Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Frantziak hizkuntza gutxituen gaineko gomendioak ez dituela betetzen salatu du Behatokiak Genevan

Frantziak hizkuntza gutxituen gaineko gomendioak ez dituela betetzen salatu du Behatokiak Genevan

2008-05-05 / 08:45 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   HERRI-ADMINISTRAZIOA

2008ko apirilaren 28tik 30era bitartean Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen 40. Batzordeak Frantziako Estatuaren inguruko balorazioa egin du Genevan (Suitza), eta bertan Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok parte hartu du. Gobernuz Kanpoko hainbat erakundek beren iritzia agertu diote Batzordeari, eta hizkuntza gutxituei dagokienez, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta EBLUL-France erakundeek hartu dute hitza.

Kontuan izan behar dugu 2001ean Batzorde horrek bi gomendio egin zizkiola Frantziako Estatuari hizkuntza gutxiagotuak babesteko; batetik, Nazioarteko Hitzarmenetan dituen oharrak kendu eta Europako Kontseiluko Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoa eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna berrestea, eta bestetik, hizkuntza gutxiagotuen irakaskuntza sustatzea.

"Oso argi utzi diegu batzordekideei Frantziako Estatuak muzin egin diela gomendioei", adierazi du Bilbaok. Izan ere Frantziak aurkeztutako txostenean jasotzen diren kontraesanak eta gezurrak agerian jarri ditu Behatokiko zuzendariak. Honako adibide hau ere aipatu du: "Frantziak 2001eko irailaren 5ean hezkuntza publikoan murgiltze bidea baimentzeko zirkularra abian jarri zuela adierazi du txostenean, eta ahaztu zaio esatea Estatu Kontseiluak baliogabetu egin zuela zirkular hori".

Horrekin batera Bilbaok Frantziako Estatuak bere txostenean jasotako esaldi bat agerian jarri du Batzordearen aurrean. Izan ere, Estatuaren arabera, ezin ditu gutxiengoen eskubide kolektiboak aitortu. Hori gezurtatzeko 2008an Frantziako Asanbladan Konstituzioa aldatzeko eman zen eztabaida ekarri du gogora Bilbaok Genevako Batzordearen aurrean, "Frantziako Estatuak ez du nahi hizkuntza gutxiagotuetako hiztunen eskubideak aitortzerik, izan ere, borondate-kontua besterik ez da hizkuntza-eskubideen aitortzaren gutxieneko demokratikoak onartzeko".

Izan ere Behatokiko eta EBLUL-France erakundeko kideek Frantziako Estatuak azken txostenean jasotakoa gezurtatu dute puntuz puntu, "Frantziaren txostenak ez die egin zitzaien galderei erantzun, eta hori erakustea eta egiaztatzea izan da gure helburu nagusiena", gaineratu du Bilbaok.

Halaber, datorren maiatzaren 8an Frantziako Asanblada Nazionalean izango den eztabaidari begira, Bilbaok eskaera egin dio Batzordeari gomendioak helaraz diezazkiela, Asanbladako hainbat kidek ez baitakite zer eskatzen ari zaien Nazio Batuetatik.

Gutxienekoak zein diren adierazi badie ere, Bilbaok azpimarra jarri du euskarak beharko lukeen estatusa ofizialtasuna dela, Frantziako Estatuak horrenbeste aldarrikatzen duen égalité, legalité eta fraternité ikurritza bermatzeko. Nazio Batuetako Batzorde honek gomendio xumeagoak ematen baditu ere, Bilbaok azpimarra jarri du herritarren benetako berdintasuna ez dela gertatuko hizkuntzen estatusen arteko berdintasuna izan arte. Azken eskaera hori elkarrekin egin dute Behatokiko eta EBLUL-France erakundeko ordezkariek.

Azkenik, aipatu beharra dago, batzordekide batzuk (Ekuador, Suitza...) interesa agertu eta galdera zuzenak egin dituzten arren, beste batzuen kontrako jarrera oso agerikoa izan dela, esaterako, Errusiako Federazioko kidearena.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com