Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskal kirolariek 'euskaraz bai' txapela jantzi dute

Euskal kirolariek 'euskaraz bai' txapela jantzi dute

2008-04-30 / 12:08 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   BESTELAKOAK

Hainbat kirolarik Euskaraz bai adierazpenari babesa emateko agerraldian parte hartu dute Osasuna futbol-taldeko estadioan.

Bertan izan ziren Amaiur Alfaro, Itsasbela Ibilaldi Eskolakoa; Iņaki eta Inaxio Perurena harrijasotzaileak; Ander Vilariņo, auto-gidaria; Aitor Eguzkiza, kick boxing borrokalaria Burlatako Kanku Gimnasioan; Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Pedro Martinez de Eulate, Jon Apezetxea, Fernando Goņi, pilotariak; Euskaltel-Euskadiko Miguel Madariaga Barinaga presidentea, Jesus Aizkorbe komunikazio arduraduna eta Gorka Verdugo eta Jon Bru txirrindulariak; Manix Mandiola, Eibar futbol-taldeko entrenatzailea; Eneko Romo, Real Union futbol taldeko jokalaria; Igotz Garde, Osasuna futbol-taldeko jokalaria, eta etxeko anfitrioia; Uxue Astiz, Lagunak futbol-taldeko jokalaria; Orvina areto futboleko jokalariak; eta Ekaitz Maiz, eskalatzailea.

"Eskerrak eman nahi dizkiegu gaur gurekin euskaraz bai esan duten guztiei, eta bide batez, animatu nahi dugu gizarte osoa aldekotasuna esatetik euskara egitera pasatzeko", aditzera eman zuen Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek.

Euskararen Gizarte Erakundeek Euskaraz bai adierazpenaren atxikimendu kanpainaren bigarren agerraldia egin zuten. Kontseiluak jendartean euskaraz bai esan eta egiteko proposamena zabaltzen ari da adierazpen honen bidez. "Euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortu nahi ditugu, geure bizitza euskaraz normaltasunez egin ahal izateko, hizkuntzari esparruak garatu eta zabaldu nahi dizkiogu", azaldu zuen idazkari nagusiak.

Uxue Astizek, Lagunak futbol-taldeko jokalariak Euskaraz bai adierazpenaren zati bat irakurri zuen. Hain zuzen ere, euskararen garapena nahi baino mantsoago gertatzen ari dela azaldu zuen. "Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dago bermatuta, eta nabarmenak dira egunero sortzen diren ezintasunak", irakurri zuen kirolariak.

Era berean, edozein herritarrek atxikimendua emateko bidea azaldu zuten; norbanakoen datuak Kontseiluko webgunean ematea besterik ez dago, hain zuzen ere www.kontseilua.org/euskarazbai helbidean.

Helbide honetan joan den 2008-4-29ko ekitaldira etortzerik izan ez zuten hainbat kirolarik eman dute beren babesa: Ekaitz Maiz Urretabizkaia, eskalatzailea; Javi Tarantino, Alaveseko futbol jokalaria; Juan Antonio Compaņķn Konpa, zesta puntako pilotaria; Alberto Martin Goņi, Portland San Antonio eskubaloi taldeko jokalaria; Eneko Romo, Real Union Club de Irun / Futbol Jokalaria; Eneko eta Iker Pou eskalatzaileak; Joxe Luis Korta, Kaiku elkarteko arraunlaria; Mieltxo Saralegi, harrijasotzailea; Naroa Agirre, atleta; Iratxe Aranburu, atleta; Angela Vilariņo, auto-gidaria; Antonio Bru, atleta; Ainhoa Puyol, Lakuntza taldekoa; Txaro Latiegui, Aizkorbekoa; Xabier Mikel Errekondo eskubaloi jokalaria ohia; Karlota Ziganda, golf jokalaria; Maider Mendizabal, pala jokalaria; Nirea Lizarraga Berastegi, Sakana Sokatira taldekoa.

Euskaraz bai adierazpena gizarte eragileen atxikimenduak biltzen joango da egunotan. Dagoeneko Kontseiluaren sortzaile izan zirenek agerraldi publiko batean babesa adierazi zioten testuari. Oraingoan herritarrok askotan eredutzat hartzen ditugu kirolariek eman dute beren babesa ekitaldi publiko batean.

Euskaraz bai

Kontseiluak 10 urte bete dituen momentu honetan bai euskarari leloaren bilakaera den euskaraz bai zabaltzen ari da. "Euskararen normalizazioan ez dugu erdiko marratik atzera egin nahi, euskararen aldekotasunetik euskaraz egitera eman behar dugun pertika-jauziak euskaraz bai du izena, adierazi zuen Mendigurenek ekitaldian.

Orain dela 10 urte Euskal Herriko 5 kirol estadio bete zituen leloaren eboluzioa da Euskaraz bai. "Gaur berriro Osasunaren estadioan agertzen gara, hamar urteko ibilbidea gainean dugula, euskarari bultzada berri bat eman nahi diogula azaltzeko", esan zuen Kontseiluko idazkari nagusiak.

10 urte bidea irekitzen

10 urteotan egindako lana azaltzeko erakusketa ibiltaria jarri du martxan Kontseiluak. Bertan, urterik urte zabaldu dituen bideak azaltzen ditu, hala nola, hasierako Bai Euskarari Akordioarekin abiatutako lanaren bidez jada Kontseiluak 122 herrietan lan egiten duela, lan mundua euskalduntzeko 8 urte dituen Bai Euskarari Ziurtagiria jada 1.500 enpresatara hedatu dela edota hizkuntza-eskubideen babeserako lanean ari den Behatokiak 2007an euskararen telefonoaren bidez jasotako 1.200 espediente bideratu zituela, besteak beste.

Kontseilua 10 urte bidea irekitzen erakusketa aurreko asteburuan Baigorrin izan da eta hurrengo asteetan hainbat herritara abiatuko da. Hurrengoa Portugalete izango da, bertan maiatzaren 9tik 11ra izango da, ondoren Amurrion, Gernikan, Markinan, Iruņean, Bergaran eta Lazkaon izateko.

Abenduaren 13an BECen

Bukatzeko, 10. urteurreneko azken ekitaldirako data gogorarazi dute. 2008ko abenduaren 13an hitzordua jarri du Kontseiluak Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC). Halaber, data gordetzeko eskaera egin die euskal kirolariei.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com