|
Getxoko Udala hitzarmengintzaren bidea jorratzen ari da gizarte-arlo desberdinetan euskararen erabilera areagotzeko asmoarekin. Merkataritza da arlo horietako bat, Euskara Merkataritzara egitasmoarekin.
5 urte Getxoko merkataritza euskalduntzen
5 urte Getxoko merkataritza euskalduntzen
Getxoko Udalaren hizkuntza-plangintzaren helburuetako bat da euskararen erabilera bultzatzea lan-esparruan batik-bat, merkataritzari lotutako eragileen artean. Xede horrekin bat, Getxoko Udalak asmo handiko proiektu bat jarri zuen abian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) itzalpean. Hitzarmengintzan oinarritutako egitasmo horrek, GEHI (Getxo Euskalduntzeko Hitzarmena) izena dauka eta Getxoko gizarte-arlo guztietan urratsez-urrats euskararen erabilera areagotzeko sortu zen. Euskara Merkataritzara, Getxo Euskalduntzeko Hitzarmena proiektuaren adar bat dugu.
Euskara Merkataritzara egitasmoa orain dela 5 urte abian jarri zen. Merkataritza establezimenduetan euskararen erabilera sustatzeko, Getxoko Udalak zenbait material eta zerbitzuen eskaintza luzatu zien merkatariei. Eskaintza horiez baliatuz eta bakoitzaren egoera soziolinguistikoa kontuan izanik, euskararen erabilera sustatzeko konpromiso batzuk onartzea planteatu zitzaien establezimenduetako arduradunei eta hori guztia hitzarmen batean islatu zuten.
Hortik haratago egin behar genuela konturatu eta orain dela bi urte metodologia berri bati ekin genion. Getxoko establezimenduak lan-jardueraka sailkatu genituen, euskararen sustapena modu bateratu eta koordinatuan lantzeko asmoz, jardueraren araberako beren berezko euskarriak sortuta.
Gaur egun beraz, baiezkoa ematen diguten saltokietara bisita egin eta Gehi Euskara Merkataritzara ONGI ETORRI karpeta erakutsi eta azaltzen diegu saltokietako dendari eta arduradunei, bertan agertzen diren diru-laguntza eta zerbitzuen berri emateaz gain, sektore bakoitzerako berariaz sortutako zer edo zer eskaintzen saiatzen gara.
Asko izan dira jarduera bakoitzari eskainitako euskarriak; aipagarrienak ondoko hauek dira:
- Posterrak: arrandegi, fruta-denda, harategi eta erostetxe-handiekin jorratutako egitasmoa da. Jarduera bakoitzari dagokion hiztegi eta irudiekin sortutako posterrak banatu dira saltokietan.
Horiek izan dira orain arte jorratutako jarduera eta egitasmo nagusietako batzuk; aurrera begira ostalaritza dugu lantzeko jardueren artean, orain artean abian jarri ditugunak ahaztu barik betiere.
(GETXOKO UDALEKO EUSKARA ZERBITZUA)
|