Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Behatokiak urteko txostena aurkeztu dio EAEko Arartekoari

Behatokiak urteko txostena aurkeztu dio EAEko Arartekoari

2007-05-30 / 07:00 / Itxaso Ferreras - Kontseilua   BESTELAKOAK

Behatokia Euskal Autonomi Erkidegoko Ararteko Iñigo Lamarcarekin bildu da hizkuntza-eskubideei buruzko urteko txostenaren ondorioak azaltzeko.

Aurreko astean Nafarroako Arartekoarekin izan ziren bezala, honetan EAEko egoeraren berri eman du Behatokiak. Horretarako euskararen telefonoan herritarrek egiten dituzten kexen isla den urteko txostenaren ondorioak azaldu dituzte.

Eskubideen urraketak naturalizatu

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, Paul Bilbaok, urteko txostenaren ondorioak biltzen dituen esaldiaren zergatiak azaldu dizkio Arartekoari. "Euskal Herriko beste gobernuek bezala, Eusko Jaurlaritzak ere, eskubideen urraketak naturalizatu egin ditu", esan du Behatokiaren zuzendariak.

"Urterik urte, eskubideen urraketa larriak gertatu izanak, ez du izan eraginik horien konponbiderako neurri edo mekanismoak abian jartzeko unean", adierazi du Bilbaok. Ertzaintza eta Osakidetzan abian jarritako Enplegurako Lan Eskaintzak aipatu ditu adibide gisa, hauek ez baitiete erantzun aurreko urteetan salatutako eskubideen urraketei.

Erantzun zakarrak ohiko

2006ko kexen edukia aztertuz, zenbaitetan euskara erabiltzeak herritarrari sortzen dion "arriskuaren" berri eman dute Behatokiko ordezkariek. Aurten justiziaren alorrean esaterako, "jauzi arriskutsua egin da": euskara erabili nahi izan duenari kartzela-zigorra ezarri zaio; hizkuntza gutxiesten duenaren aurkako neurririk, berriz, ez da inon hartu. Horrela, zuzenean euskaraz deklaratu nahi izan duen herritar batek sei hilabeteko kartzelaldiari egin beharko dio aurre; baina, "has pedido médico euskaldun, y como no hay, te quedas sin visita al médico" bezalako erantzunak ematen dituenak, ez du zertaz arduratu.

"Euskara erabiltzen duenarekiko erantzun zakarrak ohiko bihurtu dira, zerbitzua eskaintzen dutenek ere ez dute errespeturik adierazten". Izan ere, Behatokira jotzen duten geroz eta herritar gehiagok azpimarratzen dute jasotako tratu txarra: "O en español, o no entras" bezalako erantzunak dira horren adirerazgarri.

Hemendik aurrera, Behatokiak era sistematikoan bidaliko dizkio kexak Arartekoari, horrela, erakundeen arteko elkarlana sustatzeko eta kexak erakunde batek baino gehiagok bideratzeko.


(ITXASO FERRERAS SANTAMARIA Kontseiluaren komunikazioburua da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com