Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  'Euskarazko albistegietarako esku-liburua II' aurkeztu du EiTBk

'Euskarazko albistegietarako esku-liburua II' aurkeztu du EiTBk

2007-11-30 / 07:00 / erabili.com   HIZKUNTZA

Euskal Irrati Telebistak (EiTB) Euskarazko albistegietarako esku-liburua II aurkeztu zuen atzo (2007-11-29) bere Bilboko egoitza nagusian. Aurkezpen horren inguruan 25 urte informatzen izeneko jardunaldia egin zen bertan.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta EiTBko zuzendari nagusiak, Andoni Ortuzarrek, ireki zuten jardunaldia, Julian Beloki EiTB Irratiko zuzendariaren gidaritzapean. Hirurek nabarmendu zuten beraien hitzetan azken 25 urteotan, Euskadi Irrati sortu zenetik, besteak beste, euskarazko komunikabideek jorratu duten bidea eta bizi izan duten garapena, komunikabide horietan erabiltzen den euskarak bezala.

Jardunaldian hizlari aritu zen, era berean, duela hamabost urte plazaratutako Euskarazko albistegietarako esku-liburua-ren egile Manu Arrasate. Eta, nola ez, labetik atera berria den Euskarazko albistegietarako esku-liburua II liburuaren egilea, Asier Larrinaga. EiTBko berri emateaz gainera, TV3 eta TVG telebistetako hizkuntza-arduradunen eskutik Kataluniako eta Galiziako egoerak aztertu ziren jardunaldiaren bigarren zatian. Itxiera EHUko eta Deustu, Mondragon eta Paueko unibertsitateetako adituen gogoetek eman zioten.

Egilearen azalpenak

Asier Larrinaga Larrazabal, EiTBko Euskara Zerbitzuaren buruak, bere lan-taldearen laguntzarekin osatu duen lanaren berri eman zuen aurkezpenean. Bere azalpenak irakur ditzakezue jarraian:

"Euskal Irrati Telebista komunikazio-taldeak hogeita bost urte egiten ditu 2007. honetan. EiTBren aurretik baziren euskarazko irrati batzuk eta euskarazko telebista-saioren bat, baina ez da gehiegikeria esatea ikus-entzuneko euskara EiTBk sortu duela. Ezagutza hori ez da goizetik gauera eratu, urratsez urrats baizik.

Urrats aipagarrienetako bat 1992an egin zen, EiTBren 10. urteurrenean, Manu Arrasatek ordura arteko bidea Euskarazko albistegietarako esku-liburua-n jaso zuenean. Gaur Bilbon aurkezten den lana beste haren oinordekoa da, izenean, edukian, eta filosofian: ez da estilo-liburu bat, baizik eta kazetarientzako lanabes bat, joan den hamabost urtean EITBk albiste-testuei buruz bildutako ezagutza jasotzen duena.

Euskarazko albistegietarako esku-liburua II prestatzeko oinarria, horrenbestez, egunez eguneko lana izan da: EiTBko kazetarien kontsultak eta zalantzak, hizkuntzalarien azalpenak eta argibideak, eta, batez ere, elkarrekin pentsatutako testuak, elkarrekin landutako irizpideak, eta elkarrekin sortutako ereduak.

Hori dena hizkuntza-orri baten formatuan gordetzen da, eta EiTBko kazetari guztiei zabaltzen zaie, 1993ko urrian hasita. Lehenengo urteetan enpresa barruko ekimena izanda, 2004ko maiatzean orririk interesgarrienak kanpora zabaltzen hasi ziren, Azpeitiko Euskara Patronatuaren erabili.com webgunearen bidez.

Ekimen hori oso garrantzitsua izan da EiTBtik kanpoko iritziak eta oharrak jasotzeko. Kanpoko ekarria funtsezkoa zela iritzita, Euskarazko albistegietarako esku-liburua II-ren lehen bertsioa gertu zegoela, Euskal Herriko hainbat unibertsitate-adituri eskatu zitzaien esku-liburua azter zezaten. Prozesu horren guztiaren ondorioa da esku-liburuan hainbat zuzenketa eta hobekuntza egin ahal izan direla.

Euskarazko albistegietarako esku-liburua II-ren abiapuntu modura ideia bat dago: «Irratian edo telebistan ari den kazetariak komunikatzeko darabilen estrategia nagusietako bat albiste-testu bikainak prestatzea da».

