|
Jose Manuel Lasarte eta Jesus Atxa euskaltzain zirenei eskainitako hilberri txostenak irakurri zituzten joan den ostiralean (2008-2-29) Euskaltzaindiak Bilboko bere egoitzan. Patxi Zabaletak irakurri zuen Lasarterena eta Jose Luis Lizundiak, berriz, Atxarena.
Jose Manuel Lasarte euskaltzain urgazlea
Jose Manuel Lasarte euskaltzain urgazlea
(Etxarri Larraun, 1927-6-20 / Iruñea, 2007-4-17)
Iruñean apeztu zen, 1951n. Lau urte Luzaiden eman zituen, bederatzi urte Berueten -han tokiko irrati bat sortu zuen- eta gero Leitzara joan zen, horko Industria eta Nekazaritza eskolako zuzendaria izan zelarik. Leitzatik Uharte Arakilera bidali zuten eta bertako elizaren zaharberritze lanetan partehartze handia izan zuen; horrezaz gain, parrokiako korua sortu eta zuzendu zuen. Urte batzuk geroago, Etxarri Larrauneko parrokiaren konponketa lanetan ere buru belarri aritu zen.
1991n, Uharte Arakil utzi eta Iruñera joan zen. Caritas Diocesana erakundearen administratzaile orokorra izan zen. Azken urteotan, Seminarioko Apaizen Egoitzan bizi zen. Beste karguren artean, eremu euskalduneko lurralde-bikario izan zen, bi aldiz gainera.
Príncipe de Viana aldizkarian, "Euskeraren Aldeko" sailean lan egin zuen. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen, 1964ko urtarrilaren 30ean.
Lasarteren bizitzaren aipatu pasarteak, gehi beste batzuk, gogora ekarri zituen Bilbon Patxi Zabaletak. Horiek guztiak ikusta, honela esan zuen euskaltzainak: "Ikusten den bezala, Jose Manuel Lasarte, ekimen izugarrizkoa zen, eginkizun anitzen bultzatzaile, egile edo kudeatzaile. Aztertzea edo ikertzea baino atseginago zuen egitea. Oldoztera baino gehiago jotzen zuen egitera. Izaeraz ausarta izaki eta zerbait ikasi orduko erakusten hasi nahi izaten dutenetakoa zen Jose Manuel”.
Jesus Atxa ohorezko euskaltzaina
(Aretxabaleta, 1920-5-28 / Iruñea, 2007-10-23)
1960an erabat murgildu zen euskal kultura eta ikastolen munduan. Bizkaiko ikastolen bultzatzaile sutsua izan zen Jesus Atxa. Gipuzkoako herri batzuetan ere lan bera egin zuen eta lurralde horretako Ikastolen Elkartea sortu aurretiko bileretan eta ekimenetan ere parte hartu zuen.
Nafarroan ere ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izana zen Jesus Atxa: 1970. urtean Iruñeko San Fermin ikastolako zuzendari izendatu zuten eta bertan jardun zuen jubilatu zen arte. 1977an Nafarroako Ikastolen Elkarteko sorreran parte hartu zuen. 1990ean Nafarroako Ikastolen Historiarako Artxiboetako arduradun aukeratu zuten. Jose Luis Lizundiak esan zuen bezala, "Nafarroako norbaiti dagokio Atxak herrialde horretan euskalgintza alorrean, bereziki ikastola munduan, egindakoa historiatzea".
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren sorreran ere hartu zuen parte. Euskaltzaindiak 1967ko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen eta euskaltzain ohorezko, berriz, 1998ko apirilaren 24an.
|