Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen balio erantsia

Euskararen balio erantsia

2007-06-26 / 08:30 / Euskal Kultur Elkargoa (EKE)   ENPRESA

Euskara Kultur Elkargoak euskarari buruzko bere hirugarren mahai inguru monografikoa egin zuen joan den ekainaren 5ean, oraingo honetan ekonomiako eta enpresa munduko ordezkariekin, Euskara, eta ekonomia eta enpresaren mundua izenburuarekin.

Ekitaldia Iruñeko Tres Reyes Hotelean egin zen, eta hogeiren bat ekonomilarik, enpresaburuk, marketing-espezialistak eta bestelako profesionalek parte hartu zuten. Euskarak beren lan arloan duen egoeraz aritu ziren eztabaidan, hiru ponentzia oinarri harturik, eta bakoitzak bere iritzia agertu zuen.

Ekimen honen bidez, euskarak Nafarroan duen egoera, balorazioa eta onarpena aztertu nahi ditu Euskara Kultur Elkargoak, mundu euskaltzalearekin aldian behingo harremana ez duten sektoreen eta profesionalen ikuspegitik. Lehenbiziko mahai ingurua 2006ko azaroaren 13an egin zen, eta komunikabideetako profesionalak aritu ziren. Bigarrena, berriz, 2007ko urtarrilaren 25ean egin zen, eta EKEk justizia eta zuzenbide arloko askotariko profesionalak bildu zituen. Hurrengo topaketan, unibertsitateko ordezkariak biltzea aurreikusita dago.

Hizlariak eta mahaikideak

Hiru ponentzia aurkeztu ziren joan den ekainaren 5ean Iruñean eginiko mahainguruan. Honako hauek izan ziren parte hartu zuten hizlariak eta gainerako 17 mahaikideak:

  • Hizlariak:
    • Dámaso Munarriz, Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendaria.
    • Elisabet Azkarate, Nafarroako Merkataritza Federazioko kudeatzailea.
    • Sixto Jiménez, enpresaburu eta ekonomilaria.
  • Mahaikideak:
    • Javier Osés, ACR Construcciones enpresakoa.
    • Rosa María Cortés, urteko emakumezko enpresaburua; Mikelva y Serco Cosido Industrial enpresakoa; automobil-industria.
    • Fernando Cortés, Mikelva y Serco, automobil-industria.
    • Alfredo Casares, El Corte Inglés.
    • Fermín Cilveti, Lácteos Belate enpresako enpresaburua.
    • Patxi Zeberio, ANEL (Frenos Iruña-ko zuzendari nagusia).
    • Juan Pablo Eugi. Acciona Biodiesel.
    • Javier Taberna Jiménez, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea.
    • Emilio Huerta, ekonomia aplikatuko katedraduna, NUP.
    • Juan Bautista Astigarraga. Ekonomilari eta abokatua.
    • Félix Sola Arrese, Nafarroako Rural Kutxako marketing-zuzendaria.
    • Alfonso Uitzi Alonso, Euskadiko Kutxako marketing-zuzendaria Nafarroan.
    • Patxi Tuñón, ekonomilaria.
    • Miltxo Arraras, Acciona Solar.
    • Jesús Muruzabal, Nafarroako Comptos Ganberako auditorea.
    • Ángela Sabalza, CPAEN-NNPEK kontseiluko sustapen-zuzendaria.
    • Alberto Nadal, automobil-industria.

Ponentziak

Dámaso Munarriz jaunak Nafarroako Kutxako Hizkuntza Garapenerako Plana azaldu zuen. Plan hori Erakundearen Plan Estrategikoan sartuta dago eta ideal batzuk ezarri nahi ditu: esaterako, bezeroen eskubideak aintzat hartzea, hizkuntza aukeratzeko eskubidea barne; hau da, zer hizkuntzatan izan nahi ditu bezeroak Nafarroako Kutxarekiko harremanak eta komunikazioak.

Besteak beste, Planaren helburu dira bezeroekiko lotura handitzea eta errentagarritasun soziala errentagarritasun finantzarioaren aurretik jartzea; plana abiaraztearekin batera, Nafarroako Kutxa Euskal Autonomia Erkidegora iritsi da, eta bezero horiei euskaraz komunikatzeko aukera bermatu nahi zaie. Helburuetako bat da arreta eta irudia euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzea (errotulazioa, publizitatea, foiletoak eta kartelak) bai Nafarroako Eremu Euskalduneko bulegoetan, bai EAEn, bai eta gainontzeko eremuetako bezeroei ere, halaxe eskatzen badute.

