Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Armix baso magikoan, gaztetxoenentzako bideo-joko berria

Armix baso magikoan, gaztetxoenentzako bideo-joko berria

2007-10-26 / 08:48 / Danel Solabarrieta Arrizabalaga - Elhuyar   INFORMATIKA

Elhuyar Fundazioak 5-8 urteko haurrentzako bideo-joko didaktiko bat argitaratu berri du: Armix baso magikoan. Plataforma-joko dibertigarri bat da, eta matematikaren, hizkuntzaren eta inguruaren ezaguerari buruzko gaiak tartekatzen ditu.

Jolasa eta hezkuntza uztartu

Jolasa eta hezkuntza uztartu

Azken belaunaldiko bideo-jokoek duten arrakasta ikusita, argi dago gaur egungo haurrak ordenagailuaren munduan murgilduta bizi direla, eta tresna hori oso ohikoa dela haien eguneroko bizitzan. Guraso askok, baina, oraindik errezeloz begiratzen diete jokoei, erabilera txarra edo adinera egokitzen ez diren edukiak izan ditzaketelakoan.

Bestalde, askok galdetzen dute zergatik ez den aprobetxatzen bideo-jokoek hezkuntzarako duten potentziala. Zergatik ez ditugu uztartzen bideo-jokoen izaera jolasgarria eta hezkuntzako edukiak? Hori helburu hartuta, Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzerako CD-ROM bat egitea erabaki du Elhuyar Fundazioak, eta lehen ziklorako, hau da, 5-8 urteko haurrentzat, lehen CD-ROMa kaleratu berri du.





Hezkuntzako edukiak tartekatzen dituen plataforma-jokoa

PC ordenagailuetarako joko honetan, erleei eztia lapurtu dien maltzur misteriotsua aurkitu beharko du Armix armiarmak. Horretarako, baso magikoan sartu eta maltzurkeriakideak harrapatuko ditu, eta azpikeria horren atzean nor dagoen argitu.

Jokoaren erabilerari dagokionez, plataforma-joko deritzen jokoen artean sailka daiteke. Protagonistak eszenatoki batetik bestera joan behar du, agertzen zaizkion oztopoak gaindituta. Oztopo horietaz gain, hizkuntzari, matematikari eta inguruaren ezaguerari buruzko galderak agertuko zaizkio, eta ondo erantzun beharko ditu, jokoan aurrera egiteko.

Grafikoki, jokoa hiru dimentsioko ingurunean garatzen da -eta, beraz, oso ikusgarria da-, baina bi dimentsioko ingurunean jolasten da (aurrera, atzera, eskuinera eta ezkerrera mugituz), sistema hori egokiagoa baita 5-8 urteko haurrentzat.

Adin horretako haurrentzako oso opari egokia izan daiteke, beraz, produktu berritzaile hau, eta probatzeko aukera ere ematen du Elhuyar Fundazioak bere web orrian (demoa eta bideoa ikus daitezke): www.elhuyar.org/armix. Jokoaren bideoa ere prestatu dute Elhuyar Fundaziokoek.

Serie baten aurreneko alea

Elhuyar Fundazioak argitaratuko dituen bideo-joko didaktikoen serie baten lehen CD-ROMa da Armix Baso Magikoan. Helburua da 2009. urtearen bukaerarako seriea amaituta egotea. Lehenengo honek 5-8 urteko gaztetxoak kontuan hartzen baditu, hurrengo bideo-jokoak 12 urte artekoentzat izango dira.

Elhuyar eta bideo-jokoen ekoizpena

Elhuyar Fundazioak aurreko urtean ekin zion euskarazko bideo-jokoen ekoizpenari. Lehenengo bideo-joko hura aisialdirako izan zen, eta aurten kaleratu duen Kao: Sumendiko Sekretua ere bai. Armix Baso Magikoan, aldiz, Elhuyarrek ekoizten duen lehenengo bideo-joko didaktikoa da; eskolan lantzen diren gaiak hartzen ditu kontuan, baina modu atseginean aurkezten dizkio ikasleari.


(DANEL SOLABARRIETA ARRIZABALAGA Elhuyar-ko kide da)


Danel Solabarrietak erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com