|
Interneti zukua ateratzen laguntzen diguten programa eta tresna berrien multzoa etengabe hazten ari den honetan, jatorriz normalean ingelesez jaiotzen diren tresna eta programa horiek euskaratu eta bide batez amaraunean euskarak ere aurrera egiteko ahalegina egiten dutenak ere ez dira falta gure artean. Fitxategiak partekatzeko erabiltzen den µTorrent programa euskaratu du, esate baterako, Andoni Sanzek. Artikulu honetan azalduko dizkigu programa horren zein bere lanaren xehetasunak.
uTorrent zer den
uTorrent zer den
µTorrent (/ju:'tɒrənt/) du izena (uTorrent, UTorrent eta µT aldaerekin batera), baina Merkurio ere dei lekioke: merkataritza, lapur, informazio eta txantxen jainko txiki eta azkarrarekin antz handia baitu. Hitz gutxitan, BitTorrent (/bɪt:'tɒrənt/) protokoloa erabilita P2P (/pɪr tu:pɪr/) sare baten barruan aritzeko programatxoa da (hain txikia, µ -mu- letra erantsi diotela bere nanotasunaren adierazle bezala), eta tamaina handiko fitxategiak partekatzea du helburu nagusia. Harreman merkuriala argi dago, horrenbestez, beraren bitartez merkatu digitalean diru asko mugitu, pirateriari bide eman, informazioa musutruk partekatu, eta, askotan, emaitza bestelakoa delako.
Baina µTorrent-ak badu beste ezaugarri deigarri bat: orain, euskaraz hitz egiten du. Bai. Puntako teknologiako programa hau euskaldun peto-petoa bilakatu da.
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Software librearen lizentziapean
Edonork lagun dezake µTorrent programa hobetzen, software librearen lizentziapean baitago. Antzera gertatzen da hizkuntzarekin, eta beso zabalik hartzen dituzte itzulpenak egin gura dituzten lagun guztiak.
Itzulgarriak diren testuak programaren interfazearenak dira, eta etiketak erabilita egiten da. "Fitxategia", "Gorde", "Irten", "Sortu Torrent berria", horiek guztiak dira etiketak; hitz soilak batzuk, perpaus bakunak beste batzuk. µTorrent-aren diseinatzaileek eleaniztasuna asetzeko sistema prestatu zuten; eta, gure kasurako, euskaratzeak bi modutara egin daitezke, kontutan hartuta, betiere, programaren bertsioa. Normalean, eta hanka sartzeren bat sorrarazita ez bada ere, bertsiorik berrienek zaharrenen etiketak erabiltzen dituzte, horrela, berriena hautatuz gero etiketa guztiak izango dira eskura.
Euskaratzeko bi bide
Programa euskaratzeko bi bide daude: online edota offline, fitxategi baten bitartez.
Lehen bidetik abiatuta, µTorrent webgunearen arduradunak erabiltzailea/pasahitza bikotea eman behar dizkio itzultzaileari. Horrekin web-orri batean sartu, eta, formulario batzuk erabilita, esaldien itzulpenak idazten dira. Formularioan, hutsuneak agertzen dira ingelesezko ereduen parean, eta berton euskarazkoak idazten dira. Datu-base online baten antzekoa da, eta datuak edozein unetan zuzen daitezke, "aurrera", "atzera" eta "ados" botoien laguntzaz.
Offline egin gura bada, fitxategia beheratu behar da µTorrent–aren webgunetik disko gogorrera (horretarako botoitxo bat dago webgunean). Esaldi guztiak daude idatzita, eta bakoitzaren ondoan hutsune bat dago euskarazkoa jartzeko. Behin lana bukatuta, edo erdi bukatuta, fitxategia jaitsi bezala igotzen da, eta webak berak aztertzen du. Dena zuzen baldin badago itzulpen berriak bere datu-basean gehitzen ditu, eta baten bat tokitik kanpo baldin badago horren berri eman eta baztertzen du. Halakoak ekiditeko, fitxategiaren formatuari zehatz jarraitu behar zaio, ezen, bestela, sistemak ezin izango baitu ulertu. Halere, oso erraza da, eta eredua honako hau da: 1.lerroa, esaldia ingelesez; 2.lerroa, euskaraz; 3.lerroa, hutsunea; eta berriz ekiten zaio sekuentzia horri. Hutsuneren bat bete barik uzten bada, hurrengo sesioan osatu ahal izango da. Fitxategiaren metodoa, oro har, hobea da, norberak gura dituen zuzentzaile ortografikoa duten testu prozesagailuak erabili baitaitezke lan egiteko.
