Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Mikel Zalbide euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldia Donostian

Mikel Zalbide euskaltzain osoaren sarrera-hitzaldia Donostian

2007-06-05 / 08:00 / Euskaltzaindia   BESTELAKOAK

Mikel Zalbide euskaltzainaren sarrera ekitaldia egin zen joan den 2007-6-2an Gipuzkoako Foru Aldundian. Patxi Altuna zenaren lekua beteko du Zalbidek Euskaltzaindian.

Ekitaldiaren amaieran, Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain osoa dela adierazten duen diploma eta hamazazpigarren zenbakia duen domina eman zizkion Zalbideri. Domina hau izan duten aurretiko euskaltzainak hauek dira: Jose Maria Lojendio eta Patxi Altuna.

Sarrera-ekitaldiaren egitaraua betez, Joxe Joan Gonzalez Txabarriren ongietorria eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra entzun zituzten bertaratutakoek. Gero, Patxi Salaberri eta Ana Toledo euskaltzainek lagunduta, batzar aretora sartu zen Mikel Zalbide Pedagogoa Batzar Nagusietan. Hizkuntzen azterbideak, Iturriagaren argitan izeneko sarrera-hitzaldia irakurtzeko.

Altuna gogoan, Iturriaga hizpide

Patxi Altuna zena ekarri zuen gogora euskaltzain berriak eta pedagogo bezala goraipatu zuen Azpeitiko euskaltzaina: "Ikasle-jendea ezagunetik ezezagunera eramaten maisu izana dugu azpeitiar handia. Hizkuntza kontuan, gramatikan oro har eta aditz-jokoan bereziki, Patxiren zordun naiz ni, inoren zordun izatekotan. Euskal aditzaren egitura nagusiaz, bere morfema-atalez eta berauen hitz barruko joskeraz Patxiri eskerrak dakit, orain ere, dakidan gehiena. Hari zor diot, inori baino gehiago, euskal aditzaren muinaz eta jokaeraz formalki jabetu izana".

Ondoren, Agustin Iturriaga (Hernani, 1778 - 1851) izan zen euskaltzain berriaren hitzaldiaren hizpide. Euskararen normalizazioaren aitzindaritza zor zaio Iturriagari Mikel Zalbideren ustez. Izan ere, bere garaiko Gipuzkoan jende gehienak euskara jakin eta erabiltzen bazuen ere, geroan etorriko ziren arazoak aurreikusi zituen. Horregatik, bere lan pedagogikoaren helburu nagusia zen "euskaraz eta gaztelaniaz ondo egiten jakitea, ahoz eta idatziz". Ezinbesteko baldintza ikusten zuen ordurako, "hizkuntza ahula bizirik aterako bazen".

Euskara, gainerako hizkuntzen maila berean

Izpiritu hori ezin uler daiteke Iturriagaren jatorria, izaera eta bizi zuen gizarte-giroa ezagutu gabe. Zalbideren esanetan, "jaiotzaz badakigu etxe onekoa zela. Prestaeraz eta lanbidez apaiz, formazio zabalekoa eta, pentsaeraz ilustratuen oinordeko". Ezaugarri hori behin eta berriro nabarmendu du mintzaldian, Iturriagaren lana diskurtso sendo baten inguruan eraiki baitzen. Europan zehar barreiatzen ari ziren korronte liberalen jarraitzaile zelarik, "gizartea aurrera zihoala, eta ezinbestean aurrera jarraitu beharko zuela sinesten zuen". Eta testuinguru zabal horretan, euskarak lekurik bazuela uste zuen: "Jatortasun etnokulturala eta gizarte berria, euskara, gaztelania eta, halako neurri batean, Europako hizkuntza handiak, elkarren eskutik eraman nahi zituen".

Iturriaga ez zen konformatu ideiok planteatzearekin, eta hitzak ekintzetara eramaten saiatu zen, nahiz eta bizimodu erraza izan ez zuen. Lau gerra-aldi bizi izandakoa dugu: Konbentziokoa lehenik (1793-95); Independentziako gerra edo, gure artean esan izan denez, Frantsestea gero (1808-13); 1820tik 23rako "Trienio Liberal-konstituzional"-ean erregezaleek egindako altxamendua hurrena; eta, azkenik, gure herria hain sakon markaturiko Lehen Karlistada (1833-39).

Bake garaian, erruz lan egindakoa da. Apaiz ikasketak Ońatiko Unibertsitatean burutu, eta 1805ean Hernanira itzuli zen, Parrokiako benefiziadu izendatu zutelarik. 1818an, ikastetxea zabaldu zuen eta fama handia lortu, Gipuzkoa osotik eta Nafarroatik ere ikasleak etortzen zitzaizkion. Eskola berritzailea zen: zigorra debekatua zegoen, ikasgai osagarriak eskaintzen ziren eta, Zalbidek adierazi bezala, "beren kultur giro osoan txertatuz erakusten ziren hizkuntzak". Esperientzia ez zen alferrekoa izan, eta 1820 eta 1823 arteko aldi liberalean lanean jardun zuen probintziako agintaritzaren enkarguz, ikasmaterial egokiak sortzen, absolutismoaren berrezartzeaz batera bere ekin guztiak bertan behera geratu baziren ere; are gehiago, irakasle-lanean jardutea debekatu zioten, betirako debekatu ere.