Ideia hori garatzeko, bost kapitulu egin dira liburuan. Lehen kapituluan, albiste-testuen ezaugarriak aztertzen dira. Bigarrenean, egitura eta antolamendua. Hirugarrenean, albiste-testuetako bost koordenatuak (nor, zer, noiz, non eta zergatik). Laugarren kapituluan, eduki nagusiak. Bosgarrenean, ahoskera eta doinuera.

Kapitulu bakoitzean hainbat sail egin dira. Sail bakoitzaren hasieran "Deskribapena" deritzon atala dago, testuan erabiltzen diren terminoak finkatzeko. Horren ondoren azalpen labur bat jarri da, sailaren sarrera gisa. Atzetik "Aholkuak" datoz. EiTBren informazio-hizkeraren eredua aholku horietan bildu da.

Argigarri modura, testua adibide ugariz hornituta dago. EiTBren bikaintasun-ereduarekin bat datozen adibideak urdinez markatuta daude, eta bat ez datozenak, laranjaz. Bat ez etortzeak ez du esan nahi okerra izatea. Horrenbestez, laranjaz ageri diren adibide asko zuzenak dira, baina EiTBko albistegietarako beste batzuk hobesten dira.

Erabiltzaileari laguntzeko asmoz, lehendabizi, orrialde bakarrean, kapitulu eta sail guztien eskema ipini da. Horren ostean aurkibide-laburpena dator, aholku guztiak laburbildu eta aholku bakoitzari dagokion orrialdea seinalatzeko. Liburuaren amaieran gaikako aurkibidea dago, testuan aipatzen diren hitz eta egitura guztien zerrendarekin.

Liburuan ez da bibliografiarik ipini, baina han-hemenka beste liburu batzuetatik jasotako aipuak ageri dira, testuan esaten dena berresteko, eta esku artean erabili diren erreferentzien berri emateko.


Inprimatu


Erantzun

 
Belarri zigortu/ txigortuek
2007-12-03 / 09:35 / Anton Bilbao

Zorionak. Hobera bidean horrelako lanak garrantzitsuak dira oso. Baina... Noizko ETB2ko esatari erdaldunentzat euskarazko izenak edota leloak aipatu behar dituztenerako jarraibide liburua.

Aski dute gure belarri zigortu/ txigortuek irrati kate espainiar gehienen "graziak" eta "ezintasunak" jasaten (Adibidez, ¿Cómo se dice... Alejía... Alergia... Alegui? ja/ja/ja), gainera gure herkide ustez euskaltzale askoren txapuzak eta interes falta ere jasan behar izateko. Radio Euskadiko esatari batzuez ari naiz, eta Euskadi Gazteako (are okerrago) goizeko umore-saioko esatari batez edo bestez ere bai.

Jarraibide liburua behar dute Radio Euskadiko esatari batzuek lehen bai lehen, argi adieraziko diena ez dela "Iraizóz" esaten Iraizoz baizik, ezta "quirol al día" ere, Kirolaldia baizik. "Ustarich" esan ordez Ustaritz ahoskatu beharra dagoela edota Garikoitzi ez zaiola Garicoich esan behar.

Goizetako Euskadi gazteako aipatutako "salgai" saioan berriz, badago euspañola gogoz praktikatzen duen lagun bat esatari taldean... Benetan diot, ez dakit grazia non daukan, egiten dituen komentarioen edukian (?) edota erabiltzen duen eusko-erdarakian. Egia esan, ez dakit non daukan grazia...

Egia esan, irrati kate erdaldun guztiei adi-adi jarrita ere, ez dut aurkitu horren pareko adibiderik. Esan nahi dut, ez dut aurkitu kate erdaldunetan, Radio Euskadin hasi eta COPEn buka, gaztelaniaz negargarri egiten duen esataririk. Euspañola egiten dutenak, ostera, Euskarazko Irrati batean profesional izan litezke. Aurrera doan herria... siempre p'alante?

 
Marratxorik gabe
2007-12-03 / 10:02 / Raul Iglesias Álvarez

Ondoko hau irakurri berri dut: Euskarazko albistegietarako esku-liburua II

Gutienez saiatu beharko zinatekete "eskuliburu" hitza ongi idazten... elkarrekin idazten da eta ez marratxoarekin (esku-liburu*)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com