Euskarazko hedabideak sustatzeko kanpaina martxan
Eusko Jaurlaritza - HPS / Bestelakoak / 2007-12-04 / 07:00
Euskarazko komunikabideak sustatzeko iragarkia egin du Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, eta abenduaren lehen hamabostaldian zehar egingo du haren zabalpena euskara hutsean ETB1n, ETB2n, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.
Espota Telmo Esnal zinegileak zuzendu du eta Aritz Aranburu surflari zarauztarra eta bere benetako amona ditu protagonista. Espoterako ideiaren sortzailea eta egitasmoa aurrera atera duen publizitate agentzia Publis da.
Eskaintza zabala, produktu erakargarriak
Iragarkia euskara mailaren bat duten herritar guzti-guztiei dago zuzenduta, bi xede nagusi dituelarik: euskarazko komunikabideen eskaintza zabal eta aberatsa ezagutzera ematea, eta euskarazko komunikabideek (prentsa idatzia, irratiak, telebistak eta Internet bidezko agerkariak) herritar guztien informazio eta entretenimendu beharrak asetzeko produktu erakargarri gisa aurkeztea.
Iragarkiaren osagaiak
Horretarako, honako osagai hauekin egin da iragarkia:
- Aritz Aranburu
- Europako Surf Txapelketa irabazi du aurten, eta horrez gainera munduko 45 surflari onenen artean izango da datorren urtean mundu mailako WTC liga gorenean sartzea lortu baitu (Europa osoko bosgarren surflaria da hori lortzen eta Estatuko lehena).
- Zarauztarra da Aritz, euskaldun peto-petoa, mutil jatorra, itxura onekoa, kirolaria...
- Aritz Aranbururen amona
- Ez zuen sekula aktore lanik egin orain arte, baina espoteko protagonista nagusia da.
- X urte ditu, zumaiarra da, euskaldun peto-petoa eta sasoitsu dago zeharo.
- Aritz Aranbururen "prentsa arduraduna" da espotean, eta bere benetako bizitzan egiten dituen zenbait kontutan oinarrituta dago espoteko istorio sinpatikoa.
- Telmo Esnal
- Aupa Etxebeste! filmaren gidoilari eta zuzendaria izateagatik da ezaguna, (2006. urtean Goya sari bat jaso zuen "A la mejor Dirección novel por Aupa Etxebeste!"), baita Txotx film labur arrakastatsuagatik ere, baina esperientzia profesional zabala du zuzendari-laguntzaile, gidoilari eta ekoizpen-laguntzaile gisa.
- Bera izan da espotaren zuzendaria, eta gidoilaria ere bai Publis publizitate agentziako kreatiboekin batera.
- Zarauztarra da Aritz bezala, eta harreman oso ona egin du ekoizpen prozesuan espotaren protagonista nagusiarekin, Aritzen amonarekin.
- Publis
- Espoterako ideiaren sortzailea da eta egitasmoa aurrera atera duen publizitate agentzia.
- Euskal Herriko publizitate agentzia garrantzitsuenetako bat da, bai dituen bezeroengatik eta bai jaso dituen sariengatik. Orain 36 urte sortu zen, eta Donostian dago gaur egun, Zuatzun.
- Marka esanguratsuentzat egiten du lan: EiTB, Fagor, Kutxa, Kaiku, Euskaltel, Radio Euskadi, Eusko Label, Avia, Chillida-Leku...
- Askorentzat, EiTBrentzat egiten dituen kanpaina arrakastatsuengatik da ezaguna batez ere. Publisek egin zituen ETBren "txapelarena", "enbor jaurtiketarena" eta haren ondoren etorri direnak; Kaikuren "Felisa" eta "Filomena"; orain gutxi ikusi dugun Fagor labe pirolitikoena, Karlos Argiñano protagonista zuela...
Iragarkia ikusgai
Lehen aipaturiko hedabideetan ez ezik, HEMEN (4,9 MB) ikus dezakezue kanpaina berri honen barruan telebistarako egin den espota.
Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1196674548