Halako ardurak eragotzita, baina, Iturriaga ez zen geldirik izan eta bere burua euskara aldetik janzten hasi zen. Zalbideren esanetan, "erraz eta jator hitz egiten zuen Agustinek, baina ez zen euskaraz idazteko gai". Alfabetatzen hasi zen. Laster hasiko zen berriro lanean, gainera, 1830ean Gipuzkoako Batzar Nagusiek deitu egin baitzuten Sustapen-Batzordera, euskara gainbehera zetorrela eta. Egin zioten eskaera ez zen txikia, euskara indarberritzeko plan bat eratzea, hain zuzen ere. Mikel Zalbidek azpimarratu duenez, "hau da lehenengo aldia, dakigularik, Gipuzkoako goi-agintariek euskararen aldeko hizkuntza-politika esplizitu eta orokorra egitea erabaki zutena. Hizkuntza-politikazko erabaki asko harturik ziren aurreko mendeetan, partzialak eta inplizituak gehienetan. Oraingoan, ordea, euskararen aldeko politika egin nahi zen, batetik, eta politika orokorra bestetik: euskara bizirik ateratzeko eta ilustratzeko neurriak planteatzea eskatzen zitzaion Sustapen-batzordeari. Euskararen bizia arriskuan zegoela onartu zen beraz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Euskararen gizarte-dimentsioa garrantzizko gai bihurturik agertu zen, lehenengo aldiz, Probintziako herri-agintearen organo gorenean. Ez dago konstantziarik, halakorik egin izanaz 1830a aurretik, eta ez dirudi horren pareko erabaki zabalik berriro hartu zenik XIX. mende osoan ere".

1833an Lehen Karlistada lehertu zen eta Iturriagak alde egin zuen, Donostiara eta Iparraldera. 1840an itzuli zen Hernanira. Etxeratu orduko lanean hasi zen berriz eta bere liburuak argitaratzen saiatu zen. Eta euskalari-lanetan jarraitu zuen beti, harik eta 1851n, hil zen arte.

Elebitasun betea

Beraz, euskara indarberritzeko lehen euskara-plan ofiziala prestatu zuen Iturriagak eta landu zuen proposamenak "eskola-elebitasuna izan zuen helburu. Ez nolanahiko elebitasuna, elebitasun betea baizik. Plana aurrera aterako bazen, eskola-elebitasun beterako material sorta zabala beharra zegoen". Lanari ekin zion, beraz, euskara kontuan maisu zuen Juan Inazio Iztuetarekin batera.

"Euskara bizirik gordetzea -laburbildu zuen Zalbidek- eta gizarte-bizitzan goi-mailako funtzioetara (funtzio batzuetara bederen) zabaltzen laguntzea: hori zuen xede Agustin Iturriagak. Gizarte modu berrirako beharrezkoak iruditzen zitzaizkion alorretan egin nahi zuen, bereziki, aurrera: etxetik euskaldun ziren neska-mutilak euskaraz alfabetatu beharra zegoen, lehenik eta behin; oinarrizko formaziorako lehengaiak ere, horren osagarri, neska-mutil horiek euskaraz eta gaztelaniaz jasotzea komeni zen. Azkenik, euskal literatura jaso eta landurako oinarriak jartzea ikusten zuen beharrezko".

Horra Iturriagaren testamentua, horra bere xedea: errealitateari bizkar ez ematea eta aurrera begirako ikuspegia sendotzea. Mikel Zalbideren esanetan, "lehendik zetorren kate luze baten adierazle dugu bera, eta ondorengoak ere ugari izan ditu gure artean". Herri baten adierazle.

Henrike Knörren erantzuna

Henrike Knörrek, Euskaltzaindiaren Iker sailburuak, eman zion Mikel Zalbide euskaltzain berriari erantzuna, honek bere sarrera-hitzaldia bukatzean.

Mikel Zalbide ingeniaria eta 1983az gero euskaltzain urgazlearen urteetako lana nabarmendu zuen Knörrek. Giltza izan da, Knörren ustez, Zalbide Hezkuntza Sailean, euskararen ofizialtasunak irakaskuntzan sortu premia berrietara egokitzeko.

Zalbide ikertzailea ere goraipatu zuen hizlariak, eta oroitarazi zituen euskararen batasunari begira Hendaian eta Hondarribian XX. mendearen hasieran egin ziren biltzarrez Zalbidek argitaratu zuen artikulua, edo Lardizabal gramatikalariaz eta Iturriaga idazleaz egin ikerketak.

Hitzaldiaren azken aldean kezkati agertu zen Henrike Knörr, ikusirik nola Akademiaren arauak ez diren behar adina betetzen, eta aipatu zituen, besteak beste, zentzugabeko ebakerak, Biriatú, adibidez, edo Eusko Label izena, aspaldi duelarik Euskaltzaindiak erabaki sormarka hitza "label edo dénomination d'origine" delakoaren ordaintzat.

Dei bat egin zuen bukaeran Knörrek, "ezjakintasunaren tsunamiari" aurre egiteko, eta adibide bat ezarri zuen: Fakultateetara sartzen diren ikasle askori guztiz arrotz zaizkie Iparragirre, Villasante edo Guridiren izenak.


Inprimatu


Erantzun

 
Sor-marka
2007-06-05 / 09:45 / Dionisio Amundarain

Erdarazko "label" esateko Euskaltzaindiak "sormarka" erabakia duela diozue; zeinena da grafia hau: Knörrena ala erabili.com-ena? Edozein kasutan, Euskaltzaindiare "Hiztegi Batua"n "sor-marka" dator.

(DIONISIO AMUNDARAIN SARASOLA itzultzailea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com