Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Egin txokoa euskarari txokoan

Egin txokoa euskarari txokoan

2008-01-14 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   BESTELAKOAK

Tolosaldeko euskalgintzak, bertako 12 udalerritako udalek eta Kontseiluak Egin txokoa euskarari txokoan proiektua aurkeztu dute Zizurkilen (2008-1-9). Ekimenaren helburua Tolosaldeko elkarte gastronomikoetan euskararen erabilera sustatzea da eta, horretarako, hurrengo hilabeteetan luzatuko diren hainbat ekintza prestatu dituzte.

Aurkezpenean Tolosaldeko hainbat elkarteren ordezkariak izan ziren, eta Galtzaundi euskalgintzako elkarteak ekimenaren nondik norakoak azaldu zizkien. Horretaz gain, eta ekimenak udalen babesa jaso duela adierazteko, hainbat alderdi politikotako ordezkariak ere bildu ziren aurkezpenera.

Egitasmoak honako urratsak izango ditu. Hasteko, euskalgintzako ordezkariak elkarteekin harremanetan jarriko dira eta hainbat euskarri eskainiko dizkiete, hala nola, kontuak euskaraz egiteko euskarria eta edari, elikagai zein elkarteetan gehien erabiltzen diren esaldiekin UEMAk prestatutako hiztegia.

Ekimenenaren parte izatea erabakitzen duten elkarteei, kontuak euskaraz egiteko euskarri digitalizatua aurkeztuko zaie. Ondoren, elkarteetan euskararen egoera neurtzeko Kontseiluak sortutako tresna, galdetegia, igorriko zaie elkarteei, euren egoera aztertzeko aukera izan dezaten. Horren bidez, oraindik urrats gehiago behar al dituzten jakingo dute eta bide batez, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko proposamena luzatuko diete.

Jadanik Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duen Lizardi kultur elkarteko Iņaki Azaldegi aurkezpenean izan zen eta positiboki baloratu zuen ekimena. "Elkartearen hizkuntza egoera aztertzen, gabeziak identifikatzen eta hauei konponbidea ematen lagunduko digute kanpainaren eta Ziurtagiriaren bitartez", azaldu zuen.

Anoeta, Irura, Alegia, Ikaztegieta, Aduna, Altzo, Orexa, Baliarrain, Tolosa, Ibarra, Zizurkil eta Villabonako udalen babesa jaso du ekimenak. Alderdi politikoetako kideek ere izan dute euren iritzia plazaratzeko aukera. Andoni Iturzaetak, Tolosako zinegotziak, euskara guztiona dela eta euskarak batzen gaituela adierazi zuen aurkezpenean.

Maria Angeles Lazkano ere, Zizurkilgo alkatea, aurkezpenean izan zen eta guztiok elkarrekin euskararen erabilera sustatzea dela ekimenaren helburua aipatu zuen. "Ongi dago, euskararen alde egitea, baina EUSKARAZ EGITEA da garrantzitsuena", gaineratu zuen Lazkanok. Jarraian, UEMAko zuzendaritza kide eta Adunako zinegotzia den Miren Aburuzak erabilera sustatzeko herrietako udalak euskalduntzeaz gain, herria bera euskaldundu behar dela azaldu zuen.

Zigor Etxeburua, Kontseiluko ordezkaria, pozik agertu zen ekimenak orain arte lortutako atxikimendu ugariekin, eta horrelako ekimenekin euskararen aldeko urrats esanguratsuak ematen direla gogorarazi zuen. Izan ere, Kontseiluak azken 10 urteotan Bai Euskarari izan du goiburutzat eta 10. urteurrena ospatzen ari den une honetan, pauso berri bat eman nahi izan du: bai euskararitik, euskaraz baira egin du salto. "Tolosaldean, pauso hau ematen lagundu digute eta horrela, guztiok elkarrekin lortuko dugu goiburu berria errealitate bihurtzea", iritzi du Etxeburuak.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com