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Ulermen akatsen arazoa
Arazo handi-handia dute aurreko bi metodoek: inon ez dago adierazita itzulitakoaren testuingurua, eta, askotan, ulermen akatsak gertatzen dira.
Adibide gisa, eta oso nabaria delako, har dezagun youth (/ju:θ/) hitz ingelesa. Euskaraz gazteria, gaztetasuna, gaztaroa eta gazteak esanahiak izan ditzake (Babylon Translator itzultzailearen arabera). Zein hautatu, bada, aldez aurretik non kokatuko den jakiterik ez badago? Beste adibide bat ematekotan ingelesezko agintera eta izen arrunten forma har ditzakegu, batik bat berdinak direnean. Upload (/ʌp’ləʊd/) hitza: igo, igotzea ala igoera izan liteke, hau da, aditza, aditz nominalizatua ala izena.
Baina bada tranpa gehiagorik. Esaldien luzera ezberdina izaten da, luzeagoa euskaraz eta motzagoa ingelesez. Askotan zaila da, ezinezkoa ez esatearren, zentzu osoko itzulpena hitz gutxitan adieraztea. Mugatik harago egiten denean, µTorrent-ak esaldia mozten du; alegia, 15 karaktereko neurria eman bazaio ingelesez, esate baterako, handik aurreragokoak ezkutatuko ditu. Itzulpen-sistemak ez du mugarik jartzen, eta itzultzaileak ez daki non amaitu. Arazo hau, µTorrent-aren itzulpenaren lehen bertsiorako zuzentzen ari da egun, eta lehen saiakera aztertu ostean esaldiak birmoldatzen ari dira.
Informatika eta internet hiztegi bateratuaren beharraz
Euskarazko hiztegiari aipu egin behar zaio, baita ere. Informatika eta sareen munduan termino berriak ari dira agertzen eten barik. Ez hori bakarrik, aldez aurretik euskaratutako hitz askok aldaketak jasaten dituzte denborarekin; edota, adiera ugari izan arren, erabileraren erabileraz bat bakarra lehenetsita daukate. Pixkanaka-pixkanaka hiztegia bateratzen ari dira, ez bakarrik instituzioen laguntzaz, hizkuntzaren modak ere badu eskurik hor, baita itzultzaile piratok eta erabiltzaile euskaldunok ere.
Hala eta guztiz ere, kontuz ibili behar da modekin. Ingeles hizkuntzarekin, adibidez, urtero ehunka hitz berri sortzen dira hainbat arlotan, eta beste ehunka baztertu, beraiez egiten den erabileraren arabera (zorabiatzeko kontua). To pluto (/'plu:təʊ /) izan da sortu duten aditzik berrienetako bat: Plutoi, planeta izatetik, planetoide izatera pasatu zutenean. Enpresa barruan lagun bat goi-kargu batetik behe-kargu batera pasatzean He's been plutoed esaten dute (kargutik kendu dutela, adierazi guran). Argi dago euskarak ingelesaren zabalkundea ez duela, eta, horri esker, jasaten duen eragina txikiagoa dela (inor "nagusiak nire laguna plutoitu du" esaten hasten ez bada, bederen).
