Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Gure ondorengoei zor dieguna

Idoia Alzibar / Kultura / 2007-05-21 / 08:00


Euskal Herriko jolasen ondarea liburu eta CD banatan plazaratu ditu Labayru Ikastegiak. Mixeri eta Mau: ume kantuak eta jolasak lanak kasu askotan galzorian egon daitezkeen jolas eta abestiak bildu eta hezitzaileen eskura jarri nahi ditu. Idoia Alzibar dugu egilea, eta berak azalduko dizkigu jarraian Mixeri eta Mauren nondik norakoak.



Gure ume sasoiko gogorapen bat kontatu beharko banizue, duda barik, nire amamaren altzoan ematen nituen orduak eta orduak izango litzateke. Ez ditut ahazteko amamak abesten zuen bitartean egiten genituen arre-arreak eta saltoak, edo eskuko atzamarrak hartuz egiten zizkidan jolasak... Nire eskolarik eraginkorrena eta maitekorrena baserriko sutondoa izan da beti, inolako dudarik gabe. Sasoi hartan, umetasunean, ez ginen gai entzuten ari ginen horren garrantzia zenbaterainokoa izango zen asmatzeko.

Zoritxar handia izan zen amama galdu genuenean, ez bakarrik alde afektibotik, baita alde kulturaletik ere, gure amama izan baitzen egun batean joan zitzaiguna, baina egunak joan egunak etorri, amama asko izan dira joan zaizkigunak, etengabe, eta amama horiekin euskal jendeak duen altxorretarikorik garrantzitsuena ere joaten ari zaigu: ahozko transmisioa.

Jolasa krisian

Asko eta asko dira Euskal Herriko ondarean ume txikiekin jolasteko dauden kantak eta errezitatuak, baina gutxi batzuk baino ez dira ezagunak gure umeen eta nagusien artean.

Umea jolasen artean hazten da, jolasa behar du jaio denetik, haren bitartez heziketa fisikoa, intelektuala, soziala eta afektiboa lantzen baititu. Umeak jolasa behar du, eta denbora-pasagarria baino askoz gehiago da. Umeen eta gurasoen arteko harremana jolasen bitartez sendotzen da; laztantxoak, keinuak, zabuka ibiltzekoak... umea entretenitzeko baino gehiagorako dira, dudarik gabe.

Gaur egun jolasa krisian dagoela esan genezake. Gure bizitzeko modua ez da gure arbasoek zuten bizitzeko modua bezalakoa. Lehen baserrietan lurra lantzen zen, eta ganadua edukitzen zen esnetarako eta saltzeko. Eskola garaia ere beranduago hasten zen. Horrek guztiak eragin zuzena zeukan umearen heziketan. Gure nagusiek baratzeko lanak egiten zituzten bitartean, umea soro bazterrean uzten zuten abesten zioten bitartean. Oraingo bizimodua, ordea, erabat aldatu da. Gutxi batzuk baino ez dira lurra bizi-iraupenerako lantzen dutenak, eta hala izanda ere, umeak txikitatik eskolaratzen dira, eta egunik gehiena eskolan ematen dute.

Horrek guztiorrek hausnarketara eraman beharko gintuzke. Lehen etxean irakasten ziguten altxor hori, orain eskolan irakatsi ezean, galdu egingo da, dudarik gabe. Beraz, eskolan landu beharreko arloa dugu hau, bertan aberastu behar delako umearen heziketa kulturala.

Irakasle eta gurasoentzat

Hori izan da Mixeri eta Mau: ume kantuak eta jolasak argitaratzearen arrazoirik nagusienetariko bat. Hainbat eskolatatik ibili ondoren, nabarmena zen umeekin jolasteko material falta. Hezitzaileek haurtzaindegietan umeak lo ipintzean, betiko lo-kantetara jotzen dute; txaloak egitean, bizpahiru abesti errepikatzen dira etengabe, eta korroan egitekoak ere aski eskasak dira. Horrek guztiak umeak aspertzera garamatza, eta umeak ez ezik, hezitzaileak aspertzeko arriskua ere badugu.

