kartak euskaratzeko itzultzaile automatikoa sortu eta interneten eskuragarri jarri du Donostiako Euskararen Udal Patronatuak.

Egitasmo berria

Egitasmo berria

Menu bihurgailua taberna, jatetxe zein edozein etxetako menuak eta kartak gaztelaniatik automatikoki euskaratzeko tresna informatikoa da. Tresna hau Euskararen Udal Patronatuak ostalari eta merkatarientzat sortu zuen merkatari.net atarian dago, eta ostalari eta sukaldariek gehien erabiltzen dituzten plater eta menu izenak euskaratzeko gai da. Egitasmo berria da, ez baitzegoen orain arte menuak eta plater izenak gaztelaniatik euskarara ekartzeko internet bidezko tresnarik.

Bihurgailua herenegun (2008-6-10) aurkeztu zuten Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Klub aretoan. Ainhoa Beola, Hizkuntza Normalkuntza zinegotziak bertan adierazi zuenez, "menu bihurgailua baliabide eraginkorra izan daiteke euskararen presentzia handitzeko Donostiako ostalarien eta tabernarien menuen eskaintzetan zein taberna eta jatetxeetako hizkuntza paisaian. Horrez gain, gastronomiari loturiko zenbait hitzen erabilera normalizatzeko lagungarria izango da".

1.057 termino eta hauen eratorriak

Dijitalidadea S.L enpresak sortu duen menu bihurgailuak hainbat iturri erabiltzen ditu corpusa osatzeko: merkatari.net atarian dagoen Euskara Platerean saileko hiztegia eta menuen bilduma, Leioako Ostalaritza Eskolako gastronomiavasca.net eta sukaldean.com webguneetako fondoak... Guztira, 1.057 termino eta horien eratorriak biltzen ditu. Termino edo sarrera horiek multzo funtzionaletan banatuta daude, hau da, esaldia osatzeko osagaiek duten portaera berezitua aintzat hartuta banatu dira:

  • Osagai nagusiak: txuleta, karramarroa
  • Hitz anitzeko terminoak: baratxuri berdea, zizka-mizkak aukeran
  • Adjektiboak: ketua, krematsua, etxekoa
  • Aditzak: gozatua, irin-arrautzeztatua
  • Jakien zatiak: saiheskia, hanka, muina
  • Prestaera moduak: entsalada, ogitartekoa
  • Gehigarriak: olioa, bainilla, maionesa

Euskaldunentzako tresna

Menu bihurgailua edonork erabili dezakeen arren, euskaraz jakin edota ulertzen duten ostalari eta tabernariei zuzenduta dago bereziki. Euskara ezagutzen ez dutenek erabiliz gero, komeni da tresnak proposatutakoa euskaraz dakien norbaitek berrikustea. Menu bihurgailuak menu eta jaki ugari gaztelaniatik euskarara itzultzen duen arren, tresna mugatua da, zailtasuna areagotzen den heinean erantzuna jasotzeko aukera txikiagoa da.

Iņaki Illarramendi Gipuzkoako Ostalaritza Enpresarien Elkarteko lehendakariordeak aurkezpenean esan zuenez,"hain tresna azkarra eta erabilerraza gure eguneroko lana egiteko oso lagungarria da, gure kartak eta menuak automatikoki euskaratzeko aukera izango dugu eta. Horrek gure lan eremuan erabateko eraginkortasuna du eta ongi etorria da".

Merkatari.net, ostalari eta merkatarien zerbitzura

Lehen aipatu bezala, menu bihurgailua merkatari.net atariaren barruan dago, Euskararen Udal Patronatuak ostalari eta merkatariek euskararen gainean dituzten informazio beharrak ase eta ahalik eta zerbitzu osatuena eskaintzeko sorturiko webgunean. Artikulu honetan daukazue bertan eskaintzen denaren gaineko informazioa.


(MIKEL ETXEBESTE MENDARTE Donostiako Euskararen Udal Patronatuko normalizatzailea da)


Gai honekin zerikusia duten artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Proba bat edo beste
2008-06-13 / 08:30 / Sebas Iturriotz

Ez dut denbora asko pasa aztertzen baina proba bat edo beste egin ditut eta horra hor zer atera zaidan:

  • tortilla de patata: patata tortila
  • tortilla patata: tortila patata
  • bacalao al pil-pil: bakailaoa pil-pilean
  • bacalao al pil pil:
 
Aurrekoa osatuz
2008-06-13 / 12:45 / Sebas Iturriotz

Atzo bidali nuen mezua, gaur arte ez dut irakurtzerik izan eta zatitxo bat baino azaltzen ez denez gero, berriro idatzi nahi izan dut aurrekoan idatzi nuena.

"Ez dut denbora asko pasa aztertzen baina proba bat edo beste egin ditut eta horra hor zer atera zaidan:

  • tortilla de patata: patata tortila
  • tortilla patata: tortila patata
  • bacalao al pil-pil: bakailaoa pil-pilean
  • bacalao al pil pil:
  • bacalao pil-pil: bakailao pil-pila
  • bacalao al ajoarriero: bakailaoa ajoarriero(t)an
  • bacalao ajoarriero: bakailao ajoarrieroa

Horrela, berez bere hiztegian azaltzen ez den konbinazio asko egin ahal izango ditu automatikoki, bat baino gehiago okerrak. Arriskutsu samarra bere horretan uztea!"

 
Arriskuak arrisku, mesede ederra
2008-06-17 / 08:30 / Mikel Etxebeste

Prentsa aurrean aurkeztu genuenean adierazi genuen bihurgailu honek badituela muga batzuk. Galderak, jakina, modu egokian egin behar dira. "Makinak" testuan dagoena bihurtzen du; egindako galdera erantzuten du, ez galderaren egileak, agian, galdetu nahi zuen beste hura.

Horrez gain, badira, egoki galdetuta ere, testuinguru gehiago gabe ondo diskriminatu ezin diren galderak. Horregatik, hain zuzen ere, jarri dugu bihurtzailearen galdera kutxaren alboan ondoko oharra: "Nolanahi ere, beti da gomendagarria tresnak proposatutakoa euskaraz dakien norbaitek berrikustea".

Muga batzuk, eta oharkabean ihes egindako akatsen bat edo beste, zuzentzen joango gara. Horretarako, egindako galdera guztien erregistroa jasoko du bihurgailuak. Beste batzuk, berriz, ezingo dira, oraingoz, konpondu. Sarean diren hainbat hizkuntzen arteko bihurgailuak begiratu besterik ez dago, antzeko arazoak dituztela ikusteko.

Arriskuak arrisku, uste dugu bihurgailuak mesede ederra egingo diola bere taberna edo jatetxeko menua euskaraz jarri nahi duenari.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com