|
Inork, bertso bat nola osatzen den jakin nahi badu (zenbat silaba, oinak non, nola egin...) badago non aurkitua; baina, plaza batean gaiak jarri nahi dituenak badaki nora jo? Zenbat bertsoaldi behar dituen saio batek? Zein ariketa mota?...
www.gaijartzailea.com bloga, etxean pilatutako materialari irteera emateko helburuarekin sortzeaz gain, hutsune bat zegoela ohartu eta horri erantzuteko asmoz sortua dago. Blogak zerbitzu hori eman nahi du, gomendioak eta pistak saioa antolatu nahi duen horri.
Gai-jartzailearen lana irakatsi
Nahiz eta, oholtza atzean eta bazterrean dagoen aulkikoa izan gai-jartzailea, oholtza gainean dagoen artean garrantzia handiko elementu bat da.
Egunen batean, bertsolari bat jaialdi batera iritsiko ez balitz, saio hori egiteko modua egongo litzake, baina gai-jartzailea bada joaten ez dena? Zer gertatzen da? Nork egingo du lan hori?
Azken batean lana da gai-jartzailearena, eta lana den neurrian bere denbora eta ezagutza eskatzen du. Nik, urteotan bildutako ezagutza jarri dut blogean, jendearen lagungarri izan litekeelakoan.
Baina, lagungarri izateaz gain, eztabaidarako eta iritzi trukerako leku bat izan nahi du. Jendearen kezkak, usteak eta delakoak bilduko dituen leku bat.
Bertso-eskoletarako ere baliagarria
Bestetik, txapelketetako gaiak ere ipiniko dira bertan, egindako lanaren erakusle. Materiale guzti hau, bertso-eskoletarako ere baliagarria da oso. Bertso-eskoletan, bertsotan ikasten delako eta bertsotan egin ahal izateko gai bat behar izaten da abiapuntu eta askoren arazoa horixe izaten denez, hementxe bada irtenbidetxoa.
Blog pertsonal bat izanik ere, beste gai-jartzaileen saioetako gaientzako lekua ere izan nahi du.
(UNAI ELIZASU LERTXUNDI gai-jartzailea eta www.gaijartzailea.com" blogaren egilea da)
|