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Adibide bitxiak aparte, argi dago behin betiko informatika eta Internet hiztegi bateratua behar dela. Anglizismo batekin topo egiterakoan euskarak baditu bide anitz, batik bat hutsetik hitz berri bat moldatzeko modu jator batean. Baina horrek hizkuntzalari aditu eta ofizial baten oniritzia beharko luke, abstrakzioak traba zaleak baitira. Kontzepturik errazenak ere xakean jar dezake edozein aditu. Esaterako, zelan esan: zerbitzaria ala zerbitzagailua? Biak dira zuzenak, eta bakoitzak kontzeptu diferente bati egiten dio erreferentzia, baina bigarrena txartzat jo dute, nonbait. Gauzak argitzeko, zerbitzaria zerbitzu ematen duten prozesu informatikoen multzoari esaten zaio, software-ari, alegia. Zerbitzagailua, aldiz, ordenagailu-zerbitzagailua da, hots, zerbitzaria instalatuta duen ordenagailu fisikoa (hardware-a). Beraz, zerbitzagailu batek hamaika zerbitzari ezberdin izan ditzake martxan: txat zerbitzaria, datu-base zerbitzaria, web zerbitzaria, eta abar eta abar. "Dell zerbitzagailuan Apache eta IRC zerbitzariak instalatu dituzte" esan daiteke, eta, ondo baino, bikain adierazten da zer den zer.
Ziurrenik, hitzak adosten dituzten linguistek horrelako xehetasunen berri izatea zaila da, askotariko esparruak baitaude munduan, baina garrantzi itzela dute komunikatzerakoan, eta horiez konturatzen garenok ez dugu eskurik aldaketak gauzatzeko. Eta oso paradoxikoa da egoera hau, are paradoxikoa "termometroak gora ez duela egiterik, eta antzeko esaldiak txarto daudela" esaten duen arau linguistikoa dagoenean. Ildo horretatik joko balitz, zergatik, orduan, fitxategiak beheratu? Goian al dago, bada, Internet? Ezetz egon. Eskuratu edota transferitu, aproposagoak lirateke.
P2P sarren abantailak
Hizkuntzaren zerak alde batera utzita, eta Torrent teknologiari dagokionez, bada asko esateko. Hastapenean adierazitako azalpenari begira zenbait termino daude, arreta berezia merezi dutenak. Hasteko: sarea. Zer edo zer esatekotan (aditua nolakoa, azalpena halakoa), eta sare informatikoen sena adierazteko, medio fisikoak (zuntza, eta abar) zein haririk gabekoak (wifia, besteen artean) erabilita, egitura jakin batean elkarri konektatuta dauden elementuen multzoa da; eta eskumenak, informazioa eta zerbitzuak partekatzea du helburu. Hortaz, sarearen barnean nodoak (ordenagailuak, oro har) topatuko dira eginkizun zehatzekin (rolak), bai informazioa kontsumitzeko zein eskaintzeko. Normalean nodo bezero batek informazioa kontsumitzen du, eta nodo zerbitzari batek informazioa eskaini edo kudeatzen du. Halere, rol hauek trukagarriak dira, eta nodoek bietara joka dezakete. Hori P2P sareen ezaugarrietako bat da.
P2P (peer to peer, kide berdinen arteko harremana) sare baten nodo guztiek jokamolde berdinak dituzte, erlekume-egitura antzeko bat osatuz. Zerbitzari zein bezeroaren rolak betetzen dituzte, eta guztien arteko konexioak eratuta daude (hau da, nodo bakoitzak beste guztiekin du konexio bat). Abantailak handiak dira beste sare-egitura batzuekin alderatuta. Izar egiturako sare batean, esaterako, zerbitzari zentral bat dago, lan-zama guztia duena, bai informazioa eskaintzeko zein sare-komunikazioaren azpiegitura kudeatzeko (nodo guztiak berarekin, eta berarekin bakarrik, lotuta baitaude). Okerren bat gertatzen baldin bazaio, sare osoa hondatzen da. "Orotatik orotara" konexio-filosofiarekin, aldiz, nodo baten hutsegiteak sarearen zati txiki bat hondatzea baino ez dakar (inguruko nodoena, alegia), eta modu horretan egiten dute lan P2P motakoek. Gainera, lan-zama hobeto banatzen da nodoen artean, eta, era horretan, funtzionamendu orokorra askoz eraginkorragoa da.