Beraz, umeen irakaskuntzan eta gurasoek dituzten hutsuneak eta beharrizanak bete nahian sortu da egitasmo hau. Liburuan aurkezten dugun informazioa 0 eta 5 urte bitarteko txikitxoen irakasle eta gurasoentzat dago pentsatuta. Gogaitasunean ez jausteko eta betiko kantak eta jolasak erabili ahal izateko, hainbat aukera eskaintzen dira liburu honetan.

Gaiok bost atal nagusitan sailkatuta daude:

Kantuok hainbat iturritatik batu dira; kasu batzuetan jendeak zuzenean emandakoak dira, eta beste batzuetan, aldiz, liburuetatik batutakoak. Dena den, lan honen iturririk handiena Etniker Euskalerriak argitaratuta duen Euskalerriko Atlas Etnografikoaren IV. atala izan da, Juegos Infantiles en Vasconia, hain zuzen ere.

Bildumaren antolaketa

Informazioa aukeratzean Euskal Herriko leku askotakoak batu dira, jendeak berea identifika dezan eta beste inguru batekoak ikas ditzan.

Bilaketa modu honetara aurkeztuta dator: lehenengo, azalpena dator, atzetik, kanta, jolasa edo errezitatua. Azken hori, batetik, batu den moduan, aldaketarik gabe aurkezten da, eta bestetik, dagokion euskalkia errespetatuz, modu literarioan dago. Ahal izan den guztietan non jaso den esaten da, leku zehatza argituz, baina beste batzuetan, eremua aipatu behar izan da, zehazki non jaso den jakin ez delako. Musika ere azaltzen da gehienetan. Pentagrametarako herri-hizkera erabili da, eta leku jakin batean agertzen diren eran azaldu dira testuak. Doinua eta letra erraza dituzten kantuak sartu dira, umeekin zailtasunik gabe jolastu ahal izateko.

Abestiak bi modutara aurkeztu direla esan dugu. Abesteko orduan, batu den modura abestea aholkatzen da, zeren eta musika hala egiteko moldatua baitago; bestela, aldaera fonologikoak eta abar, ez lirateke bat etorriko jatorrizko musikarekin. Euskara landuan ematearena, lexikoa gaurko grafiara ekartzeko eta irakasleen lana errazteko ahalegina izan da.

Kasu batzuetan lexikoa bera ere argitu egin da. Euskalkiz euskalki hitz desberdinak erabiltzen dira, eta horrek esanahia argitzera behartu gaitu. Horietan, orrialdearen beheko partean daude argibideak. Batzuetan ez da erraza izan materiala modu literarioan aurkeztea eta hori dela eta, berba batzuek galdera ikurra daramate. Horrekin, esanahi hori izan daitekeela adierazten da, baina ez ziurtasun osoz.

Ikus-entzunezko materiala

Liburu honekin batera ikus-entzunezko materiala prestatu da. Material hori grabatzeko, ezinbestekoa izan da Mungiako Bentades Ikastetxeko zuzendari, irakasle, ikasle eta gurasoen laguntza. Ezin dugu aipatu gabe utzi, era berean, baserrietan eta parkeetan laguntzeko prest egon diren gurasoen eta aitona-amonen aldez aurretiko jarrera atsegina. Hala eta guztiz ere, DVDan ez dira egoera guztiak antzeztu; adibidez, lo-kanta bat besterik ez dugu sartu, amaitzeko.




Ume hizkeraren hiztegitxoa

Umeen munduari buruz hitz egiten denean, umeen hitz egiteko modu bitxia aipatu behar da. Liburu honen amaieran, umeen hizkera argitzeko hiztegitxoa aurki daiteke, irakasleentzat berba horiek ezagunak egin daitezen. Hiztegia sinonimoena da, eta gauza bera modu desberdinetan esateko modua aurkezten da, gehienetan testuingurua azalduz.

Helburu nagusiak

Lan honekin lortu nahi izan diren helburuak, besteak beste, hauek dira:


Helburu hauek lortu ahal izateko, zuei dagokizue guraso eta hezitzaileok, ahozko transmisiotik batutako kanta hauek eskolaratzea eta gizarteratzea, urteetan zehar iraun duen eta irauten duen altxor hori ezerezean gera ez dadin. Hala izan bedi.


(IDOIA ALZIBAR GARITAONANDIA Mixeri eta Mau: ume kantuak eta jolasak lanaren egilea da)


Gai honi lotuta erabili.com-en argitaratutako beste artikulu batzuk (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1179137401