|
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) eta Topaguneak (Euskara Elkarteen Federazioa) lankidetza-hitzarmena sinatu dute, helburua Mintzalaguna (edo Berbalaguna, Solaskide...) izeneko programa sendotzea eta zabaltzea delarik.
HPSk 72.776 euro jarriko ditu hitzarmen hau garatzeko. Mintzalaguna programan 1.800-2.000 lagunek hartzen dute parte taldeetan: 950 Bizkaian, 600 Gipuzkoan, 200 Nafarroan (Sakanako datuak falta dira oraindik) eta 100 Araban (Gasteizkoak falta dira).
Erabilera eta elkarlana
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, ondoan Jasone Mendizabal, Topaguneko zuzendaria zuela, bi hitzen inguruan laburbildu zuen herenegun (2007-12-10) Donostian aurkeztu ekimenaren oinarria: "erabilera eta elkarlana". "Erabilera, konbentziturik gaudelako erabilera dela edozein hizkuntzaren etorkizunaren giltzarria, baita euskararen etorkizunarena ere". Eta elkarlana, "horixe delako HPSren jardunaren tresna nagusietariko bat. Izan ere -gehitu zuen-, euskarak guztion ahalegina eta guztion ahaleginak norabide berean batzea ezinbestekoa baitu aurrera egingo badu".
Baztarrikak adierazi zuenez, honetan guztionetan ere "erabat aplikagarria" da, UKAN birusaren aurtengo mezua: pixka bat es mucho, alegia. "Euskara erabiliz gutariko bakoitzak egin dezakeen pixka hori ASKO delako, eta gu guztion ahaleginak norabide berean batzeko egin dezakegun pixka horrek fruitu ASKO eman ditzakeelako euskararen mesedetan".
Erakunde eta elkarteekin lankidetza
Euskararen erabilera soziala bultzatzeko xedez, Eusko Jaurlaritza lankidetza ugari ari da bideratzen hainbat eta hainbat erakunde eta elkarterekin: enpresa-buruen elkarte nagusiak, kooperatibak, sindikatuak, kutxak, telefonia mugikorreko enpresak eta euskalgintzako hainbat erakunde dira hitzarmen berariazkoak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin sinatu dituztenak. Eta, gainera, aurten bertan diru-laguntza deialdi ugarien bidez euskalgintzako 168 elkarte eta enpresarekin kolaboratu dugu euren ia 400 proiektu garatzeko lanetan.
Milioi bat euskaldun
Baztarrikak herenegun nabarmendu zuen herri-erakundeak, eskolak eta euskaltegiak direla "burutzen ari garren hizkuntza politikaren zutabe nagusiak", eta horiei esker gaur egun "aurrerakada handia" eman duela euskarak: hogei urtetan 200.000 hiztun potentzial irabazi ditu, eta milioi bat herritar dira euskaraz ongi edo zerbait dakitenak; eta gaur egun lehen baino gehiago eta lehen baino eremu gehiagotan erabiltzen da euskara. Baina bere ustetan, hori "bistakoa" den bezala, bistakoa da, halaber, gaur oraindik Euskadin hainbat eta hainbat eremutan "urriak" direla euskara "erabiltzeko aukerak", gaur oraindik euskaraz "asko edo gutxi jakin eta zerbait erabili nahiko lukeenak zailtasun handiak, kasu askotan zailtasun gaindiezinak, aurkitzen dituela euskara erabiltzeko". Bere irudiz, zailtasun horiek "handiagoak eta ugariagoak" dira zenbait zonaldetan beste batzutan baino, eta bereziki dira handiak hiriburuetan eta hiriburuen inguruko herrietan. "Paradoxikoa badirudi ere, eskolari eta euskaltegiei esker euskal hiztun berri gehienak sortzen ari diren zonaldeetan daude aukera gutxiago euskara erabiltzeko".