Plan honetan sartuta daude web orria, kutxazainak, posta-komunikazioak eta elektronikoak, inprimaki eta kontratuak, bai eta telefono bidezko arreta ere; zehazki, gaztelania, katalana eta euskara erabiltzearen aukera ematen du, edo hiru hizkuntzen arteko konbinazioa.

Munarrizek, halaber, Kutxako langileentzako hizkuntza-prestakuntzaren berri eman zuen; esaterako, BezeroCAN esaten zaion ikastaroa. Kutxako 150 bat langile euskaldunek parte hartu dute finantzaketa arloko eta bezeroari arreta emateko terminologiari buruz.


Elisabet Azkaratek nabarmendu zuen Nafarroako Merkataritza Federazioan orain arte eman dituen urteetan (7 urte) ez dela izan euskara erabiltzearen beharra, ezta interesa ere, erakundearen kanpo-proiekzioan, eta gaia ere ez dutela aztertu ez ikuspegi batetik ez bestetik ere. Euskara Nafarroan ekonomiaren eta enpresaren mundutik ikusita izenburuko ponentzia bere gogoetetan oinarritu zen eta, horretarako, hainbat lankiderekin izandako elkarrizketak hartu zituen kontuan.

Oso zuhur jokatu nahi izan zuen gaiaz aritzeko, eta halaxe egin zuen, oinarrizko baieztapen honetatik abiatuta: euskara ez dago normalizatua, eta Nafarroan zatiketa eta enfrentamenduak eragiten ditu. Askorentzat, erabilerak berak estigmatizatu egiten du euskara erabiltzen duen pertsona, eta automatikoki pertsona hori talde politiko zehatz batekin lotzen dute.

Bere hitzetan, Nafarroako mapa soziokulturalaren arabera, gauzak desberdin daude; horrela, egoera bat dago euskararen erabilera normalizatua dagoen eta ohikoa den eremu euskaldunetan, eta beste bat arras desberdina eremu ez euskaldunetan, Erdialdean eta Erriberan, non askotan, euskarak ez du salmenta laguntzen, baizik eta zatiketa eragiten du, seinalatzen du eta ikuspegi politikotik nabarmen identifikatzen duen.

Laburbiltzeko, hauxe azaldu zuen: "Merkataritzan euskara gutxi erabiltzen da eta merkatari elkarteen jokabidea oso desberdina da, baita eremu geografiko berberetan ere, bakoitzak duen bezero motaren arabera. Adibiderik argiena Iruñerria da; euskara auzo eta herri batzuetan soilik nabarmentzen da, euskaldun edo euskaltzale gehiago dituzten haietan, zehazki". Alde horretatik, Azkaratek udalen jokabidea azpimarratu zuen, funtsezkoa baita hizkuntzaren erabileraren onarpen ofiziala sortzeko, Lizarran eta Tafallan gertatzen den bezala.

Merkataritzak gaiaz duen jokabideari buruz, eta Iruñerrian zehazki, adierazgarritzat jo zuen bilgarrietako etiketen "felicidades" edo "zorionak" eskaintza; uzten ari zaio hori eskaintzeari, askotan kaltegarri irizten zaiolako. Hauxe esan zuen, bukatzeko: "Euskara gutxi erabiltzen den eremuetan, gaztelania hutsez mintzatzen diren gainontzeko herritarrek presio negatiboa sortzen dute euskararen erabileraren aurka. Horrela, merkataritzak erabaki du halako esamolde arruntak eta ohikoak ere ez erabiltzea (zorionak) beren bezeroen artean gorrotorik ez eragiteko".


Aurreko hitzen haritik, Sixto Jiménez jaunak hauxe esan zuen, hasteko: "Nire Nafarroa maiteak psikiatra behar du" eta Euskara eta negozioak ponentzia azaltzeari ekin zion.

Sixto Jiménezentzat, Nafarroakoa izatea motibazio faktore sendo-sendoa da, nortasun nabarmena duen lurralde bateko kide izateagatik; horrek enpresaburuari aukera ematen dio bere kultura zer den eta nondik abiatzen den jakiteko, nor den eta zer saltzen duen hobeki jakiteko.

