|
"Gizarte elebiduna lortzeko egiten dugu lan" lemapean, Elebide, Hizkuntza Eskubideak bermatzeko zerbitzua gizarteratzeko prestatu den kanpaina berria aurkeztu zuten atzo (2008-4-23) Bilbon.
Herritarren kontsultak, kexak eta iradokizunak jasotzea du helburu Elebidek, herritarrei babesa ematea eta hizkuntz eskubideak errespetatzeko arazoak dituzten entitateei laguntza espezializatua eskaintzea, euskal gizartean hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen.
Urte eta erdi pasa delarik martxan jarri denetik, datozen egunotan Elebideren kanpaina berria abiaraziko dute prentsa, Internet eta irratietan, batetik, eta eskuorri dibulgatiboen bidez, bestetik. Iragarkiek hizkuntza eskubideak urratzen direneko egoera bana erakusten dute: aireportu batean entzuten den mezua, bulego batean jasotzen duzun enplegatuaren erantzuna, hormari itsatsita irakurgarri jarri den mezua... Egoera horiek guztiak alegiazkoak dira, baina, era berean, ilustratiboak; eskuorriak, berriz, herritarrengana hurbildu nahi du Elebide zerbitzua; horrela bada, bertan azaltzen da hizkuntza eskubideen arloan zertan lagun diezaiokeen, eta Elebiderekin harremanetan nola jar daitekeen.
Hortaz, kanpainak eguneroko bizitzako kasuak baliatzen ditu modu grafiko argi eta ulerterraz batean, urraketa horiek ikusarazteko. Esate baterako, gaztelaniaz ikustera ohituta gauden errotuluak agertzen dituzte iragarkiek, baina hutsuneak nabarmenduz, euskarak presentziarik ez duela ohartarazteko. Gauza bera egiten da kanpaina honetan gaztelaniaz soilik eskaintzen diren zerbitzuekin.
Sentsibilizatu eta ohartarazi
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak hartu zuten parte atzoko aurkezpenean. Baztarrikak adierazi zuenez, oraindik orain, "herritar asko ez da jabetu bere hizkuntza eskubideez". Horretan datza, neurri handi batean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurkezten duen kanpainaren garrantzia, "izan ere, beharrezkoa ikusten dugu herritarren sentsibilizazioa landu eta gizartea zein administrazioko langileak ohartaraztea herritarrak duen hizkuntza hautatzeko eskubideaz". "Kanpainaren bitartez herritarrari jakinarazi nahi diogu baduela nora jo, bere hizkuntza eskubideak era batera edo bestera zapalduta sentitzen baditu; hor duela Elebide, kexak jaso ez ezik, salatua izan den entitatearekin harremanetan jartzeko eta kasuari konponbidea ematen laguntzeko", gaineratu zuen Baztarrikak.
Abian jarriko den kanpaina honek "helburu bikoitza" duela nabarmendu zuen sailburuordeak: alde batetik, gizartean hizkuntza eskubideen inguruko "sentsibilizazioa sustatu"; eta, beste alde batetik, Elebide zerbitzua "gizarteari hurbildu", nolako egoeratan parte hartzen duen erakutsita eta horrelako edo bestelakoren bat gertatzen bazaio, "inolako zalantzarik barik, Elebidera jotzeko gonbita eginez".
248 intzidentzia iaz
2007. urtean egindako txostenaren arabera, Elebide - Hizkuntza-Eskubideak bermatzeko Zerbitzuak 248 intzidentzia erregistratu ditu. Intzidentzia guztietatik 152, hau da, % 61, e-posta bitartez aurkeztu ziren eta 74 -% 30-, telefonoz. Hemezortzi herritarrek posta arrunta hautatu zuten eta lau bakarrik etorri ziren bere kabuz Elebideren bulegoetara.
Kontuan hartuz herritarrek erabilitako aurkezpen-bidea, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bide telematikoaren eskaintza hobetzea erabaki du. Apirilaren hasieratik, aplikazio berri bati esker, Elebiden garatu diren prozeduren kudeaketa automatizatua hobetzeaz gainera, herritarrenganako harreman integralerako bide berri bat egokituko da Elebideren webgunearen bitartez. Halaber, Zuzenean zerbitzuko 012 telefono bitarteko arreta zerbitzua ere indartu da.
2007. urtean, Elebidera jo zuten herritarren % 84k kexak aurkeztu zituzten beren hizkuntza-eskubideak urratu zirelako. Erregistratutako 248 gorabeheretatik, 207k tipologia horri erantzuten zioten. Orobat, 38 kontsulta, bi iradokizun eta eskari bat aurkeztu ziren.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|