Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Hezkuntzari bideratutako bere proposamena prest du Kontseiluak

Hezkuntzari bideratutako bere proposamena prest du Kontseiluak

2008-05-06 / 09:04 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   IRAKASKUNTZA

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Hezkuntza Sailak 2007ko martxoan aurkeztutako Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn txostenari ekarpena egin dio. Instituzioekiko elkarlan sakonaren adierazgarri da burututako lana, gizarte zibilari bere iritzia eta ekarpena egiteko aukera eman baitio Administrazioak. Irakastereduak gainditzeari buruzkoak biltzen dira hezkuntza-komunitateko eragileen babes zabala jaso duen Kontseiluaren proposamenean.

EHIGE, Ikastolen Konfederazioa, Kristau Eskola, Sortzen-Ikasbatuaz eta Hik Hasi-k babestu dute. Proposamena gizarteratzeko, jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak, "Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera" izenburupean.

Ikasleen euskalduntzea bermatu behar

"Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn legearen garapenerako proposamena" Kontseilua eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko elkarlanaren fruitua da. Arantxa Urbek zuzendutako lan-talde teknikoak hilabete luzetan zehar burutu du lana. Ikastolen Konfederazioa, EHIGE, Kristau Eskola, Sortzen Ikasbatuaz eta Hik Hasi-ren babesa eta atxikimendua jaso ditu proposamenak. "Gizarte mugimendu bezala, euskararen normalizaziorako estrategikoa den arloan proposamena luzatu diogu Administrazioari", azpimarratu dute.

Bildutakoek euskararen normalizazioan hutsik berriro ez egiteko irakastereduen erreforman aurrera egitea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute. "Euskararen garapena nahi badugu ezin dugu denbora gehiago galdu, ikasle euskaldun osoak sortu behar ditugu", adierazi zuen atzoko (2008-5-5) prentsaurrekoan Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek. "Irakastereduak agortuta badaude, erreforma ezinbestekoa da, eta bide honetan ezin daiteke denborarik gal. Hezkuntza sistemak ikasleen euskalduntzea bermatu behar du".

Hezkuntza jardunaldiak

"Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen. Urrats bat aurrera" jardunaldietan parte hartzeko deia zabaldu dute Kontseilutik. Sarrera doan izango da, kontseilua@kontseilua.org helbidean izena eman besterik ez da egin behar, halere, lehenbailehen ematea komeni da. "Jardunaldi irekiak izango dira, hezkuntzarekin harremana edo euskararen normalizazioan lan egiten duen edonork parte har dezake", adierazi dute. Hitzordua Bilboko Deustuko Unibertsitateko Auditorioan izango da maiatzaren 8an, osteguna, goizeko 9:30etik eguerdiko 14:00etara.

Jardunaldien sarrera Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek egingo du. Ondoren lan-talde teknikoko koordinatzaile Arantxa Urbek Kontseiluaren proposamenaren gako nagusiak azalduko ditu. 11:00etan, berriz, EHUko pedagogia katedraduna den Felix Etxeberriak hitzaldia emango du etorkinen euskalduntzeaz. Bukatzeko, jardunaldien mahai-ingurua egingo dute Kontseiluko bazkide diren hezkuntza sektoreko eragileek: EHIGEko Ana Eizagirre, Ikastolen Konfederazioko Koldo Tellitu, Kristau Eskolako Mikel Ormazabal, Sortzen-Ikasbatuazeko Julen Etxeberria. Mahai-ingurua, Hik Hasiko Joxe Mari Auzmendik dinamizatuko du.

Kontseiluaren proposamenaren ardatz nagusiak

Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn lanari egindako proposamena izan da Kontseiluak aurkeztutakoa. Helburua lortzeari dagokionez (ikasleak derrigorrezko eskolaldia amaitzen dutenean euskaldun eleanitzak izatea), garrantzi berezia duten hamar ekarpen zerrendatu ditu Ikastolen Konfederazioko ordezkariak, Koldo Tellituk:

  1. Eleaniztasunaren izaera eta ezaugarriak jendarteratuko dituen diskurtsoa zabaltzea, hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntzaren planteamendu berri horretan euskarari lehentasuna ematearen abantailak eta alde onak azpimarratuz.
  2. Ikastetxeko hizkuntza-proiektua antolatzea. Hizkuntza-proiektuaren barruan Hizkuntza Normalkuntza Plana zehaztea eta horiek kudeatuko dituen arduradunaren lanpostua sortzea dagozkion bitartekoekin. Hizkuntza Normalkuntza Plana preskriptiboa izatea.
  3. Fundazioak izatea ebaluazioaren ardura. Fundazio horrek, B1, B2, C1 eta burutu daitezkeen gainerako proben prestakuntza eta kudeaketa egitea, proba horietako emaitzak publiko eginez.
  4. Haur Hezkuntzaren amaieran ikasleen hizkuntzen aurrebaluazio glotodidaktikoa egitea.
  5. Hizkuntza zertifikazioak eskaintzea, ikasleei eta ikastetxeei.
  6. Eskolako langile guztiak euskaldunak izatea.
  7. Irakasleen prestakuntza diseinatu eta antolatzea.
  8. Haur Hezkuntzan, 0 urtetik 6 urtera, murgiltze eta mantentze ereduetan eskolatzea.
  9. Irakasle eskolek irakaslegai euskaldunak soilik prestatzea.
  10. Eusko Jaurlaritzak Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Markoaren garapenerako proposamena abian jartzeko beharrezko bitartekoak aurreikusi eta onartzea.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com