Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Mr. Johnsoni erantzunez

Mr. Johnsoni erantzunez

2007-11-09 / 07:00 / erabili.com   BESTELAKOAK

Haserrea, kexua eta erantzun soka aipagarria eragin ditu The Wall Street Journal egunkariak Basque Inquisition: How Do You Say Shepherd in Euskera? (Euskal Inkisizioa: nola esaten da artzain euskaraz?) izenburupean argitaratutako artikuluak. Artikulua bera herenegun (2007-10-7) oraindik osorik irakur zitekeen WSJ-ren edizio digitalean, orain sarrera besterik ikusten ez den lekuan. Sortu dituen erreakzio aipagarrienetako batzuk ekarri ditugu, ordea, gurera. Baita erantzunon aurrean artikuluaren egileak emandako erantzuna ere.

Euskararen eta honen normalizaziorako politiken gainean hainbatetan entzun eta irakurritako topiko negatiboenen bildumara gehitu beharko Keith Johnson kazetariak sinatutako lana. Euskara baserri giroko eta zaharkitutako hizkuntza dela dio Johnsonek artikuluan, "bizimodu garaikidera ondo egokitu gabeko" hizkuntza; arrazoibide hori indartzen du, besteak beste, Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkidearen hitzak jasoz, "eguneroko bizitzan euskara erabiltzen ez" dela dioenean. Euskararen "inposaketa" eta gaztelaniaren "bazterketa" aipatzen ditu artikulu egileak, bataren eta bestearen hiztun kopurua alderatuz, EAEko hizkuntza politikari dagokionez. Bere esanetan, "euskal separatistek" tresna gisa darabilte euskara independentziaren aldeko borrokan: "azken boladan askok armen ordez gramatika" darabiltela eta "separatistak euskararen erregimen zorrotza" ezartzen ari direla dio, besteak beste. Administrazioko langile "guztiak" beraien lanpostuak mantentzeko euskara ikastera "behartuta" daudela ere esaten du, irakasle baten hitzak ere tartean direla. Osasungintzan, hezkuntzan, herrizaingoan... euskara indartzeko politikek ustez dakartzaten kalteak aipatzen ditu kazetariak. Eta Joseba Arregi Kultura sailburu ohiaren iritzia ere ("Hizkuntza bat inposatzen denean, gutxiago erabiltzen da eta inposaketa eta erreakzio kurpil zoro gaiztoa eragiten da") gaineratzen da artikuluan, inposaketa giro hori nabarmendu nahian.

Euskaraz eta ingelesez

Joan den astelehenean (2007-11-5) argitaratu zuen Madrilen korrespontsal lanetan aritzen den Johnsonen artikulua The Wall Street Journalek, AEBetako bere edizioaren azaleko albisteen artean emanez. AEBetan eta oro har nazioartean halako pisua duen komunikabide batek euskarari arreta eskaintzearen harrigarria txiki gelditu zen, ordea, artikuluaren ildoaz jabetuta, eta gaitzespen iritziak bata bestearen atzetik etorri dira komunitate euskaldunean.

Horietako asko zuzenean internet bidez ezagutu ditugu. Tartean AEKrena, Johnson besteak beste beraiekin egon baitzen orain argitaratu den artikulua prestatzen ari zela. Orduan Aizu aldizkarirako egin zioten elkarrizketa ere han eta hemen zabaldu da egunotan.

Blogari batzuk Keith Johnsoni zuzenean erantzunez idatzi dute, eta ingelesez, Luistxo Fernandez edo Katixa Agirrek kasu. Mikel Morris hiztegigile eta irakasleak ere igorri dio erantzuna kazetariari.

Artzainak eta demokrazia

Artikuluak izenburuan dakarren galderarekin lotutako aipamena izan da, zalantzarik gabe, oihartzun handienetakoa izan duen pasartea, sortu duen harriduraren parekoa. Izan ere, eta euskarak gure mundu posmoderno honetarako ageri duen ezgaitasuna nabarmendu nahian edo, Johnsonek dio euskaraz artzain (edo abeltzainz hobe?) esateko hamar hitz zenba daitezkela, baina kontzeptu "modernoagoak" aipatzeko ez duela hitzik eta, horregatik, demokrazia, errenazimendu, zientzia, gobernu edo independentzia gisakoak hartu behar izan dituela beste hizkuntzetatik.

