![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Joxe Rojas / Kultura / 2008-04-24 / 08:40
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak atzo jarri zuen martxan Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainaren bigarren edizioa. Egitasmoa, irakurketa sustatzeko asmoz sortu dena, Hego Euskal Herriko 17 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker. Iazko esperientzian eta balorazioetan oinarrituta, aldaketa batzuk izan dira egitasmoaren funtzionamenduan, prozedura errazte aldera.
Kanpainaren beraren izenak dioenez, irakurtzea da lehenengo pausua; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da lehenengo urratsa. Kanpaina dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez. Horretarako, 25.000 markatzaile egin ditu antolakuntzak.
Zein liburu aukeratu ez dakitenentzat, adinaren arabera sailkatutako ehun liburu gomendatzen dituen zerrenda bat egongo da eskuragarri. Zerrenda hori iazkoan oinarrituta egin dugu, sei liburutegitako arduradunek proposatutako aldaketak eta eguneraketak eginez. Oraingoan ere, ehun liburuetatik 90 berberak izango dira leku guztietan, eta beste hamarrak aldatu egingo dira herri batetik bestera, tokian tokiko interesen arabera.
Liburua irakurritakoan, liburutegiari bueltatu, noski, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun... Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
Azken pausoa, iaz bezalaxe, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari... edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, % 25eko deskontua izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan (% 50ekoa Euskara Elkarteko kidea izanez gero).
Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.
Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:
Iaz bezala, egitasmoak bere webgune propioa dauka aurten ere. Bertan, liburu bakoitzaren inguruko iruzkin txiki bat aurkituko du irakurleak, eta gainera, beste webguneetan argitaratutako biografiak, bibliografiak, kritikak eta abar ikusteko loturak. Horrela, irakurleek aukera izango dute aukeratutako liburuen inguruko iritzi trukea egiteko. Hori guztia honako helbide honetan dago eskuragarri: www.topagunea.org/irakurri
Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa atzo (2008-4-23) hasi zen, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, datorren uztailaren 26an izango du: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko.
Esan bezala, 17 Euskara Elkartek hartuko dute parte aurtengo edizioan:
(JOXE ROJAS GRANJA Topaguneako Hedabide Sailaren arduraduna da)
Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
Irene López-Gońi / 2008-04-24 / 09:51
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioari eta bere sustatzailea den Joxe horri zorionik beroenak ekimen hau dela Nafarroako Ikastolen Elkartearen aldetik!!!
Irene