Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Bikain: euskararen kalitate ziurtagiri publikoa, ofiziala eta doakoa

Bikain: euskararen kalitate ziurtagiri publikoa, ofiziala eta doakoa

2007-12-19 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila   ENPRESA

Enpresen munduan eta esparru sozio-ekonomikoan euskararen etengabeko normalizazioa ebaluatu eta egiaztatuko duen Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria aurkeztu zuten Bilbon 2007-12-17an. Juan José Ibarretxe lehendakaria ekitaldiaren buru zela, euskal enpresen esparruko eta erakunde publiko askotako ordezkariek parte hartu zuten bederatzi enpresak lehen ziurtagiriak jaso zituzten ekitaldian.

Erakundeak eta enpresak

Erakundeak eta enpresak

Euskararen Kalitate Ziurtagiri publiko, ofizial, independente eta doakoa Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru Foru Aldundiak. EUDEL udalen elkarteak, CONFEBASK eta ADEGI, CEBEK eta SEA enpresari elkarteek, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak eta EUSKALIT kalitaterako euskal Fundazioak bultzatu dute eta alor sozioekonomikoan hizkuntza-normalkuntzako prozesuek izan duten garapen-maila egiaztatu eta aitortzera zuzenduko da. Euskararen erabilera bikaintasun bidean, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketaren gutxieneko maila egiaztatzen duten erakundeek lortu ahal izango dute horretarako zehaztutako ebaluazio sistemaren baldintzen baitan.

Aurkezpenean hitza hartu zuten, lehendakariarekin batera: Miren Azkarate, Kultura sailburuak, Xabier Alkorta Euskaliteko presidenteak eta Miguel Lazpiur, Confebask-eko presidenteak. Eusko Jaurlaritza eta Euskalitekin batera, hiru Foru Aldundiak, Eudel, CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA, eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa aritu dira Euskararen Kalitate Ziurtagiria lantzen eta kudeatzen. Hauen guztien ordezkariek ere parte hartu dute ekitaldian.

Halaber aipamen berezia eta merezitako aitorpena egin zaie ebaluazio sistema testeatzeko proiektu pilotoan parte hartu duten bederatzi enpresei. Horrela lehendakariak Bikain Ziurtagiriaren marka daraman egurrezko tailua eman die. Hauek dira enpresak: Eika, ELAY, Elkargi, Eroski, Euskaltel, CEGASA, Fundación Matia, Goiena, eta Makina Erremintaren Institutua.

Euskara normaltasunez eta naturaltasunez gehitu

Bere mintzaldian Juan José Ibarretxe lehendakariak nabarmendu zuenez, "eleanitza da euskal gizartearen oraina eta geroa, eta eleanitza da erakundeen, enpresen oraina eta geroa". Gaineratu zuen testuinguru horretan, gaur egungo gizartean, "gero eta zailagoa" dela erakunde, enpresa eta saltokiek kalitatezko zerbitzua eskaintzea "euskara aintzat hartu gabe". "Izan ere, gero eta jende gehiago dago lana euskaraz ere egiteko prestatua dagoena. Eta gero eta herritar gehiago baitira, gero eta bezero gehiago baitira euskara zaintzen eta erabiltzen duten enpresak positiboki baloratzen dituztenak".

Ibarretxe jakitun agertu zen aberastasun ekonomikoa sortzea dela enpresen helburu nagusia, "baina ez da bakarra". "Helburu hori ez ezik enpresen helburua da, baita ere, gizartearen kohesioaren eta elkarbizitzaren alde lan egitea. Enpresek euskarari lekua eginez ekarpen handia egin ahal diote herri honetako hizkuntzen elkarbizitzari, gizarte honen elkarbizitzari".

Alde horretatik, adierazi zuen euskara ezin dela zerbait "arrotza edo erantsia" izan enpresa baten baitan, "atzeko atetik sartzen den zerbait". Alderantziz, "berezko zerbait izan behar da, naturala, enpresari berari datxekiona. Horregatik normaltasunez eta naturaltasunez gehitu behar da, enpresaren parametroetan oinarrituta, alegia, ebaluagarriak diren kalitate eta berrikuntza parametroei jarraiki".

