|
Ipar Euskal Herrian herrietako hauteskundeak hurbiltzen zaizkigun heinean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Herriko Etxeetan herritarren hizkuntza-eskubideak arauz bermatzeko xedez sorturiko deliberoa aurkeztu du.
2007an Hego Euskal Herriko udaletan euskararen normalizazioa sustatzeko aurkeztutako euskararen ordenantza eredugarriak oinarrian, Ipar Euskal Herrira moldaturiko deliberoak landu ditu orain Kontseiluak.
Izan ere, euskararen aldeko neurriak hartzea garrantzizkoa baldin bada, premiazkoa da, halaber, neurrien aplikazioa ahalbidetuko duen tresna juridikoa onartzea. Delibero honen bitartez euskarari dagokion maila juridikoa eman nahi zaio herritarren hizkuntza-eskubideak bermatze-bidean.
Baionan aurkeztu dituzte Kontseiluko ordezkariek Delibero eredugarriak, hau da, Herriko Etxeetan eta herrietan euskararen erabilera normalizatzeko arau-proposamena. Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendiguren, Ildo politiko-instituzionaleko arduradun den Iñaki Lasa eta Iparraldeko ordezkaria den Ione Josié, izan ziren prentsaurrekoan.
Deliberoen ezaugarriak azaldu baino lehen Kontseiluko idazkari nagusiak herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko euskararen corpus juridikoaren garrantzia azpimarratu zuen: "Herriko etxeek zeregin inportantea dute euskararen normalizazioan, hori dela eta, hauteskunde-garaia dela baliatuz konpromiso zehatzak hartzeko deia egin nahi diegu alderdi politikoei eta hautetsi guztiei".
Administrazio Publikoen autonomia-printzipioa kontuan hartuz, adieraz dezakegu herri-administrazioari badagokiola euskararen normalizaziora iristeko behar diren neurriak hartzea, euskararen erabilera bermatu eta arautzea, hala nola ezagutza segurtatzeko behar diren neurri eta bitartekoak erabaki eta erregulatzea.
Arau falta gainditzeko eredua
Kontseiluak proposatutakoa eredua da, hautetsiek aztertu eta lekuan lekuko egoera eta oreka soziopolitikoaren arabera forma desberdinak izan ditzakeena, baina, edozein kasutan gaur egun dugun arau falta eta babesgabetasun egoera gainditzeko bidea eskainiko duena. "Delibero hauek oinarriak finkatzen dituzte, euskararen erabileraren normalizazioari buruzko herri ekintza arautzeko", azaldu zuen Ildo politiko-instituzionaleko arduradunak.
Delibero hauen bidez euskara herriko hizkuntza ofiziala eta lehentasunezkoa izendatzen da. Bestetik, aplikazio-eremua ere zehazten du: "Herriko Etxeak, bere jardun osoan, eskumeneko kanpo-zerbitzuetan eta lotuak zaizkion erakundeetan ere delibero hauen xedapenak ageri eremuetan aplikatuko ditu".
Lau herri-tipologia
Deliberoak hainbat arau proposatzen ditu, beti ere lau herri-tipologia kontuan izanda. Euskaldun kopurua kontuan hartu du Kontseiluak arauaren graduazioa zehazteko. Aipatzen diren gaien artean Herriko etxearekiko harremanak euskara hutsean ziurtatzea, laneko hizkuntza euskara izatea, langileak euskalduntzea, harreman elebidunak segurtatzea eta lanpostuak betetzeko prozedurak zeintzuk izan behar diren zehazten dira Delibero eredugarriak dokumentuaren bitartez. Herritarren ezagupena eta erabilpenaren sustapena, irakaskuntza ez-unibertsitarioa eta herriko haurtzaindegietan euskararen trataera ere zein izan behar den proposatu dute Kontseiluko ordezkariek, besteak beste.
Delibero hauetan, hizkuntzaren erabilera normalizatzeko plana da, ezinbesteko tresnatzat jotzen da. Beraz, lehen lehenik, Herriko Etxeak, aipatu puntuak bilduko dituen Plana onartu behar luke eta aplikazioaz arduratzeko baliabideak bozkatu.
Aurkezpena alderdi politikoei
Delibero eredugarriak alderdi politikoei aurkeztuko dizkiete Kontseiluko ordezkariek. Alderdi denei egin diete gonbidapena proposamena kontuan izan dezaten hauteskunde-garai honetan.
Era berean, hauteskundeak izan bitartean, Kontseiluak egingo dituen ekintzen berri eman zuten ordezkariek prentsaurrean. Batetik, alderdi politikoekin egongo dira Delibero eredugarriak azaltzeko eta proposatzeko. Gainera hautetsiekin ikastaro bat egin nahi dute azalpena osatzeko. Era berean, hauteskundeetako egitarauen azterketa egingo dutela iragarri dute Kontseiluko ordezkariek. "Hauteskundeetarako eskaintzetan euskararen normalizaziorako proposatzen dituztenak aztertuko ditugu", azaldu dute.
(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)
Ildo bereko artikulua (ikusteko gainean sakatu)
|