Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Kotxeko nabigatzailea ere euskaraz

Kotxeko nabigatzailea ere euskaraz

2008-05-20 / 08:25 / erabili.com   INFORMATIKA

Gero eta hedatuago dauden kotxerako GPS nabigatzaileak ere hasi dira euskaraz hitz egiten. TomTom nabigatzaileak, behintzat, aukera hori eskainiko digu aurrerantzean, Eibar.org elkarteko lagunei esker.

TomTom GPS nabigatzailearen sistema euskaratu du Eibar.org-ek. GPSrako ahots berriak grabatzea "nahiko erraza" zela ikusita, eta aurrez eginiko saiakeraren bat egon arren (Inaki izeneko batek egina) hura dagoeneko saretik desagertuta zegoela konturatuta, ekimen berria martxan jartzea erabaki zuten. Horrela, elkarteko lau kidek (Luis Alberto Aranberri Amatiņo, Mikel Iturria, Iban Arantzabal eta Leire Narbaiza) egin zituzten grabazioak 2008ko apirilean, eta saio haien emaitza eskuragarri dago orain.

Nola instalatu

Eibar.org-eko beste bi kide, Jatsu Argarate eta Gari Araolaza, arduratu dira grabazioaz eta fitxategien moldaketaz. Sortu diren lau soinu-fitxategiak http://eibar.org/materixala/gps helbidean daude eta bertatik deskargatu daitezke. Eibar.org-eko lagunen esanetan, printzipioz behintzat TomTom markako GPSentzat bakarrik balio dute ahots fitxategiek. "Inork lortzen badu beste GPS marka batean martxan jartzea, eskertuko dugu informazio hori, hemen jarri eta beste erabiltzaileak ere jakinean egon daitezen", diote.

Ahots fitxategiak deskargatu eta nabigatzailean erabilgarri ezartzeko, honako pausoak jarraitu behar dira:

  1. Deskargatu nahi duzun ahotsaren fitxategia. ZIP formatuan konprimatuta daude.
  2. Erauzi ZIP formatuko fitxategi hori. Barnean hiru fitxategi aurkituko dituzu, .chk, .bmp eta .vif luzapenekin.
  3. Lotu USB bidez zure TomToma ordenagailura eta bilatu TomTom-aren barruan voices karpeta.
  4. Kopiatu lehen erauzitako hiru fitxategi horiek voices karpetara.
  5. Deskonektatu GPSa ordenagailutik, piztu eta aukeratu ahots berria.

Batua eta euskalkiak

TomTom nabigatzailerako aukeran jarri diren euskarazko lau ahotsen artean badaude ezberdintasunak. Izan ere, Amatiņok eta Mikel Iturriak euskara batua erabili zuten grabazioetan eta, aldiz, euskalkiak erabili zituzten Leire Narbaizak (Eibarkoa) eta Iban Arantzabalek (Elgetakoa).

Deskargarako fitxategiekin batera, ahots bakoitzari dagokion soinu lagin bana ere jarri dute sarean Eibar.org-ekoek, mp3 formatuan.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com