Bere iritziz, mundu osoan, Europako hizkuntzarik zaharrena hemen izate hutsak mapan kokatzen gaitu, baina ñabartu zuen: "munduak baleki Nafarroan gure hizkuntzari zer egiten diogun, guretzat kaltegarria litzateke".

Munduko merkatua bere osoan hartuta, Sixto Jiménezek diaspora azpimarratu zuen, hau da, horren komunitate zabalarekin dagoen hurbiltasuna; izan ere, nortasun eta hurbiltasun lokarri nabarmenak daude komunitate horrekin eta elkar ulertzeko erraztasuna ere bai.

Ingelesa enpresa eta negozioen munduan hizkuntza nagusia izanik ere, Sixto Jiménez erabat agertu zen euskara mundu horretan harreman pertsonalerako tresna erabiltzearen alde, eta bat etorri zen ikur eta marka gisa baliatzearekin ere, hainbat arrazoi direla medio: esaterako, erantzukizun kultural eta historikoa dugu, euskararen zaintzaileak baikara Europan; babes ekologikoa, kulturala eta globala eman behar zaio, hizkuntza asko azkar desagertzen ari diren honetan; identitate-iturri oso nabarmena delako globalizazio garaiotan; bezeroen artean konfiantzazko kultura sortzen duelako, arrakastaren bermea delako; eta, azkenik, berezitasun eta prestigio-iturria izaten jarraitzen duelako.

Eztabaida saioa

Denak bat etorri ziren esaterakoan ingelesa dela ekonomiaren eta enpresaren nazioarteko hizkuntza. Batzuen iritziz, euskarak ez du ekarpenik egiten arlo honetan (ezta unibertsitatean ere, ikerketa akademikoari dagokionez; ezta beste hainbat arlotan ere: esaterako, eraikuntzan, ehungintzan eta automobil-industrian); dena dela, euskarak berez duen balio erantsia azpimarratu zen eta hizkuntza erkidego batean partaide izatearena ere bai. Horrek identitate komuna dakar berekin, bai eta balioak eta enpatiak ere, merkatuak irekitzeko eta, era berean, negozioak eta merkataritza-trukaketak errazten ditu.

Gehienek euskal kulturaren erabilera eta balorazioa normalizatu beharra aitortu zuten "hartan hazi eta bizi izan baikara normaltasun osoz", baina bat etorri ziren esatean horri zeinen kalte handia egin dioten euskararen erabilera politikoak eta identitarioak, "halako jarrera jakin batzuk defendatzeko". Euskara politizatu izanak kalte egiten dio hizkuntzaren normalizazioari, bai eta kalte ere jendeari; esate baterako, curriculumak atzera bota izan dira elebidunak izateagatik.

Euskara sustatu eta babestea eremu publikoari badagozkio ere, badira euskara normalizatzen lagundu dezaketen eta lagundu behar duten erakunde pribatuak; omena eta eragina dituzten erakunde pribatuak, alegia. Horri loturik, gizarte erantzukizun korporatiboa aipatu zen: Nafarroako Kutxaren hizkuntza garapenerako plana, El Corte Ingles enpresa, jatorrizko izendurak, etab.

Alde horretatik, finantza arloko bi erakundetako ordezkariek euskara erabiltzearen eta sustatzearen aldeko apustua azaldu zuten; kasu batean, diskriminazio positiboa eginez eta nafar guztiei euskarazko zerbitzuak hizkuntza eremu guztietan eskainiz; eta bestetik, hauxe nabarmentzen dute: euskara ez da arazo, aukera eta bezeroekiko hurbiltasun iturria baizik.

Argi dago, eta halaxe adierazi zuten mahaikide zenbaitek, euskaraz harrera jasotzeko eskaria balego, merkataritzaren eta negozioen munduak euskara erabiltzeari ekinen liokeela; eta horretarako mugituko zela.

Parte-hartzaileak, oro har, beste kontu batzuetan ere etorri ziren bat: txikitatik elebidun izateak duen garrantzia hizkuntzak ikasteko, eta adibide onuragarriak aipatu ziren; esaterako, etiketak hiru hizkuntzatan jartzea (Lácteos Belate: euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz) edo gure komunitatearentzat eredu izan daitezkeen hizkuntza egoerak: esate baterako, Finlandia, hizkuntzak bizikide dituen ekonomia garatuaren eredua baita.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com