Pasarte honi aipamena egiten dioten erantzunak asko izan dira. Argigarrienetakoa, landuenetakoa eta umorerik falta ez duena, ordea, Galder Gonzalezen hau izan daiteke.

Arrogance, superficiality, frivolity

Maileguen aipamena ere hizpide izan du Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Eusko Jaurlaritzaren izenean emandako erantzunean. "Ezjakintasun handia erakutsi du, bai -dio Baztarrikak artikuluaren egileaz-, izan ere maileguak hizkuntzaren bizitasunaren eta osasunaren seinale izaten dira. Horren adibide dira, esaterako, ingelesak bere egin dituen empire, stupid, idiot, arrogance, superficiality, frivolity, language", gogora ekarriz Johnsonek artikuluan aipatzen dituen zenbait hitz ere (science, democracy, independence) "ingelesak eta munduko beste hizkuntza askok mailegutzan hartuak direla; izatez, ingelesaren hizkera zientifikoko hitz gehienak grekotik edo latinetik eratorriak dira".

Sailburuordeak nabarmendu duenez "euskara gutxietsiz eleaniztasuna gutxiesten ari da artikulugilea, ez dakielako gizarte modernoetan aniztasuna dela, hain zuzen ere, hizkuntza-ezaugarri hedatuena; izan ere, mundu modernoan normalena eta hedatuena eleaniztasuna baita, eta elebakartasuna salbuespena". Fernando Savaterren hitzak ere erabili ditu Baztarrikak bere erantzunerako ("Ezin da inongo hizkuntza deskalifikatu hiztun gehiago edo gutxiago izateagatik" (...) "Hizkuntzek ez diote gorroto elkarri, gorrotoa fanatikoek bakarrik diote hizkuntzari"), "nire egiten ditudalako eta Keith Johnsonek esandakoari erantzuteko ezin egokiagoak direlako".

Bere azalpenetan, Baztarrikak dio EAEko herri aginteek ez dutela "euskararen erabilera inposatu nahi, euskara erabiltzeko aukerak sortu baizik, gizarte-bizitzaren esparru zabaletan euskaraz baliatu nahi diren eta euskaraz bizi nahi duten herritarrek horretarako benetako aukerak izan ditzaten". Eusko Jaurlaritzarentzat, euskarak eta gaztelaniak "elkartu" egiten gaituztela, "inola ere ez bereiztu", nabarmendu du Baztarrikak. "Hemen bereizkuntza eta bazterkeria -gaineratuz du sailburuodeak-, izatez, The Wall Street Journalen Johnsonek argitaratu duen artikulua bezalakoek sortzen dute, diskurtso zaharkitu, hutsal eta garaiz kanpokoek, baina euskal gizarteak aspaldian eman die bizkar halakoei, zorionez.

Johnsonen erantzuna

Bere Basque Inquisition: How Do You Say Shepherd in Euskera? horrek sortu dituen erantzunak pilatu egin zaizkio nonbait Keith Johnsoni, eta jasotako kexuen aurrean berak ere plazaratu du berea.

Jaso dituen zenbait iritzien aurrean, Johnsonek uste du zenbaitzuk "bertako prentsaren laburpenak bakarrik irakurri" dituztela, berak idatzitakoaz "ikuspegi distortsionatua" zabaldu dutenak, nonbait. Euskara iraintzeko asmorik ez duela izan eta bere helburua ahots eta iritzi ezberdinak agertzea izan dela dio kazetariak, besteak beste.

Eta bi zehaztasun egiten ditu: bata, artikuluaren izenburua eta bertako "hitz aukeraketa zoritzarrekoa" berak jarritakoak ez direla argitzeko; eta bestea, artikulu hau bere kabuz eta berak erabakita idatzi duela esateko, Euskal Herrian argitalpen horrek The Wall Street Journalen jabe Rupert Murdoch eta honen enpresako zuzendaritzako kide José María Aznarren itzalarekin zerikusia dutela uste dutenei erantzunez.

Johnsonen erantzuna besteak beste hemen irakur dezakezue.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com