Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Kontseiluak ikasle euskaldun eleanitzak izateko proposamena egin du

Kontseiluak ikasle euskaldun eleanitzak izateko proposamena egin du

2008-05-13 / 08:25 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   IRAKASKUNTZA

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn txostenari egin dion ekarpena aurkezteko jardunaldiak burutu ditu Deustuko unibertsitatean, "Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera" izenburupean. Adituez gain, hezkuntza-komunitateko eragile garrantzitsuek parte hartu dute bertan, proposamenari beren babes eta atxikimendua adieraziz.

Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea (EHIGE), Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa (EHIK), Kristau Eskola, Sortzen-Ikasbatuaz eta Hik Hasi-ren babesa dauka Kontseiluaren proposamenak. "Euskalgintza eta administrazio ezberdinen arteko elkarlanaren adibide bikaina da. Hezkuntza Sailak, Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn proposamena aurkeztu eta gero, ekarpena eskatu zion Kontseiluari, gaurko jardunaldietan jendaurrean aurkeztu dena" aipatu zuen Xabier Mendigurenek, Kontseiluko idazkari nagusiak. "Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera" jardunaldietan aurkeztu den proposamenak hezkuntza-komunitateko eragile nagusien atxikimendua jaso du. "Berri pozgarria da, inondik inora, Kontseiluaren proposamenak horren babes zabala jasotzea", Mendigurenen hitzetan. "Eragileek argi ikusi dute egun indarrean dauden ereduak gainditu behar direla, euskararen normalizazioa lortu nahi bada. Urrats bat aurrera egiteko ordua heldu da".

2008-5-8an aurkeztutakoa ez da Kontseiluak Hezkuntza Sailarekin elkarlanean bideratzen duen lehen egitasmoa. 2006an, sail honetatik abiatutako "Ele biko irakastereduen azterketa"ren barruan ekarpena bideratu zuen Kontseiluak, irakastereduen inguruan lau azterketa burutuz: juridiko-legala, soziolinguistikoa, psikolinguistiko eta glotodidaktikoa eta azkenik, operatiboa. Azterketaren emaitza, "Ikasle guztiak euskalduntzeko Kontseiluak egiten duen proposamena", izan zen 2006ko azaroan aurkeztutakoa.

Kontseiluak aurkeztutako proposamena azterketa objektibotik abiatzen da: EAEn indarrean diren hizkuntza-ereduek ez dute ikasleen euskalduntzea bermatzen. Hezkuntza Sailak berak 2004an egindako azterketaren emaitzen arabera, D ereduko hiru ikasletatik bik gainditzen dute B2 maila 16 urterekin, B eredukoen artetik, hirutik batek; eta A eredukoen artetik, inork ez. Beraz, nabarmena da irakastereduen erreforma ezinbestekoa dela hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik, eta eskolak lehentasuna eman beharko liokeela euskarari.

Proposamen teknikoa da Kontseiluarena, lan-taldeko kide izan baitira aipatutako hezkuntza-eragileen ordezkariak, hilabete luzetako lana egin dutenak Arantxa Urberen gidaritzapean. Horretaz gain, unibertsitateko adituen ekarpena jaso du Kontseiluaren proposamenak, hala nola, Mari Jose Azurmendi (EHUko Psikologia katedraduna), Felix Etxeberria (EHUko Pedagogia katedraduna), Paulo Iztueta soziologoa eta Matilde Sainz (psikopedagogia irakaslea Mondragon Unibertsitateko HUHEZIn).

Deustuko Unibertsitateko auditorioan burututako jardunaldietan, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiaren sarrera-hitzaldiaren ondoren, Arantxa Urbek, proposamena burutu duen lan-talde teknikoko koordinatzaileak, beronen gako nagusiak aurkeztu zituen. Ondoren, Felix Etxeberria EHUko Pedagogia katedradunak, etorkinen euskalduntzeaz hitz egin zuen. Azkenik, hezkuntza-sektoreko ordezkariek mahai-ingurua burutu zuten. Bertan izan ziren EHIGEko Ana Eizagirre, Ikastolen Konfederazioko Koldo Tellitu, Kristau Eskolako Mikel Ormazabal eta Sortzen-Ikasbatuaz-eko Julen Etxeberria.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com