|
Ezagutzatik erabilerara pasatzea eta euskal hiritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, euskal herri-administrazioaren baitan euskara erabiltzeko benetako aukera berdintasuna posible eginez. Horiexek dira Eusko Jaurlaritzak herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko IV. Plangintzaldiari begira finkatu dituen irizpideen funtsezko bi helburuak.
IV. Plangintzaldiak 2008-2012 epealdia hartuko du eta bitarte horretan EAEko herri-administrazio ezberdinetan gauzatuko diren euskara planetan kontuan hartzeko irizpideak 2008-2-7an aurkeztu zituzten Donostian Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) ordezkariek. Patxi Baztarrika sailburuordea, Jokin Azkue Herri-administrazioetan Euskara Normalizatzeko zuzendaria eta Joseba Lozano teknikaria izan ziren aurkezpenean. Eusko Jaurlaritzak egin du aldi honetako bere erabilera plana, eta orain beste herri-administrazioen esku jartzen ditu bere plana taxutzeko irizpideak.
Ezagutza eta benetako erabilera uztartu
Baztarrika sailburuordearen esanetan, "ezagutza eta benetako erabilera orain arte baino gehiago eta hobeto uztartzen asmatu behar dugu plan honetan".
Planaren helburu zehatzak oraindik zehazteke dauden arren, orain aurkeztu diren irizpideen arabera hiru oinarri nagusi aurrikusten zaizkio: herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, ahalik eta langile gehienen parte-hartzea bultzatzea eta parte-hartzaile horiek euskara ere lan hizkuntza gisa erabiltzea. Izan ere, herri-administrazioan euskara dakiten langileen kopurua "altua" izan arren, "gehienen lan hizkuntza gaztelania da", HPSko ordezkariek onartu dutenez.
III. Plangintzaldiaren balorazioa
Jarraian, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak joan den asteko aurkezpenean plazaratu zuen III. Plagintzaldiaren balorazio txostenean jasotakoak dijoazkizue.
Gaur eguneko egoera, datu kuantitatiboei begiratuta
- Ezagutza handia eta erabilera urria
- Euskararen presentzia nahiko bermatua:
- Hizkuntza paisaia
- Kanpo proiekzioa
- Erakundearen kanpo harreman ofizial idatzikoetan
- Hedapen elebiduna: itzulpenari esker, hein handi batean
- Herri-administrazioen eta langileen ahaleginari esker, prest gaude euskaraz lan egiteko, eta, ez hori bakarrik, gero eta gehiago egingo dugu.
- Datu esanguratsu batzuk:
- Herri-administrazioetako langileak oro har: 33.889 (udalak, foru aldundiak eta Administrazio orokorra, beste batzuen artean...).
- Langile horietatik 15.900 lanpostuk du ezarria derrigortasun data (% 46,92).
- Derrigortasun data izanik, dagokien hizkuntza gaitasuna egiaztatu dute 8.834 langilek.
- Derrigortasun data izan gabe ere, 3.209 langilek dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatua dute.
- Beste datu zenbait:
- 12.043 langilek hizkuntza gaitasuna egiaztatua du derrigortasun data izan edo ez izan (% 35,54).
- Herri-administrazioetako langileen erdiak baino gehiagok egiaztatu du hizkuntza eskakizunen bat (%57,43).
- Egiaztatze datuak alderatuz, azken 12 urtetan hauxe izan da bilakaera:
- % 130ean egin du gora egiaztatze mailak, langileriak, berriz, % 29.
- 1995ean 3.829koa zen egiaztatzea eta 2007an 8.834koa.
Ondorioak
- Herri-administrazioetako langileen % 57,43k hizkuntza eskakizunen bat egiaztatzen du.
- Herri-administrazioetan 12.043 langilek badu gaitasuna euskara lan hizkuntza moduan erabiltzeko.
- Euskararen ezagutza beharrezkoa da erabilera ziurtatzeko, baina hori baino gehiago behar da.
- Badira beste aldagai batzuk erabileran eragina dutenak: ohitura eza, ziurtasun falta, egoera soziolinguistikoa... Erabilera sustatzeko aukerak bermatu behar dira.
- Hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak bitarteko dira euskararen erabilera bermatzeko.
- Herri-administrazioek benetako urratsak eman behar dituzte euskara lan hizkuntza izan dadin, hori bai, malgutasunez, progresibitatea zainduz eta herritarren hizkuntza eskubideak babestuz.
IV. Plangintzaldia: irizpědeak
Hona hemen, bestalde, hasieran aipatutako irizpideen zerrenda.
