![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Eusko Jaurlaritza - HPS / Informatika / 2007-09-28 / 07:30
Teknologia berrietan euskararen erabilera erraztu eta sustatzeko tresna ugari eskaintzen ditu Eusko Jaurlaritzak bere web gunean. Ordenagailuan euskara erabiltzeko tresnak dira gaur, 2007-09-27, aurkezten ditugunak. Ezagunak batzuk, ezezagunak beste batzuk. Berriak batzuk, gaurkotuak beste batzuk… Baina oso lagungarriak eta praktikoak guztiak.
Eusko Jaurlaritzak garbi dauka Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien esparruak euskararen normalizaziorako duen garrantzia. Horregatik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS) aspaldi hasi zen, euskaraz lan egin ahal izateko, hainbat tresna Interneten erabiltzaileen eskura jartzen. Izan ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren betebehar nagusietako bat da euskara erabili nahi duenari edo, areago, euskaraz bizi nahi duenari, horretarako aukerak eskaintzea. Eta horretarako ari gara, hain zuzen ere, teknologia berrietan etenik gabe modu iraunkorrean lanean, herritarrek ordenagailuan ere euskara erabiltzeko erraztasun guztiak eduki ditzaten.
Tresna batzuk ordenagailua euskaraz erabiltzeko dira; beste batzuk ordenagailuan euskaraz idazteko. Batzuei esker, ordenagailuaren funtzioak euskaraz erabiltzeko moduan ditugu; beste batzuei esker, akats ortografikoak zuzendu ditzakegu, edota sinonimoak eta beste hizkuntzetako baliokideak azkar eta berehala bilatu. Batzuk PCrako dira, beste batzuk Macintosh-erako… Batzuk kode irekikoak dira; beste batzuk software jabedunak dira. Baina guztiek helburu berbera dute: ordenagailuan euskara erabili nahi duen edonork eduki dezala horretarako aukera. Sarean, www.euskara.euskadi.net da tresna horiek doan kontsultatzeko edota deskargatzeko helbidea.
Denok dakigu ordenagailuaren oinarrizko softwarea sistema eragilea eta bulegotika edo ofimatikako paketea direla. Gaur egun bi dira erabiltzen diren sistema eragileak: Windows eta Linux. Biak daude euskaraz eta oso modu errazean eskuratu daitezke. Windows-en kasuan, orain urte batzuk produktu hori euskaraz jartzea Eusko Jaurlaritzarentzat oso garestia bazen ere, gaur egun ez dio inolako gasturik ekartzen Jaurlaritzari. Izan ere, Microsoft bera arduratzen da interfaze-paketearen euskarazko bertsioa prestatzeaz, finantzatzeaz eta erabiltzaileen eskura jartzeaz. Linux-en kasuan, urteak daramatza HPSk Linuxen bertsioak eguneratzen eta banatzen, hau da software librea euskaraz sustatzen.
Ofimatika-paketeez ari garela, egoera berdina da. Batetik, Microsoft-en Office 2003aren intefaze-paketea dugu euskaraz eta, bestetik, kode irekiko OpenOffice.org paketea. Azken horrek Windows nahiz Linux gainean funtzionatzen du. Lehengoaren ardura eta finantzazioa Microsoft-en konturakoa izan da eta bigarrenarena, hau da OpenOffice.org-rena, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarena.
Momentu honetan Windows Vistaren eta Office 2007ren interfazeen euskarazko bertsioak ari da prestatzen Microsoft. HPSren lana, kasu horretan, euskarazko bertsioaren hizkuntza-kalitatea bermatzea da. Horrekin batera, HPS Linux sistema eragilearen eguneratze-lanak prestatzen ari da egunotan.
Ordenagailuarekin edozein hizkuntzatan idazteko, ezinbesteko tresna dugu zuzentzaile ortografikoa. HPSk aspaldian jarri zuen erabiltzaileen eskuetan Xuxen zuzentzaile ortografikoa. Harrez gero, bertsio desberdinak etorri dira. Xuxen III da azkena eta asmoa dugu Xuxen IV egiten hasteko. Izan ere, zuzentzailearen lexikoa handituko da bai eta gramatika eta estiloa zuzentzeko hainbat funtzio integratu ere. Kode irekiko zuzentzaile ortografikoa ere garatuta dago, hau da OpenOffice.org-en funtzionatzen duena, eta hori ere doan eskuratu daiteke sarean.
