Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Merkataritzan kanpaina berria jarri du abian UEMAk

Imanol Haro / Bestelakoak / 2008-03-12 / 07:00


Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) kanpaina jarri du abian, merkataritza establezimenduetan elkarteak berak sortutako euskarazko materialaren berri emateko.



Kanpaina 2008 urte hasieratik dago abian: gutun bidez, UEMAko herrietako 839 merkataritza establezimenduri UEMAren euskara zerbitzuaren berri eman die UEMAk, eta, horrez gain, 2008ko egutegia oparitu. Hauexek dira herrialde bakoitzean banatutako egutegi kopuruak: Araban 23, Bizkaian 127, Nafarroan 180 eta Gipuzkoan 509.

UEMAk doan ematen du euskara zerbitzua. Batzuetan, ageriko ohar idatziak euskaratzen ditu (ordutegia, menua, prezio zerrenda, eskaintzak, abisuak ...). Beste batzuetan, lehendik euskaraz daukaten oharren bat txukunxeago jartzea da UEMAren lana, baita gaztelaniaz daukatenen bat euskaratzea ere. Dena orri eredu berdinetan eta plastifikatuta ematen die UEMAk.

Hiztegingintzan ere lan handia du eginda UEMAK, hamaika hiztegi sortu baititu: jatetxe eta tabernetarako, harategietarako, arrandegietarako, okindegi eta gozotegietarako, dentisten zerbitzuetarako, elkarte gastronomikoetarako, frutategi eta barazki dendetarako, burdindegietarako, drogeria eta lurrindegietarako, ileapaindegi eta estetika zentroetarako... Hiztegiez gain, euskara hutsezko bestelako material ugari sortu du: faktura takoak, ordainagiriak, loteria takoak, merkealdietarako materiala, Tabako Legearen berri emateko kartelak (erretzea libre dela edo erretzea debekatuta dagoela adierazteko)...

Material hori guztia www.uema.org webgunean dago, nahi edo behar duenarentzat eskuragarri. Nolanahi ere, horko edukiak beste hiztegi batzuk edo material berria egiteko erabiltzen dituenak baldintza hauek bete beharko ditu: egilea UEMA dela adieraztea, argitaratu beharreko materialean UEMAren logoa jartzea eta UEMAri jakinaraztea material hori nola eta non erabiliko den.

2008rako egitasmoak

2008an, aurreko urteetako lan ildoari jarraituko dio UEMAk, eta honako egitasmo hauek egitea du helburu: hiztegi espezifiko gehiago egitea (adibidez, inmobiliarietarako hiztegia), urtean bi aldiz merkealdietarako kanpaina banatzea (tirak, ehunekoak, lehen/orain txartelak...), elkarlana sustatzea (Bai Euskararekin edota tokian tokiko euskara taldeekin), establezimenduetako datuak eguneratuz joatea eta aldiro-aldiro euskara zerbitzuaren berri ematea.


(IMANOL HARO UEMAko hizkuntz normalizatzailea da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1205231018