|
Interneten dira jada irakurgai Gipuzkoako DBHko hainbat ikastetxeetako gazteek Idazle Gaztea lehiaketan parte hartzeko idatzitako narrazio eta poesia lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Galtzagorri Elkarteak 2002. urtetik antolatzen duten sariketa literario honek 12-16 urte bitarteko gazteak idazten jartzea du helburu.
2008ko Idazle Gaztea aukeratzeko dagoeneko sarean dira, aurkeztu diren lan guztien artean, kategoria bakoitzetik aukeratu diren lanak. www.idazlegaztea.org helbidera sartzen den edonork bozka dezake orain maiatzaren 15a bitarte. Bozka horien arabera hautatuko dira ikasturte honetako Idazle Gazteak.
Guztira, aurten 85 lan jaso dira Gipuzkoako DBHko hezkuntza zentro ezberdintatik: 33 lan aurkeztu dira Narrazioa A kategorian eta beste 32 Narrazioa B kategorian. Poesia A kategorian berriz 15, eta 5 lan Poesia B kategorian.
Lehiaketaren sistema
Lanak jaso ondoren, Galtzagorri Elkarteko hautaketa batzorde batek gazteek idatzitakoa irakurri eta aukeraketa egin du. Ondoren Interneteko www.idazlegaztea.org helbidean zintzilikatu dira kategoria bakoitzetik aukeratutako lan onenak. Orrialde horretara sartu, lanak irakurri eta edozeinek bozka eman dezake bertan maiatzaren 15a bitarte, eta horrela izango dira aukeratuak sail eta kategoria bakoitzetik hiruna lan. Pertsona bakoitzak boto bakarra emateko eskubidea izango du.
Gero eta gehiago dira bozketa honetan parte hartzen dutenak; 2006-2007an adibidez, 7.067 lagunek bozkatu zuten.
Sariak eta irabazleak
Lehiaketako sail eta kategoria bakoitzean sari nagusi bat eta bi sari osagarri banatuko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak emanak.
Irabazleek, esaterako, Galtzagorrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duten Liburu Gaztea sariketako irabazleekin batera bidaia bat egin ahal izango dute ekainean. Iaz, Portugalen izan ziren, adibidez, kategoria bakoitzeko lehenengo saria jaso zuten gazteak.
Bestalde, bozketan parte hartzen dutenen artean ere saria zozketatuko da: liburu eta disko lote bat, hain zuzen. Horrez gain, saridunen lanak Galtzagorriko webgunean (www.galtzagorri.org) argitaratuko dira.
Iazko emaitzak
Iazko ekitaldian, hauexek izan ziren Idazle Gazte irabazleak:
A kategoria - Narrazioa
| Saria | Egilea | Izenburua | Ikastetxea |
|---|
| 1. saria | Iker Lizeaga Indart | Astroen amodioa | Aita Larramendi (Andoain) | | 2. saria | Aitor Carrera Sierra | Jon, lagunak eta ideiak | La Salle Berrozpe (Andoain) | | 3. saria | Jon Urrutia Lopez | Aitaren kontu zaharrak | La Salle Berrozpe (Andoain) | |
B kategoria - Narrazioa
| Saria | Egilea | Izenburua | Ikastetxea |
|---|
| 1. saria | Mikel Manzisidor | Krak! | Aita Larramendi (Andoain) | | 2. saria | Garazi Usandizaga | Magtre | Aita Larramendi (Andoain) | | 3. saria | Ainhoa Mariezkurrena | Maite zaitut | Pasaia Lezo Lizeoa | |
A kategoria - Poesia
| Saria | Egilea | Izenburua | Ikastetxea |
|---|
| 1. saria | Ander Rabano | Uste baino okerrago | La Salle Berrozpe (Andoain) | | 2. saria | Imanol Iraola | Nire txoria | La Salle Berrozpe (Andoain) | | 3. saria | Eneritz Dueso | Olerkia | Txingudi BHI | |
B kategoria - Poesia
| Saria | Egilea | Izenburua | Ikastetxea |
|---|
| 1. saria | Mikel Manzisidor | Idazten | Aita Larramendi (Andoain) | | 2. saria | Aitor Garcia | Zure irrifarra ikusteagatik | La Salle Berrozpe (Andoain) | | 3. saria | Iraitz Ugalde | Malkoetan amesten | Lezo Ikastola | |
Idaztera bultzatu, irakurtzera bultzatu
Esan bezala, Idazle Gazta sariak gazteak idaztera bultzatu nahi ditu. Era berean, aipatutako Internet bidezko bozka-sistemari esker gazteak eta orokorrean edonork epaimahai gisa parte har dezakeenez, gazteen irakurzaletasuna sustatu nahi dute Galtzagorrik eta Gipuzkoako Aldundiak.
Saridunen izenak datorren ekainean emango dira ezagutzera horretarako Donostian egingo den ekitaldi berezian. Ekitaldi berean, Liburu Gaztea ekimeneko irabazleen izenak ezagutaraziko dira.
(IZASKUN JAUREGI Galtzagorriko idazkari teknikoa da)
|