|
Aurten DBHko 3. maila egiten ari diren 6.500 gazte baino gehiagori zuzendutako kanpaina abian jarri dute Bizkaian. Aurrerantzean egingo dituzten ikasketetan euskarazko eredua aukeratzea da kanpainaren xedea.
DBH bukatutakoan, batxilergoan zein lanbide heziketan jarraituko duten gazteek, euskarazko ereduetan jarraitzea xede duen kanpaina antolatu dute Bizkaiko 39 udalerrik.
Alkarbidek -Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak- koordinatu du ekimena eta aurten DBHko 3. maila euskaraz egin duten 6.500 ikasleri zuzenduta dago.
Zeurea da aukera: jarraitu euskaraz leloaren harira, ondoko 39 udal erakunde hauek parte hartu dute kanpainan: Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbao, Elorrio, Enkarterriko mankomunitatea, Erandio, Ermua, Etxebarri, Getxo, Gordexola, Laukiz, Maruri-Jatabe, Markina-Xemein, Mungia, Muskiz, Ortuella, Txorierriko mankomunitatea eta Uribe Kostako mankomunitatea.
Udalerri bakoitzak euren beharrizanen eta ikastetxeen plangintzaren arabera banatuko ditu liburuxkak, batzuek ikasturtearen bukaeran eta beste batzuek hurrengoaren hasieran.
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Xedea: gazteak
Kanpaina hau beren beregi prestatu da DBH euskaraz egin eta DBH ondoren zer egin erabakitzen hasi behar duten gazteentzat eta haren euskarri nagusia informazio-liburuxka (10,3 Mb) bat da. Bertan, batxilergoan eta lanbide heziketan, euskarazko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeen zerrenda agertzen da eskualdeka antolatuta eta horrekin batera, eskualde bakoitzeko garraio-sarearen berri ematen da.
Ilaski Serranok, EITBko aurkezle eta Euskadi Gaztea irratiko esatariak, sinatutako gutuna ere badarama barruan liburuxkak. Gutun horretan, Ilaskik euskarazko ereduan ikastearen garrantzia azpimarratu eta gazteok eredu horretan ikasten bultzatzen ditu. Aurreko urteetan bezala, oparitxoa ere jasoko dute gazteek, liburuxkarekin batera bi txapa txiki eta pegatina jasoko baitituzte.
Hirugarren urtez
Hirugarren urtez jarraian antolatu da kanpaina hau. Iaz, Gernikako Alex Sarduik, Gatibu taldeko kantariak parte hartu zuen kanpainan eta orain dela urte bi, 2005ean Luis Prietok, Athletic-eko jokalariak.
Guzti-guztietan xedea bera da, neska-mutilei euskaraz ikasteak duen garrantzia azpimarratzea eta bizi garen gizartean euskara etorkizunerako apustu garrantzitsua dela erakustea.
(ALKARBIDE Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea da)
- Bizkaiko 6.500 gazteri etxera iritsiko zaien liburuxka ikusi nahi baduzu, sakatu HEMEN (10,3 Mb)
Ildo bereko artikuluak (ikusteko gainean sakatu)
|