Egin klik hemen INPRIMATZEKO


"Pixka bat es mucho": ausartu euskararekin

Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila / Herri-administrazioa / 2007-11-06 / 07:00


Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak euskararen erabilera bultzatzeko 2007ko abenduaren 3a arte luzatuko den Pixka bat es mucho izeneko kanpaina abian jarri du. 2006. urtean eta Ukan birusa oinarritzat hartuta egin zen kanpainaren jarraipena dugu hau.



Beldurrak alde batera utzita

Beldurrak alde batera utzita

Pixka bat es mucho kanpainarekin helburu zehatz batzuk bete nahi ditu Jaurlaritzak, honako hauek:

Ez lotsatu, hitz egin lasai

Pixka bat es mucho leloarekin, batetik, larritasuna kendu nahi diogu kontu honi eta jendeak beldurrari aurre egiteko ahaleginetan gabiltza, ez izan erratzeko beldurrik, ez lotsatu, hitz egin lasai...

Bestetik, jendeak dakien euskara hitz egin dezan lortu behar dugu, denok dakigulako uste baino euskara gehiago...

Eta Pixka bat es mucho.

Komunikaziorako estrategia

Kanpaina berriaren mezuak zabaltzeko hainbat ekintza bideratuko ditugu: publizitateari lotutako ekintzak eta hartzaile bereziei zuzendutako partaidetzarako eta garapenerako ekintzak.

Joan den 2007-10-30ean Donostiako Tabacaleran egin zen kanpaina abiarazteko ekitaldia. Bertan, kanpainaren barruan prestatu diren iragarkiak eta irratiko mezu laburrak aurkeztu ziren, besteak beste. Hain zuzen ere, kanpainaren mezuei garrantzia eta zabalkuntza emateko lau asteko kanpaina egingo da komunikabideetan

Azaroaren 13an, berriz, Bilboko Euskalduna Jauregiko Etxanobe jatetxean pintxo berezi bat egingo da, Euskal Herriko II. Pintxo Lehiaketako irabazleek beren-beregi kanpaina honetarako sortua. Pintxoari Ukan pintxoa izena emango zaio eta laster dastatu ahal izango dugu euskararen erabileraren eta sustapenaren alde agertzen diren taberna eta jatetxe guztietan. Edorta Lomo eta Iņigo Cojo, A Fuego Negro saioko sukaldariek, zuzenean egingo dute pintxoa. Deialdi gastronomikoa, aldi berean, benetako jaialdi bihurtuko da ikuskizunekin eta DJ batzuen musikarekin.

Pixka bat es mucho kanpaina abenduaren 3an amaituko da Gasteizen, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Ukan birusa lanean

Ukan birusa ere gure artean egongo da datozen hilabete hauetan gure geografiako ekitaldirik adierazgarri eta jendetsuenetan. Kirola, kultura, ekonomiaren mundua, unibertsitatea... izango dira gure pertsonaia atseginaren destinoak, ahaztu gabe Kilometroak 2007an, San Mamesen, Buesa Arenan, Illumben, Leioako Campusean... egon dela.

Ukan birus osasuntsua, ona eta dinamikoa da, eta bere helburua euskararen erabilera kutsatzea da. Ukan hizkuntza-bizikidetzaren eta benetako elebitasun eraginkorraren ikurra da, baita norgehiagoka ezaren eta bazterketa ezaren ikurra ere.

Hizkuntz politikaren oinarri nagusiak

25 urte: balantze oso positiboa... baina artean bide luzea geratzen zaigu.

Euskararen normalizazioa, elebitasun ofizialetik elebitasun erreal eta berezkora arteko jauzia prozesu historikoa da, azken 25 urteetan benetan aurrerakuntza nabarmenak izan dituena. Baina oraindik jorratu beharreko bidea luzea da. Euskal herritarrak eurak izango dira -bide horretako protagonistak- aukerak eta erritmoak zehaztuko dituztenak.


Hizkuntza-bizikidetza eta euskararen aldeko ekintza positiboa

Hizkuntza-bizikidetza balorea eta aktiboa da gizarte kohesioa lortzeko. Kontua ez da hizkuntza bat aukeratzea eta bestea baztertzea, kontua bien aldeko apustuari ekitea da -askatasun indibiduala begirunez zainduta eta guztion hizkuntza-eskubideak bermatuta- eta, egun dagoen orekarik gabeko egoera aintzat hartuta, eremu urriko hizkuntza eta hizkuntza gutxituaren aldeko ekintza positiboa garatzea elebitasuna erreala eta eragingarria izan dadin.


Ezagutzatik erabilerara

Euskararen normalizazioaren erronka eta gakorik behinena erabilera da. Ezagutzaren ikasgaia aurreratuta dago eta orain erabileraren erronkari ekin behar diogu, eguneroko bizitzako esparru guztietara zabaltzeari, alegia. Metatu dugun ezagutza hori eguneroko erabilera bihurtzea, "jakin" eta "ezagutu" etapatik "erabili"-ra igarotzea, inolako dudarik gabe, atzera egin ezineko benetako gunea da euskararen normalizazioaren prozesuan. Eta erronka hori gainditzeko Pixka bat es mucho eta erabakiorra da, benetan, jakin arren oraindik ere hitz egiten ausartzen ez direnen taldearen ekarpena.


Erakundeen aitzindaritza, gizarte ekintza eta konpromiso pertsonala

Euskararen normalizazioa eta elebitasun erreala eta eragingarria, erakunde eta gizarte mailako atazak ez ezik, batez ere dimentsio pertsonaleko jarduketak dira. Gakoa norberaren konpromisoa da, ez bakarrik bihotzetik abiatuta, beharrezkoa delako zentzua ere, pertsonari berari batzen zaion balio erantsi eta gizarte kohesiorako aktiboa. Pixka bat es mucho.


Inprimatu


Erantzunak


Mezua herrietan zabaltzeko euskarririk ba al dago?

Amaia / 2007-11-27 / 14:30

Piska bat es mucho mezua ikaragarri gustatu zait. Mezua, ordea, Donostian ikusi dut batez ere; herrietara nola zabalduko da? Ba al dago herrietan zabaltzeko euskarririk? Nik egingo nuke.

(AMAIA ZINKUNEGI Debako Udalaren euskara teknikaria da)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1193829604