Halere, egungo P2P sareek zerbitzari dedikatuak erabiltzen dituzte (rol horretan soilik jarduten dutenak, hau da, zerbitzariarena baino ez dutenak egiten). Zergatia zentzuzkoa da. Jendeak ordenagailua piztu, konektatu, lan egin eta itzaltzen du. Hala, sareko nodo guztiak ez daude erabilgarri etengabe, eta, gainera, sarearen egitura dinamikoki aldatzen da, nodoen kokapena jakitea zailduz. Hori horrela, nodoek ez dute jakiterik nortzuk dituzten inguruan, eta egoera hori konpontzeko etengabe konektatuta dauden zerbitzariak erabiltzen dira. Hauen betebeharra konektatu eta deskonektatzen direnen erregistroa gordetzea da, aurkibidearena egingo balute bezala. Era horretan, benetako P2P sareak mistoak dira, eta zerbitzari zentralaren eta nodo barreiatuen filosofiak uztartzen dituzte.
Estrategia eraginkorra
Arestian, BitTorrent zera dela aipatu da: protokoloa. Funtsean, protokoloa arauen multzoa da, eta izaera ezberdineko elementuak elkarren artean komunikatzea ahalbidetzea du xedea.
BitTorrent-a fitxategi erraldoiak eraginkorki eta azkar partekatzeko asmatu zuten. Filosofia nagusia fitxategiak zatika transferitzea da, puska txikien bitartez. Puskak partekagarriak dira, baita ere. Horrela, nodoek ez diote itxoin behar fitxategia osatzeari, osatu gabeko puskak berriz partekatzen baitira beste nodo batzuekin. Estrategia hau oso eraginkorra da, eta prozesua asko arintzen du.
Lan guztia egingo duen programa, kasu honetan, µTorrent-a izango da. Sareko nodo bakoitzak µTorrent software-a ezarrita izango du, eta BitTorrent protokoloaren bitartez beste nodo batzuekin jarriko da harremanetan, fitxategiak jasotzeko, bidaltzeko edota bietarako. Erabiltzailearentzat hori dena automatikoa da, eta berak ez ditu puskak ikusten, fitxategiak baizik.
Adibideak eta gomendioak
Demagun filma-aurrerakina beheratu gura dela. Halakoak bilatzea legearen barruan dago, ezen aurrerakinak publikoak baitira, kasuak kasu. Urratsak hauexek dira. Lehenengo eta behin, .torrent deritzon metafitxategia topatu. Horrek sare barruan filma aurkitzeko informazioa dauka (horrexegatik erabili da meta aurrizkia, informazioaren gaineko informazioa duelako). µTorrent-ak berak ez du integratuta bilaketa sistemarik; hori dela-eta, web-bilatzaileren batera jo beharko da. Gaur egun, badira espezializatutako hainbat eta hainbat web: torrentspy, torrentreactor, bittorrent, eta abar. Dena dela, Google edo antzeko web-bilatzaile batean "torrent download" (torrent-ak beheratu), edo antzekorik bilatuz gero, hamaikatxo toki agertuko dira. Garrantzitsua da aipatzea pornografia ugari ikus daitekeela halako guneetan. Normalean webaren kudeatzaileek ez dute beren jarduera finantzatzen, eta, hori bermatu asmoz, izaera askotako iragarkiei eman behar diete leku.
Zerbait beheratu gura denean .torrent metafitxategia nondik jasotzen den ez du garrantzi handirik. Ordea, fitxategiren bat partekatu gura, eta .torrent propioa igo behar denean, orduan lekua kontuz hautatu behar da. Webgune askok erregistroa eskatzen dute, eta gauza bera hamaika alditan egitea nardagarria suerta daiteke. Halakorik ez gertatzeko konfiantzazko toki bat edo bi bilatzea da onena, berton erregistratu eta .torrent fitxategiak bertaratzea. Gainera, gune hauek arakatzaileen helbideak eman behar dizkiete beren bezeroei. Arakatzailea BitTorrent sareko zerbitzari bat da (lehen aipatu den zerbitzari dedikatua), eta, azaldu izan den bezala, nodoen kokapenaren informazioa gordetzen du. Zerbitzari horien zerrenda publikoak daude sarean, eta erabiltzaile bakoitzak jakin beharko du zeintzuk erabili (hautaketa pertsonala baita).