Erabilera areagotzea esparru ez formaletan
Euskararen erabilera areagotzea izanik HPSren jardunaren irizpiderik garrantzitzuena, eta, oso bereziki, esparru "ez formaletan areagotzea", hau lortuko bada hainbat baldintza bete behar direla esan zuen Baztarrikak: lehena euskaraz "zerbait jakin" behar da, ezer jakin gabe ezin baita erabili; bigarrena, euskara erabiltzearen aldeko "borondatea eta norberaren erabakia" behar dira, euskararen aldeko "erabaki eta atxikimendu librea" alegia; eta, hirugarrena, "erabiltzeko aukerak" behar dira, euskaraz "asko edo gutxi jakin eta asko edo gutxi erabili nahi duenak, erabiltzeko aukera egiazkoak behar ditu gero".
Horren harira, sailburuordeak oso garrantzitsutzat jo du Mintzalaguna egitasmoa, zeren "bete-betean" erantzuten dio aipatu helburuari: euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak, edo euskara erabiltzeko solaskideak behar dituztenak, batzen ditu programa honek. Mintzalagunari esker, euskara pixka bat dakitenei "mucho" egiteko, asko egiteko aukera eskaintzen zaie gaur herri askotan.
Aurreko urteetan ere Mintzalaguna (Berbalaguna, Solaskide, Mintzakide...)moduko egitasmoak han eta hemen diruz lagundu ditu Eusko Jaurlaritzak. Mintzalaguna programa eta antzekoak ugari daude han-hemen, toki batetik bestera ezberdinak direnak. Baina orain, iaz hasita, esplikatu zuen "haratago" joan nahi izan dutela, eta han-hemengo "pixka bat" horiek guztiek "mucho más" egin dezaten, Mintzalaguna programa "sendotzeko eta zabaltzeko" lanari ekin diotela. "Leku gehiagotara eraman nahi dugu, eta ikasketa kutsu guztia kendu nahi diogu: euskara erabiliz, euskararekin jolas egiteko eta gozatzeko aukerak izan ditzatela euskara ikasten ari direnek euskaraz badakitenekin".
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa da, eta han-hemengo herrietako euskara elkarteen bilgunea da. "Topagunea ez da bakarra lan honetan ari dena, ezta gutxiagorik ere", gaineratu zuen Baztarrikak, gehituz lan horretan ari diren gainontzekoekin ere "elkarlana bideratzen" ari direla, alegia, "guztion artean finkatzeko etorkizuneko metodologiak eta lan-ildoak".
Topagunearen konpromisoak
Hitzarmen honen harian, besteak beste honako konpromiso hauek dira Topagunea betetzen ari dena:
- Martxan dauden mintzapraktika programen jarraipena egitea.
- Mintzapraktika egitasmoak sei herri berritara zabaltzea.
- Komunikazioari dagokionez, euskarri bateratuak sortu eta on-line bidezko zabalkundea egitea mintzapraktika sustatzeko.
- Mintza eguna antolatzea.
- Mintzapraktika egitasmoen ebaluazioa egitea, eta prestakuntza.
Guztiok gara beharrezko
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 72.776 euro jarriko ditu hitzarmen hau garatzeko.
Elkarlana ostera aipatuz bukatu zuen bere mintzaldia sailburuordeak. "Topagunearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlana sendotzeko, eta hain beharrezkoa den herri-erakundeen eta gizarte-ekimeneko organismoen elkarlana indartzeko oso baliagarria eta positiboa da hitzarmen hau, notizia ona, ezbairik gabe, euskaltzale guztientzako".
Izan ere, gehitu zuen, "hemen guztiok gara beharrezko, bakoitza dagokionean eta dagokion neurrian". Horregatik Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lan-ildoetariko bat da, halaber, "gizarte-ekimeneko organismoak indartzea eta beren ekarria bideratzea, herri-aginteek diseinaturiko hizkuntza politikaren osagarri gisa eta herritarren hizkuntzarekiko atxikimendua sendotzeko".
Gai honi lotutako artikuluak (ikusteko gainean sakatu)
|