Irabazi beharreko ziurtagiria

Miren Azkarate Kultura sailburuak, bestalde, nabarmendu zuen Bikain ziurtagiri "publikoa, independientea eta doakoa" dela. Nolanahi ere, enpresek "irabazi" beharko duten ziurtagiri bat, hiru egiaztapen-maila zehazten dituena, euskararen presentziari, erabilerari eta kudeaketari dagokienez erakundeak egiaztatutako mailaren arabera: "oinarrizko mailako ziurtagiria, erdi-mailako ziurtagiria, eta goi-mailako ziurtagiria".

1970eko hamarkadan egin ziren lehen ahaleginak arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko, azaldu zuen Azkaratek, eta 1990eko hamarkadaren lehen urteetatik aurrera, "bultzada kualitatiboa" gertatu zela lan-mundu pribatuan bide metodologiko sistematizatua "zehaztea" lortu zelako. "Gaur egun, eta hein handi batean 1990eko hamarkadan hainbat enpresak egindako lanari esker badauzkagu egiten jakite bat, metatutako esperientzia, eta ohiko kudeaketa ereduen arabera diseinaturiko bitarteko eta tresnak esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilera normalizatzeko". "Horregatik -Azkarateren ustez- garaia iritsi zaigu esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egiten ari diren saioak eta plangintzak ebaluatzeko eta errekonozitzeko, era bateratu eta sistematizatuan".

Bere iritziz, alabaina, "denak ez du balio; helbururik onenak bere balioa gal dezake hizkuntza kudeaketa desegoki baten eraginez: enpresaren beste edozein arlo bezala, hizkuntzaren alderdia ere ebaluatu behar da, hobetzeko, aurrera egiteko, helburuak, ekintzak eta nahiak egokitzeko, azken finean, irabazteko. Eta hori da normaltasunez jokatzea".

"Gaur egun, eskolan euskaldundu eta euskaraz ikasketak jaso dituen gazteak euskara gutxiko lan-mundura egin behar izaten du jauzi". Eta hori "ekidin nahi dugun eta behar dugun zerbait" dela gaineratu zuen sailburuak. "Eskolan euskaldundutakoa eta euskaraz formatu dena ez dezala lan-munduak erdaldundu". Izan ere, esplikatu zuen unibertsitatera doazen gazteen % 52ak selektibitate-probak euskaraz egitea erabaki duela. "Horrek esan nahi du gure herria hemendik 15 urtera zuzenduko dutenak, gehienak behintzat, elebidunak izango direla. Ba, gazte hauei erakutsi behar diegu euskara hizkuntza erabilgarria dela bizitzako esparru guztietan".

Bikain: Ezin hobe euskaraz

Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren helburua da Euskadiko esparru sozio-ekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza-normalkuntzako prozesuek izan duten garapen-maila egiaztatu eta aitortzea.

Ziurtagiri hau lortu ahal zango dute euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketaren gutxieneko maila egiaztatzen duten erakundeek. Maila honek bat etorri behar du horretarako zehaztutako ebaluazio sistemaren baldintzekin. Ziurtagiria lortu nahi duten erakunde publiko nahiz pribatuek, Eusko Jaurlaritzak xede honetarako dohainik eskainiko duen ebaluazio zerbitzua eska dezakete.

Zertifikazio mailak

Ebaluazio sistemaren oinarrizko elementua Erreferentzia Marko Estandarra da. Ardatz hauek osatzen dute: Erakundearen Irudia eta Komunikazioa, Kanpo Harremanak, Barne Harremanak eta Hizkuntza-Kudeaketa lehenengo hiru ardatzetan, erakunde bateko hizkuntza baten erabileraren eta presentziaren berri ematen duten osagaiak modu ordenatuan jasotzen dira; laugarren ardatzean, berriz, entitate bakoitzean euskararen erabilera eta ezagutza ahalbidetu edota sustatzeko orduan eragina izan dezaketen erabaki zein estrategiak jasotzen dira.