Zuzentzailearekin batera, zalantzarik gabe, idazteko orduan, laguntza handia eskaintzen dute hiztegiek. Hiztegiak bi modutara erabili daitezke ordenagailuan: on line kontsultatu edo plugina integratu gure testu-prozesatzailearen barruan.
Euskara web gunean on-line kontsultatu daitezke euskararen hiztegirik garrantzitsuenak: Elhuyar hiztegia (es-eu / eu-es); "Hiru mila hiztegia": (es-eu / eu-es); Hauta Lanerako Euskal Hiztegia (elebakarra, definizioak ditu); Harluxet Hiztegi entziklopedikoa ; Sinonimoen eta antonimoen hiztegia eta Morris hiztegia (eu-en /en-eu). Azpimarratu behar dugu Elhuyar Hiztegiaren edizio berria jarri berri dugula kontsultagai.
Bestalde, hiztegiak gure testu prozesatzailean plugin moduan txertatzen baldin baditugu, hiztegien laguntza izango dugu etengabe testua idazten dugun bitartean. Horrela, hiru hiztegien plugin-ak daude eskuragarri gure web gunean: Elhuyar eu-es / es-eu hiztegia; Elhuyar eu-fr / fr-eu hiztegia; eta UZEIren Sinonimoen hiztegia.
Terminologia berezitua behar izanez gero, berriz, EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoa kontsultatu behar da.
Bestalde, denok dakigunez, Internet eta posta elektronikoa gaur egun ezinbesteko tresnak dira eguneroko lanerako. Interneten nabigatzeko tresnak (Internet Explorer, Firefox…) eta posta elektronikoko aplikazioak ere euskaraz daude eta Windows nahiz Linux sistema eragileekin batera eskuratzen dira.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak web guneak euskaraz garatzeko tresna bat jarri du garatzaileen eskuetan, hain zuzen ere Miatu Erraz izeneko bilaketa liburutegia. Horri esker euskarazko bilaketak askoz ere zehatzagoak dira.
Hitz batean esanda: ordenagailuan euskara erabili nahi duten herritarrek jakin behar dute tresna informatiko ugari dauzkatela oraintxe doan, sarean eskuragarri, "www.euskara.euskadi.net": web gunean, Hiztegiak atalean edo Euskarazko softwarea deskargatzea atalean. Beraz, ez dago aitzakiarik, gaur egun, ordenagailua euskaraz ez erabiltzeko.
Hiztegien atalean , euskara nahiz beste hizkuntzak erabiliz gero, esteka interesgarriak aurkituko ditu erabiltzaileak: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua , Real Academia de la Lengua Españolaren Hiztegia , eta Estatuan nahiz munduan dauden hiztegi eta terminologia-banku inportanteak.
Beraz, esan bezala, egun, euskarazko tresna eta software asko dugu euskaraz erabilgarri. Hemen aipatu ditugunak eta gainerako agente teknologikoek garatutakoak euskarazko IKTen Inbentarioan daude jasota eta kontsultagai www.euskara.euskadi.net helbidean. Inbentarioari esker, euskaldunok uneoro dugu aukera euskaraz zein baliabide teknologiko dauden jakiteko eta non eskuratu daitezkeen.
Gaur aurkeztu ditugun tresnen inguruko datu ilustratzaile batzuk ematearren, esan dezakezu, ditugun estatistiken arabera, hiztegien atalak, adibidez, bisita kopuru antzekoak izaten dituela euskaraz zein gaztelaniaz. Elhuyar hiztegia da kontsultatuena, 900.000 bisita baino gehiago izan ditu aurten. Euskarazko softwarea deskargatzeko atalak 26.000 bisita inguru izan ditu 2007an (oraintsu arte). Xuxen zuzentzaile ortografikoa 5.000 lagun inguruk jaitsi dute 2007an.
Datu horiek hobetu behar dira, jakina, eta horregatik jarraituko dugu HPSn euskara teknologia berrien esparruan sustatzeko ahaleginak egiten. Argi baitago zein den helburua: herritar euskaldunek gero eta aukera eta erraztasun gehiago izan ditzatela ordenagailuan euskaraz jarduteko, eta denboraren poderioz eta erabilera-ohiturak aldatuz, erabil dezatela euskara gero eta gehiago beren bizitzan, ordenagailuan barne.
![]() | Inprimatu |