|
Joan den larunbatean (2008-3-8) hil zen, Donostian, Jose Ignacio Telletxea Idigoras euskaltzain urgazlea, 79 urte zituela. Haren aldeko hileta-elizkizuna gaur, asteartean 2008-3-11), izango da Donostian, Artzain Ona katedralean, iluntzeko 19:30etan.
Jose Ignacio Telletxea Idigoras Donostian sortu zen, 1928ko apirilaren 15ean. Erromako Unibertsitate Gregorianoan Eliz historian, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutensean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen. Teologian doktorea zen.
Gasteizko Teologia Fakultatean irakasle izan zen, bai eta Salamancako Elizaren Unibertsitatean ere. Salamancan jubilatu zen.
1952. urtean, Erroman, Fray Bartolome de Karranzaren eskuizkribuak aurkitu zituen. Haren lana zabaldu zuen, baita Catalina Erauso, Manuel Larramendi, Molinos, Miguel de Unamuno eta beste hainbat pertsonaia historikorena ere. Aurkitu zituen dokumentu berri guztiak zabaldu zituen.
Loiolako Inazioren biografia da, ezbairik gabe, bere lanik ezagun eta zabalduena: Ignacio de Loyola, solo y a pie. Gaztelaniaz idatzia, hizkuntza askotara dago itzulia: euskarara, frantsesera, italierara, portugesera, alemanera, ingelesera, polonierara, hungarierara, japonierara. Euskarazko itzulpena, Loiola'ko Inazio, bakarrik eta oinez, (1987) Pedro Berrondo euskaltzain urgazle izan zenak egin zuen.
Artxibo arakatzaile eta dokumentu ezezagun bilatzaile nekaezina izan zen Telletxea Idigoras.
Euskaltzaindiak 1979ko abenduaren 20an, euskaltzain urgazle izendatu zuen. RIEV eta Eusko Ikaskuntza elkarteetakoa zen, baita Espainiako, Venezuelako eta Mexikoko Historia Akademietako kidea ere.
Sariak eta omenaldiak
- 1990ean, Andoaingo Udalak herriko domina eman zion.
- 2001ean, Eusko Ikaskuntza Sariaren Manuel Lekuona saria eman zioten.
- Premio de las Letras "Teresa de Avila".
- 2004ko abenduaren 28an, Orfeoi Txikik eta Ainhoa Artetak Gabonetako ohiko kontzertua eman zuten Unicefen alde. Ignacio Telletxea Idigoras idazlea izan zen ekitaldiaren aurkezlea; Unicefen Espainiako Batzordea "Donostiako Orfeoiaren Ohorezko Lagun" izendatu zuten bertan, eta abesbatza, berriz, "Unicefen erakunde laguntzaile".
- 2006ko abenduan, Loiolako basilikan eta Zumaiako Zuloaga Museoan omendu zuten.
Lan batzuk
Telletxea Idigorasek liburu asko argitaratu zituen. Hauek dira bere lan batzuk:
- El Amable Venturino. 1955
- Bartolomé Carranza arzobispo. Un preludio evangélico en la Silla de Toledo. 1958
- Carlos V y Bartolome de Carranza. Un navarro junto al lecho de muerte del emperador. 1958
- El Papado y Felipe II (liburuki batzuk)
- Edición crítica del Catecismo de Carranza
- Ignacio de Loyola solo y a pie
- Elogio de Juan de Idíaquez por el Cardenal Guido Bentoiroglio. 1953
- Los nombres de las casas de Ituren (Navarra) en el siglo XVII. 1958
- Prolegómenos jurídicos del proceso de Carranza. Los protestantes de Valladolid. 1959
- Schchardt y el vascuence. 1960
- El arzobispo Carranza y su tiempo. 1968
- Memorias sobre el proceso y muerte del Arzobispo Carranza. 1977
- ¿Por qué no se publicó en el siglo XVIII la Corografía del Padre Larramendi? 1977
- Tiempos recios. Inquisición y heterodoxias. 1977
- Inquisición: Martillos de herejes
- Santiaguistas guipuzcoanos. Kutxa Fundazioa. 2004
- Los sueños de Francisco de Javier. 2006
- El Proceso del Doctor Migue Molinos. 2007
|