Filmaren .torrent metafitxategia eskuratu ondoren, µTorrent programaren bitartez ireki behar da. Windows sistema eragileak, adibidez, biak lotzen ditu, eta lehena klikatuz gero programa automatikoki abiarazi eta beherapena prestatzen du. µTorrent-ak esango digu zer fitxategi mota dagoen .torrent horren barruan. Izan daiteke filma bakarrik egotea, edota filmaz gain fitxa teknikoa, karatula eta abar izatea ere. Musika bildumekin, adibidez, .torrent bakar batek abesti guztien zerrenda izan dezake. µTorrent-ak, lehenetsita, guztiak beheratuko ditu, baina norberak gura dituenak hauta daitezke. Zerrendan sartuko du filma, zerbitzariarekin konektatu, eta fitxategia dutenen nodoen helbideak jaso (IP -Internet Protocol- helbideak). µTorrent-ak, informazio hori baliatuta, nodo horiekin konektatu, eta fitxategiaren puskak jasotzeko eskabidea bidaliko die. Nodoek errenkada baten barruan sartuko dute eskabidea, bakoitza berean. Txanda heldutakoan, puska bidaliko diote µTorrent bezeroari, fitxategia osatu arte. Orduan, fitxategia hazi bilakatuko da, hots, fitxategi osoa (Torrent filosofia barruko jerga da). Sarean haziak egotea inportantea da. Bestela, fitxategi bat osatzeko denbora luzeegia behar izatea gerta liteke. Edota txarrago, fitxategia osorik jasotzea zailagoa izango litzateke, pusken faltan. Bestera esanda, fitxategia elementu askok baldin badute multzo batean, berau ez duten elementuentzat errazagoa izango da eskuratzea.
Hazien filosofia sare hauen arazorik nagusienetako bat da; alde batetik, nodoak saretik kanpo irteten direlako (ordenagailuak edota beraien µTorrent-ak amatatzean), eta, bestetik, fitxategiak aldatu, mugitu edota ezabatzen direlako nodo barruan (filmak ikusi eta gero bota ohi dira, disko gogorrean gune librea gera dadin). Beheratze prozesu hori guztia gertatu den bitartean, gure µTorrent-ak zerbitzariarena egiten jardun du, ziur asko. Filma hori gura duten beste askok guk egindako gauza bera egingo zuten, eta, kasu horretan, gure nodoari, alegia, gure ordenagailuaren µTorrent programari, fitxategiaren zati batzuk eskatuko zitzaizkion. Hala, eta puska guztiak izan edo ez izan arren, partekatze prozesuan modu aktibo batean parte hartu du.
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Jaso eta eman
Ematea gizalegezkoa da jaso ondoren, eta horri bide emateko, adibide modura, norberak grabatutako musika diskoa partekatzeko jarraibideei ekingo zaie jarraian.
Jo dezagun gure disko gogorraren karpeta baten barruan eduki multimedia guztiak daudela, eta azpikarpetetako batean grabazioa dagoela. µTorrent-ak .torrent metafitxategia sortzea errazten du. Horretarako, menu-aukeretako bat erabili behar da (Fitxategia -> Sortu Torrent berria). Horri sakatuta, fitxategi-nabigatzailea agertuko da. Fitxategi bakarra edo fitxategiz beteriko karpeta oso bat hautatzen utziko du. Informazio horretaz gain, arakatzaile (zerbitzari) baten helbidea eskatuko du baita ere (horiez lehen hitz egin dugu). Datu guztiak idatzi ondoren, .torrent metafitxategi txikitxoa sortu, eta disko gogorrean gordeko du, gerora webguneren batean plazaratzeko. Hori izango da, hortaz, lehenengo hazia. Eta lehen azaldutako prozesu osoa errepikatuko da. Nork edo nork musika hori gura izango du, eta berau eskuratzeko .torrent-a bilatuko du. Bilatzen lehena baldin bada motel jasoko du, ezen hazi bakarra izango baita sortuta. Gainera, haziduna eta bezeroa konektatuta daudenean baino ezin izango dira puskak jaso. Fitxategiak ospe handia bereganatzen baldin badu, haziak zabalduko dira apurka-apurka, eta, horri esker, nodoei errazagoa eta azkarragoa gertatuko zaie lortzea.
