|
Euskarazko Produktuen Katalogoaren X. edizioa aurkeztu zuten Hernanin (Gipuzkoan) 2007-11-29an egindako prentsaurrekoan. Gabonetako opari festan euskarazko produktuek ere euren txokoa izan dezaten ahalegina egin dute aurten ere Euskal Herri osoko hainbat udal eta mankomunitatek, elkarlanean.
Hernaniko aurkezpenean honako euskara teknikari hauek hartu zuten parte: Berrizko Udaleko (Bizkaia) Maite Gerenabarrena, Hego Lapurdiko Herri Elkargoko Sylvie Chenal eta Leitzaldeko (Nafarroa) Maider Goņi. Hain zuzen ere, prentsaurrekoan azpimarratu nahi izan zuten Euskal Herri osoko teknikariez osatutako lantalde bat dagoela katalogo hau prestatzeaz arduratzen dena, eta gune bakarra dela non Euskal Herri mailako teknikariak elkarlanean ari diren euskara normalizatzeko egitasmoen inguruan.
320 produktu, 260.000 ale
Katalogoaren bidez, merkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi da, baliabideak eskaini nahi zaizkie guraso eta gazteei eta euskarazko produktu-eskaera ugaldu nahi da, merkatua dinamizatuz eta indartuz.
Hamasei urte bitarteko haur eta gazteentzako 320 produktu bildu dira aurtengo katalogoan, iaz baino 50 gehiago. Urtean argitaratu edo kaleratu diren produktu berriak jaso dira nagusiki zortzi ataletan sailkatuta: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak.
Aurten 260.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan, iaz baino 15.000 katalogo gehiago. Urtetik urtera zabalkunde handiagoa du katalogoak, Nafarroako euskara teknikariek 1997an argitaratzen hasi ziren geroztik.
Urtetik urtera zabalduz doa katalogoa, alde askotatik begiratuta ere: produktu gehiago, ale gehiago, antolatzaile gehiago eta baita banatzen den eremu geografiko zabalagoa ere.
Katalogoa udal eta mankomunitateetako 105 Euskara Zerbitzuen eskutik argitaratu da eta Euskal Herri osoko hainbat erakundek babesa eman diote argitalpenari. Espreski argitu nahi izan zuten aurkezpen ekitaldian Arabako Aguraingo Udalak ere hartu duela parte, nahiz eta, akats bat medio, ez den antolatzaileen zerrendan agertzen.
Katalogoa kontsultatzeko modua ere ipini da sarean, www.katalogoa.org webgunean.
|