Hiru egiaztapen-maila zehazten dira, euskararen presentziari, erabilerari eta kudeaketari dagokienez erakundeak egiaztatutako mailaren arabera: oinarrizko mailako ziurtagiria, erdi-mailako ziurtagiria, eta goi-mailako ziurtagiria. Ziurtagiriaren hiru mailak ebaluazioan aitortutako euskararen erabilera eta presentziaren neurrikoak izango dira, baita entitateak hartutako hizkuntza-irizpideen errotze- eta garapen-mailaren araberakoak ere.

Erreferentzia Marko Estandarraren lau ardatzetako bakoitzak berariazko pisu bat dauka, eta puntu guztien batuketa eginda, guztira mila puntuko kopurua ateratzen da. Dagokion ziurtagiria lortzeko, gutxieneko puntu-kopurua pilatu beharko da, ebaluazio sisteman ezarritakoaren arabera.

Ziurtagiriaren kudeaketa organoak

Ziurtagiri publiko hau kudeatuko duten organoak Artezkaritza Kontseilua eta Kudeaketa Batzorde Eragilea dira.

  • Artezkaritza Kontseilua hauek osatzen dute: Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, presidente gisa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Koordinazio zuzendariak, EUSKALIT Fundazioaren ordezkari batek, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, EUDELek, CONFEBASK, Euskal Enpresarien Konfederakuntzak, ADEGI Gipuzkoako Enpresarioen Elkarteak, CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak eta SEA Arabako Enpresariak.

    Artezkaritza Kontseiluaren egitekoak dira urteko Ekintza Plana onartzea Bikain ziurtagiria zabaldu eta inplementatzeko, Kudeaketa Batzorde Eragilea eratu eta egituratzea, aholkuak ematea, hizkuntza-kudeaketaren ebaluazio- eta egiaztapen-ereduaren garapenari eta horrek dakartzan prozedurei dagokienez, eta jarraipena egin eta hobekuntza-jarduerak proposatzea ezarritako egiaztapen-sistema garatzeko.

  • Kudeaketa Batzorde Eragilea, bestalde, hasiera batean Artezkaritza Kontseilua osatzen duten erakundeek eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak osatzen badute ere, hori ez da eragozpena izango aurrerago beste erakunde batzuk ere Kudeaketa Batzorde Eragileko parte izateko.

    Kudeaketa Batzorde Eragilearen egitekoak dira: Artezkaritza Kontseiluari laguntzea hizkuntza kudeaketaren egiaztapen ereduaren analisi eta etengabeko jarraipena egiten; Bikain ziurtagiriaren zabalkunde eta inplementaziorako urteko Ekintza Plana lantzea eta Artezkaritza Kontseiluari proposatzea, eta etengabeko hobekuntza-jarduerak proposatzea Artezkaritza Kontseiluari, ezarritako egiaztapen-sistema garatzeko.

Euskara lan-munduan

Euskara lan munduan sustatzea lehentasunezko jardunbidea da Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarentzat. Horregatik, esparru honetako ekimenak bildu eta osatu asmoz Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak LanHitz programa-markoa jarri zuen abian 2006an Arabako Foru Aldundiarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin , EUDELekin, eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Lan sailekin batera.

Ildo beretik 2006ko irailean lankidetza hitzarmenak sinatu ziren CONFEBASK Euskal Enpresarien Konfederakuntza, ADEGI Gipuzkoako Enpresarioen Elkartea, CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa eta SEA Arabako Enpresariak enpresari elkarteekin eta ELA, CCOO, LAB eta UGT Euskal Autonomi Erkidegoko sindikatu nagusienekin. Ondoren, 2007ko uztailean Eusko Jaurlaritzak beste lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarekin.

Akordio horietan berariaz jasotzen da Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa enpresetako euskararen erabilera-neurria ebaluatzeko eta aztertzeko sistema sortzeko, gaur egun erabiltzen diren kalitate- eta berrikuntza-parametroak oinarri hartuta.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com