Orduan, eta BitTorrent elkarlanerako sarea bada, non jaso eta ematen den, zer gertatzen da etengabe beheratzen eta inoiz partekatzen ez dutenekin. Horiei leech (/lɪ:tʃ/) deritze (izainak). Hazirik ez duen nodoari izain esaten zaio. Izainak sareari kalte egiten dio, partekatze prozesuak ondu beharrean oztopatzen dituelako. Beraz, izainak areagotu ahala hazien kopurua murrizten da, eta jasotze-epeak handitu. Hori ekiditeko estrategia argia da: jasotakoaz beste partekatu, eta gehiago!
Segurtasunaz
Bolo-bolo dabilen segurtasunari dagokionez, bi ideia izan behar dira buruan: sarean bidaiatzen diren datuak, eta beheratutako fitxategiak. Bidalitako pusken segurtasuna bermatu asmotan, µTorrent-ak noranzko bakarreko hash (/hæʃ/) funtzio matematikoa aplikatzen die. Puska bidali aurretik kode bat kalkulatzen da funtzioa erabilita (sarrera bik ezin dute kode bera sortu; hortaz, emaitza bakarra dago sarrera bakoitzerako). Erraz esanda, funtzioak karaktere sekuentzia bat kalkulatzen du. Emaitza puskari eransten zaio, eta beste nodoek jasotzen dutenean kalkulu bera egiten dute. Bi kodeak berdinak badira, puska osorik eta aldatu barik dagoela esan gura du, eta ontzat jotzen da. Baina, kontuz, segurtasun neurri horiek jarraitu arren, askotan fitxategiak ezustekoz beteta datoz: software-arekin birusak etor daitezke; filma baten izenean egindako aldaketa txiki batek filma pornografikoa puntako pelikula baten itxurapean ezkuta dezake; eta abar. Erne, beraz, fitxategi ezezagun bat irekitzerakoan (nahiz eta bere izenak gertutasun edo etxekotasuna iradoki).
Amaitu aurretik, esteka hauek baliagarriak izan daitezke. µTorrent programa eskuratzeko:
Eta .torrent metafitxategiak bilatzeko:
Software libreari eskerrak
Arazoak arazo, buruhausteak gora-behera, eskerrak eman behar zaizkio software libreari. Alde batetik, doako zerbitzu hobezinak eskaintzen dituelako (urte batzuk atzera pentsaezina zena), beste alde batetik, eleaniztasuna balio erantsitzat jotzen duelako, eta, azkenik, itzultzaileok oztopatzen ez gaituztelako, nahiz eta nazio propio baten barruan ez ikusi.
Egungo aro digitalean, hizkuntza askotariko software-ari esker, herrialdeak hizkuntzaren azpitik gelditu dira. Nork ez du askotan "Spain" hautatu izan behar webguneetan erregistratu eta datu pertsonalak idatzi behar izan dituenean. Aukera horrek, ekintza soil horrek, gaztelerapean jarri gaitu, herrialde baten aniztasun kulturalari muzin eginez. Gaur, µTorrent, eMule, Google, Linux eta beste sistema informatiko askok gure ama hizkuntzan hitz egiten digute, euskaldun anai-arrebon laguntza interes gabedunari esker.
Euts diezaiogun ildo horri, arbasoon mintzairak traba guztiak gailentzen jarrai dezan, are gehiago sareen sarea izena hartu duen Internet erakusleiho horren barruan.
(ANDONI SANZ MAYAL irakaslea eta informatikaria da)
|