![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Itxaso Ferreras - Kontseilua / Irakaskuntza / 2008-02-13 / 07:00
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Kontseiluak eta Nazio Eztabaida Guneak bat egin dute Euskal Herriak behar-beharrezkoa duen proiektu berri bat abian jartzeko: Euskal Unibertsitatea.
2008-2-11n aurkeztu zuten hiru erakundeotako ordezkariek proiektua. Prentsaurrekoan Lore Erriondok, UEUko zuzendariak; Xabier Mendigurenek, Kontseiluko Idazkari Nagusiak; Maite Aristegik, Nazio Eztabaida Guneko ordezkariak eta Joxan Oizek, Euskal Unibertsitatea Sustatzeko Taldeko koordinatzaileak hartu zuten parte hiru erakundeen arteko hitzarmena aurkezteko.
Euskal Unibertsitatea Euskal Herria osoaren garapenaren zerbitzura egongo den unibertsitate euskaldun, herritar eta nazional berria da, edo hobeki esanda, izango da.
Gaur egun ez dago Euskal Herrian halako ezaugarriak betetzen dituen unibertsitaterik, eta Euskal Herriak behar-beharrezkoa du. Izan ere, gauza jakina baita hezkuntza eta ikerkuntza alorrek jendarte zein herrien garapen eta biziraupenean duten garrantzia. Hezkuntza, gizakiok (banakako eta gizarte gisa) zein herriek dituzten beharren aurrean, herritarrak prestatu eta formatzeko bitartekoa da-eta.
Euskal Unibertsitatea aspaldiko aldarrikapena da gainera gure herrian. Azken urtetan asko izan dira aldarrikapen hori defendatu izan dutenak: ikasle mugimenduetatik hasi, irakasle nahiz intelektual taldetatik pasatuz eta zenbait herri eragilera iritsita, ahots askoren aldarria izan da.
Azken urte hauetan aldarrikapen hori egitasmo egingarria bihurtzeko urrats sendoak eman dira. Abiapuntua Udako Euskal Unibertsitateak 2003. urtean egindako II. Kongresuan jar dezakegu. Bertan 1973an sortu zenetik bere helburu estrategikoa izan dena erdiesteko, alegia, euskal unibertsitatea lortzeko, neurri praktikoak hartzea erabakitzen da, Euskal Unibertsitatearen egitasmorako zuzendari-ondokoa izendatuz eta lan batzorde bat martxan jarriz.
Batzorde hori lanean aritu da azken urteotan, batzuetan agerraldi publikoak eginez, baina gehienetan isilpeko lanean Euskal Unibertsitatearen proiektua garatuz. Hartara, unibertsitate berri hori nola egin diseinatzen egon dira, alor juridikoan, ekonomikoan, akademikoan... eta horren emaitza nagusia "Euskal Unibertsitatea" izeneko aurreproiektua izan da (2006ko uztaila). Aurreproiektua bost oinarri nagusiren gainean egina dago, bultzatu nahi dugun unibertsitate berriaren izaeraren oinarri direnak:
Aipatu aurreproiektu horren azken atalak, hain zuzen ere, "Unibertsitaterako bidea" du izena eta bertan zera adierazten du:
"Euskal Unibertsitatearen egitasmoak duen garrantzia eta dimentsioa aintzat hartuta, UEUk ezinbestekoa ikusten du hainbat bide-lagun izatea. Funtsean, aurrerantzean egitasmoaren ardura eragile baten esku egon beharrean HIRUKOTE baten ardura litzateke: UEU, Nazio Eztabaida Gunea eta Euskararen Kontseilua."
Hortaz, gaurko ekitaldi honetan Euskal Unibertsitatearen proiektuaren garapen eta gauzapenerako abiapuntua izanen den hitzarmena aurkeztea dugu helburu. Hitzarmen honi esker hiru erakunde hauek, beraz, euren elkarlana hezurmamitzen dute Euskal Unibertsitatearen Sustapen Taldea sortuaz, talde honentzat ordezkari bat izendatuaz (Joxan Oiz jauna), eta Euskal Unibertsitatearen egitasmoa arrakasta bidean jarri ahal izateko euren ekarpen eta elkarlana hitzartuaz.
Hirukote honen helburu nagusia Euskal Unibertsitatearen aldeko Fundazioa sortzea da. Fundazio honek, Euskal Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko izan daitezkeen eragile sozial eta ekonomikoak bilduko lituzke, eta hurrengo urtetan urrats sendoak emanez egitasmoa gauzatuko luke.
Fundazioa osatze bidean, hurrengo hilabetetan eragile sozial, ekonomiko, sindikal eta politikoekin harreman-saio zabala aurrera eramango dugu.
(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)
![]() | Inprimatu |