|
Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek ume sortuberriak dituzten familiei zuzendutako gidaliburu berria plazaratu dute, hauen hizkuntza garapenerako aholku batzuk emanez. Nafarroako udaletako euskara zerbitzuek egin eta argitaratu dute eta Nafarroako Euskararen Institutuaren laguntza izan du. Hizkuntzei familian eman beharreko tratamenduaz, hainbat gomendio proposatzea da egitasmoaren helburua.
Duzun onena
Duzun onena
Duzun onena titulua aukeratu da, familia baita umearen babeslekua eta umearen lehen ikastetxea: emozio, balore eta sentimenduen ikastetxea. Horrela, gurasoak dira irakasle, eta tresna nagusia haien jokabidea da, beraiek ematen dieten eredua. Gurasoen zeregina da haurrak hazten laguntzea, dauzkaten gaitasunak garatzen laguntzea, seme-alaben bertsiorik hoberena lortzea; eta, hizkuntzen eremura eramanda, seme-alabei ahalik eta hiztunik hoberenak eta osatuenak izaten laguntzea.
Udaletako euskara zerbitzuek ibilbide luzea egin dute jadanik familiekin. Umea jaiotzen denean hasten da harremana eta eskolatzen den arte jarraitzen du. Material berri honek zaharra ordezkatu du eta, lehen bezala, opari batekin (liburua edo lerdezapia) bidaliko zaie familiei. Horiekin batera eranskailu bat igorriko zaie, HAURRAK hitza daramana, eta kanpainaren logotipoa.
Oso garrantzitsua da familiak ongi informatuta egotea, euskara ahalik eta hobekien transmititzeko edo, etxekoek ez badakite, hizkuntzarekiko jarrera positiboak transmititzeko. Horregatik, familiekiko harremanak jarraitzen du haurrek urtebete dutenean, orduan Kontu txikiak izeneko materiala ematen zaie, bertan liburu bat eta CD bat daude, euskarazko jolasekin eta kantekin, umeekin batera aritzeko. Produktu hau egokia da familia euskaldunentzat eta erdaldunentzat, jarraibideak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatzirik baitaude.
Gidaliburuaren ezaugarriak
Gidaliburuak hainbat atal dauzka. Lehenengoan, gurasoei esaten zaie zeinen garrantzitsua den familia, hizkuntzak ikasteko. Bide batez, jolasa nabarmentzen da, zeren eta, haurrak jolasaren bitartez ikasten du, gizartean aurrera egiteko jokabideak eta estrategiak bereganatzen ditu. Bestalde, azpimarratzen da gurasoek zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta hobeki ikasiko duela bere pentsamenduak txukun adierazten.
Bigarren atalean, euskara ikasteko baldintza egokienak azaltzen dira, hau da, komeni da haurraren inguru hurbilean (lagunak, familia, zaintzailea, haur-eskola...) euskarak presentzia izatea; baita jolasteko eta ikasteko erabiliko dituen ipuin, joko, musika, telebista eta abarretan ere. Era berean, D eredua hautatzea komenigarria dela aipatzen da, gaur-gaurkoz umeak euskara nahiz gaztelania ikasteko eredu bakarra baita. Gurasoen hizkuntza tipologiaren arabera, aholku praktikoak ematen dira ondoko egoeretan:
- a) Gurasoak euskaldunak direnean, euskara erabiltzera animatzen da, eta ez bakarrik seme-alabekin, baizik eta familiako helduen artean, horrela, hizkuntzaren erabilera hobetzen baita. Era berean, umeak bertako euskara hobeki ikasiko du, hizkuntza aberatsagoa eta adierazkorragoa bereganatuko du.
- b) Euskalduna guraso bakarra denean, ongi dakien horri transmititzea gomendatzen da, eginkizun hori eskolaren eskuetan utzi gabe. Bide batez, saiatu behar da familiako hizkuntzen arteko harreman orekatua izaten, mendetasuna saihestu eta euskaraz ez dakien horri hizkuntzaren ulermena handitzen animatzea. Azkenean, pertsona bat, hizkuntza bat leloari eusteko.
- c) Euskara pixka bat dakitenean, kantua eta jolasa bezalako une berezietan erabilera bultzatzen. Memento lasaiagoak diren heinean, posible da kalitate onargarria lortzea eta horrela umeen euskara garatzen laguntzea. Hemen interesgarria litzateke euskara maila hobetzea, lehen aipatutako uneak garatzeko eta zabaltzeko.
- d) Ez dakitenean, hizkuntzarekiko interesa adierazten, eta umea euskarazko jarduetara, kantetara, pelikuletara, eta abar inguratzen. Alde horretatik, komeni da euskara hizkuntza hurbila eta ezaguna izatea hasieratik. Kasu hauetan, euskara ezin da transmititu, baina bai harekiko interesa eta maitasuna.
- e) Euskara edo gaztelania lehen hizkuntza ez dutenentzat, euskara erreferentzia positiboa izan daiteke familiako hizkuntzari eusteko, harrera-gizarteko hizkuntzak ikasten diren bitartean. Horrela, D ereduko irakasleak prestatuak daude euskaraz ez dakiten umeak hezteko, ulermena eta hizkuntza garapen osoa ziurtatzen dute.
Argibideak hiztegi ilustratu batekin osatzen dira, haur hizkeran gehien agertzen diren hitzekin. Ondoko gaiak jorratzen dira: gorputza, elikagaiak, aditz erabilienak, animaliak eta familia.
Gero, atal bat gehitu da hizkuntza eredu zuzena emateko, hutsegite arruntenak saihesteko.
Beste atal batean, jolas erraz batzuk proposatzen dira, euskara aise erabiltzeko.
Bukatzeko, ikus-entzunezko bibliografia dago gehiago jakin nahi dutenentzat, hor aurkituko dituzte: sehaska kantak, haur musika, jolasak, ipuinak eta haur hizkera.
Hemen ikus dezakezue Duzun onena gidaliburua
Parte hartu duten erakundeak
Hauek dira kanpaina honetan parte hartzen duten mankomunitateak eta udaletako euskara zerbitzuak:
- Agoitz-Aezkoako Euskara Zerbitzua
- Antsoaingo Udala
- Aranguren ibarreko Udala
- Atarrabiako Udala
- Auritz, Erroibar eta Luzaideko Udalak
- Baraņaingo Udala
- Baztango Udala
- Berriobeitiko Udala
- Berriozarko Udala
- Bortzirietako Euskara Mankomunitatea
- Burlatako Udala
- Garesko Udala
- Malerrekako Mankomunitatea
- Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea
- Orkoien, Oltzako Zendea, Etxauri eta Bidaurretako Udalak
- Sakanako Mankomunitatea
- Tafallako Udala
- Uharteko eta Esteribarko Zerbitzu Mankomunitatea
- Zaraitzuko eta Erronkariko Batzar Nagusiak
(RAUL LOPEZ EKAI Baztango Udaleko euskara teknikaria da; Nafarroako udaletako euskara zerbitzuen izenean)
|