|
Aro berriaren lehen zenbakiaren gai nagusia Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua liburua da eta aste honetan aurkeztuko da.
Hemendik aurrera, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren hiru zenbaki argitaratuko dira urtero-urtero. Horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lana eta bizitza akademikoa bilduko dituzte. Bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta liburu aipamenak jasoko ditu beren beregi.
Izan ere, Euskaltzaindiak bere agerkari ofiziala berriztatu du, eta egokitu, eduki berriak eskaintzeko asmoz. horiek horrela, euskaltzainek eta Euskaltzaindiak antolaturiko ekitaldietan parte hartzen dutenek ez ezik, euskalgintzaren munduan dihardutenek ere Euskeran argitaratu ahal izango dituzte euren lanak.
Euskera agerkariaren etapa berri honen lehen zenbakia aste honetan bertan aurkeztuko da, Donostian. Bertan, Leturiaren egunkari ezkutua eleberria argitaratu zeneko 50. urteurrenaren karietara, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omendu nahi izan du Euskaltzaindiak.
Aro berria, eduki berriak
Euskera agerkaria Euskaltzaindiaren aldizkari ofiziala da eta 1919tik argitaratzen da, nahiz eta urte hauetan guztietan zehar bi eten izan dituen: 1938tik 1952ra, batetik, eta 1954tik 1955ra bitartean, bestetik. Historikoki, Akademiaren lanak eta agiriak jaso ditu eta, orobat, hainbat egileren artikulu eta txosten akademikoak.
Hemendik aurrera, ordea, bestelako lanak ere publikatuko dira bertan: Euskaltzaindiaren intereseko jakintza esparruetako ikerketa-artikuluak, liburu-aipamenak eta antzekoak, alegia. Hauek dira Euskera agerkarian jorra daitezkeen zenbait gai: Euskal Filologia, Hizkuntzalaritza Orokorra, Gramatika, Dialektologia, Lexikografia / Lexikologia, Literatura, Toponimia / Onomastika, Fonetika eta Fonologia, Semantika eta Pragmatika, Hizkuntzaren Historia, Hizkuntzaren Normatibizazioa, Hizkuntzaren Normalizazioa, Soziolinguistika, Teknologia berriak eta Hizkuntza, Iurilinguistika eta Hizkuntza-zuzenbidea, Itzulpengintza, Zientzia-arlo desberdinetako euskara teknikoak... Orobat, aintzat hartuko dira beste hainbat esparrutako diziplinak, euskararekin zerikusirik duten neurrian.
Bi motako testuak argitaratuko dira: ikerketa-artikuluak eta liburu-aipamenak. Ikerketa-artikuluek 30.000 eta 60.000 karaktere bitarteko luzera izango dute, eta erreseinak, aldiz, hiru orrialdekoak (6.000 karaktere) edo 5 orrialdekoak (10.000 karaktere) izango dira. Testuak honako helbidera bidaliko dira:
Euskaltzaindia / R.A.L.V. / A.L.B. Argitalpen Burua Plaza Barria, 5 48005 Bilbo
|