Eragin eremua
86/1997 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako esparrua:
- EAEko Administrazio Orokorra eta bere erakunde autonomoak.
- Herri kontuen Euskal Epaitegia.
- Lan Harreman Kontseilua.
- Foru- eta toki-administrazioak eta beren erakunde autonomoak.
- Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiak.
- Euskal Herriko Unibertsitateko administrazioa eta zerbitzuetako langileak.
Eragin epea
2008ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 31ra.
Xede nagusia
Euskara ere Administrazioko lan hizkuntza "normala" izatea.
Oinarri nagusiak
Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako irizpideak
- Araubide orokorra, helmuga
- Berrikuntzak
- Administrazioaren jarrera aktiboa
- Sortze lanaren sustapena, itzuli gabe
- Kalitatezko komunikazioak / testu zuzenak, argiak, jatorrak eta egokiak
- Idazketa elebiduna, korredakzioa
Inoiz baino langile gehiago erabilera planetan
Eusko Jaurlaritzako irizpideak aintzat hartzen badira, erabilera normalizatzeko planean langile hauek hartuko lukete parte, lanpostuen jabe izan edo ez izan: derrigortasun data ezarria izanik, dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatu
dutenek, edozein dela ere beren atalaren izaera (2008ko urtarrileko datuen arabera: 8.834).
Horietaz gain, derrigortasun data ezarri gabe izanik, dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatu dutenei gonbita egin ahal izango diete herri-administrazioek euren borondatez erabilera planean sartzeko (2008ko urtarrileko datuen arabera: 3.209).
Gainera, salbuespen gisa, zenbait lanposturen lan-jardunak estrategikotzat jotzen badira, erakundeak gonbita egin ahal izango die derrigortasun data izanik dagokien hizkuntza eskakizuna baino bat baxuagoa egiaztatu dutenei (905).
Guztira, parte har dezaketenak: 12.948 (% 38,20)
Erabilera planetako lehentasun komunikatiboak
- Zer egingo da euskaraz?
- "Azterketa komunikatiboa"
- Erabilera planetako langileen lan-jardun nagusiak
- Lan-jardun nagusi horietako ahozko eta idatzizko komunikazio esanguratsuenak
- Komunikazio horiek lehenesteko irizpideak
- Herritarrekiko harremanak
- Euskara lehenetsi dutenekiko komunikazioak
- Administrazio barruan eta administrazio arteko harreman-sarea
- Eragin handiko komunikazioak
- Administrazioak egoki irizten dituenak
Prestakuntza, metodologia, antolakuntza, partaidetza eta jarraipena
- Berariazko prestakuntza, bi bide:
- Ikastaroak: hautatutako lan-jardunak euskaraz egiten ikasteko
- Trebakuntza saioak: ikastaroan ikasitakoa lanean erabiltzeko
Epe mugatua:
- Hasi: langileak komunikazioa lantzeko laguntza behar duenean
- Bukatu: komunikazio hori euskaraz egiteko gauza denean
- Metodologia: erraza eta malgua
- Helburuak
- Adierazleak
- Estrategiak
- Ekintza plana
- Antolakuntza egiturak:
- Hizkuntza Ofizialen Kudeaketa Batzordea
- Hizkuntza Ofizialen Batzorde Iraunkorra (administrazio handietan)
- Partaideak:
- Planak eragindako langileen ordezkaria/k
- Planak eragindako langileen arduraduna/k
- Normalkuntza teknikaria/k
- Euskararen ardura daraman kargu politikoa/k
- Euskararen erabileraren jarraipena
- Urteko balorazio txostena
- IV. Plangintzaldiaren tarteko eta bukaerako balorazioa
Ondorioak
- IV. Plangintzaldiaren helburua da ezagutzatik haratago joan eta euskara erabiltzea, betiere, malgutasunez baina etengabe.
- Hizkuntza ofizial bien arteko oreka lortzera jo behar da, egoera txarragoan dagoenaren erabilera indartuz.
- Neurriak hartu beharra dago herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.
- Helburua ez da euskara inposatzea, baizik eta euskara ere lan hizkuntza bezala erabili izatea, gaztelania bezala.
- Gauza guztien gainetik, beharrezkoa da herritarrek hizkuntza hautatzeko duten eskubidea errespetatzea.
- Erabileraren normalizazioa malgutasunez egin behar da, aurrera begira eta modu aktiboan.
- Asmoa herri-administrazioei laguntzea da, haiekin batera euskararen normalizazioan aurrera egitea, eta ez irizpide hauek haiei ezartzea.
|