Egin klik hemen INPRIMATZEKO


2008ko lehen konpromisoa: elkarteak euskaraz

Itxaso Ferreras - Kontseilua / Bestelakoak / 2008-01-22 / 07:00


Zein da zure elkartean euskararen egoera? Hau da 2008-1-17an Kontseiluak Donostiako Ikasbide elkartean Euskal Herriko norbanakoei egindako galdera. Horrekin jarri dute abian norbanakoen konpromisoen inguruan urteko lehen kanpaina; norbanakoei zein herritar guztiei zuzenduriko desafioa, elkarteetan euskara sustatzea helburu duena. Hain zuzen ere, hori da kanpainaren estrategia: norbanakoen eskutik, elkarteetan eragitea.



Norbanako konpromisoak

Norbanako konpromisoak

2005etik dihardu Kontseiluak norbanako-konpromisoen kanpainak burutzen. Orduan, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzeari begira, Kontseiluak hizkuntza-eskubideak nire konpromisoa kanpaina abiatu zuen, eta ehunka lagunek sinatu zuten konpromiso-orria. Esandako kanpaina horrek nire konpromisoa ~ denon konpromisoa zuen leloa eta izenburuak adierazi bezala, helburu argia zuen: hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa lortzeko nork bere konpromisoa beste batzuen konpromisoarekin batzea, horrela, guztien indarrak baturik euskararen normalizazioaren aldeko olatuak eraginez.

Urteotan Kontseiluak hainbat konpromiso bultzatu ditu: fakturak euskaraz eskatzeko, telefonoa euskaratzeko, propaganda euskaraz jasotzeko eta abar. Horietako hainbat kasutan, gainera, emaitzak lortu dira.

Zein da zure elkartean euskararen egoera?

Oraingoan ere, norbanakoen eskutik elkarteetan eragitea da Kontseiluak hautatutako bidea. Izan ere, Euskal Herrian mota guztietako milaka elkarte dago, eta horietako askotan, euskararen egoera ez da batere ona. "Elkarte asko ditugu gure artean, baina are gehiago dira, elkarte horien bazkide eta kideak. Horiei, norbanakoei, herritarrei, eskatu nahi diegu euskararen alde egin dezatela", adierazi dute Kontseiluko ordezkariek.

Kontseiluak bide bat baino gehiago hautatu ditu kanpaina berri hau norbanakoei aurkezteko. Hasteko, test bat prestatu du norbanakoak bere elkartean euskararen egoera zein den azter dezan. Milaka eskuorri banatu dira testarekin, baita postaz igorri ere. Eskuorria banatzeaz gainera, formatu elektronikoan ere erabiliko dute (http://www.kontseilua.org/euskarria/inkesta.cfm), kanpaina interneten bidez zabalduz.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Norbanako konpromisoetan parte hartu ohi duten ehunka lagunei testa eta proposamena helarazteaz gain, ehunka elkartetan ere kanpainaren inguruko informazioa jasoko dute, elkarteen kideei parte hartzeko gonbitarekin. Horretaz gain, Kontseiluak herritar guztiei kanpainaren berri eman nahi die, guztioi baitagokigu normalizazioaren eragileak izatea.

Ahalik eta publiko zabalenera heltzeko helburuarekin, hainbat komunikabidek ere egitasmo honekin bat egin dute eta elkarteetako euskararen egoera neurtzeko testa argitaratuko dute. Hala nola, Berria, Aizu, Argia, Galtzaundi, Guaixe, Anboto astekaria, Euskaltzale, eta Nabarreria taldearen Aldapa, Auzolan, Ibaialde, Donibane, Ostoki argitalpenek kolaboratu dute proiektuarekin.

Elkarteak animatu

Joan den eguneko aurkezpenean Kontseiluko ordezkariek behin testa eginda, herritarrak jarraitu beharreko hurrengo urratsen berri eman zuten. "Nork bere elkartean euskararen presentzia bermatzeko proposamenak egitea nahi dugu", azaldu zuten. Kartelak, kontuak egiteko liburuxkak, oharrak, bazkideentzako gutunak... hainbat elementu euskaratu daitezke elkarte batean. Ikasbide elkartean esaterako, euskaraz lan egiten dute bertako kideek. Horren froga da Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dutela. "Euskara da gure elkartearen hizkuntza eta gainerako elkarteak animatu nahi ditugu egitasmo honekin bat egitera", aipatu zuen Ikasbide elkarteko ordezkariak.

Egin txokoa euskarari txokoan

Elkarteren batek euskararen aldeko neurriak hartzeko orduan zalantzak balitu, Kontseiluarekin harremanetan jar liteke. Izan ere, aipatutako testa prestatzeaz gain, Kontseilua elkarteetan eragiteko beste kanpaina batean parte hartzen ari da momentuan, Tolosaldean hasi berri den "Egin txokoa euskarari txokoan":http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1199956698. Ekimenaren helburua Tolosaldeko elkarte gastronomikoetan euskararen erabilera sustatzea da eta, horretarako, hurrengo hilabeteetan luzatuko diren hainbat ekintza prestatu dituzte. Kontseiluaren eta Tolosaldeko euskalgintzaren parte-hartzeaz gainera, egitasmoak Tolosaldeko 13 udalen babesa jaso du. "Guztien artean lortuko dugu gure elkarteetan euskarak geroz eta presentzia handiagoa izatea, bere garapen osoa lortzeraino", azaldu dute Kontseiluko ordezkariek.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1200651627