Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Bigarren itzulian euskarari buruzko proposamenak zehazteko deialdia egin du Kontseiluak

Bigarren itzulian euskarari buruzko proposamenak zehazteko deialdia egin du Kontseiluak

2008-03-14 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Ipar Euskal Herriko hauteskundeen bigarren itzulirako hautagaiei proposatzen dituzten hizkuntza-politiken zehaztasunak emateko eskaera luzatu die. "Kasu gehienetan programen lausoak erabili dira eta ez da zehaztasunik eman", azaldu dute.

Kontseiluaren ustez, euskal herritarrek badute hautagaiek hizkuntza-politika nola garatu nahi duten zehatz-mehatz ezagutzeko eskubidea eta horren ondorioz, Kontseiluak proposamen gisa aurkeztu duen deliberoan jasotzen diren puntuen aurrean zer jarrera duten ezagutu nahi du.

Oro har, euskararen aldeko jarrera hartzen badute batzuek, "euskara garatu", "euskara sustatu", "euskara bultzatu", ez dute proposamen konkreturik egiten. Kontseiluak, euskararen sustapena eta garapenaren alde ekiteko, zein neurri konkretu, zein motako hizkuntza-politika, zein helbururekin, zein eperekin, zein neurgailurekin onartuko duten galdegin nahi die. Garaia da, proposamen hauek fintzeko, eta herritarrei zehaztapenak emateko. "Ez ahantz, egitarauak berak hizkuntza-politika bat finkatzen duela, hots, euskararen alde deus ez agertzea ere hizkuntza-politika egitea dela, baina euskararen kontrakoa". Bestetik, arduradunek oroitarazi dute, dirulaguntzen banaketa garrantzitsua bada ere, ez dela nahikoa hizkuntza-politika bat garatzeko, horrez gain deliberoa eta Planen bozkatzea ezinbestekoa dela.

Kontseiluko ordezkariek herrietako eta kantonaletako hauteskundeetara aurkeztutako programen azterketa plazaratu zuen aurreko astean. Neurketa horren arabera, hautetsiek ez zuten zehaztasun handirik eman euskararen normalizazioaren inguruan. Bigarren itzulian, herritarrek jakin dezaten proposamenak zehaztasunez azaltzeko deia egin dute Kontseilutik.

Egitarauen neurketa

Hauteskunde kantonaletako 40 egitarau eta aitorritzak aztertu zituen Kontseiluak. Ondorio gisa euskararen erabilera eskasia azpimarratu zuen, bakar batek baino ez baitu erabili elebitasun osoa, batzuk gainera frantses hutsean atzeman dituzte. Proposamenen azterketa ere egin zuten Kontseiluko ordezkariek, honetan alderdi eta hautagai gehienek zehaztasunik gabeko aipamenak eta proposamen lausoak agertzen zirela salatu zuten. Hemen ikus dezakezue hauteskunde kantonaletarako programen neurketa

Bestetik, herrietako hauteskundeetarako egitarauak ere aztertu zituzten Kontseiluko adituek. Orotara 8 herri eta 28 egitarau aztertu zituzten, 28 horietatik 5 elebidunak direlarik. Kasu honetan ere euskararen erabilera murritza izan zela ohartarazi zuten. Proposamenen inguruan oraindik euskara kulturarekin nahasteko joera dagoela kritikatu zuten. Era berean proposamenak oso desorekatuak izan ziren herrien arabera, batzuetan hitz eta esaera lausoetan oinarritu dira. Aitzitik, badira proposamen ausartak egin dituzten hautagaiak eta Hizkuntza Politika egoki baten oinarriak definitu dituztenak.

Delibero eredugarriak

Bestetik, Kontseiluak urtarrilean jendaurrean aurkeztu zuen Herriko Etxeetan herritarren hizkuntza-eskubideak arauz bermatzeko xedez sorturiko deliberoa. Izan ere, euskararen aldeko neurriak hartzea garrantzizkoa baldin bada, premiazkoa da, halaber, neurrien aplikazioa ahalbidetuko duen tresna juridikoa onartzea. Delibero honen bitartez euskarari dagokion maila juridikoa eman nahi zaio herritarren hizkuntza-eskubideak bermatze-bidean. Era berean, alderdi politikoei delibero eredugarriak igorri zizkien Kontseiluak.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com