![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila / Herri-administrazioa / 2007-05-10 / 07:00
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletako ordezkariek merkataritza hitzarmenak izenpetu dituzte, merkataritzako dinamismoa eta euskararen erabilera areagotzea uztartzeko xedez.
Donostian herenegun (2007-5-8) egindako sinadura ekitaldian izan ziren Patxi Baztarrika Galparsoro, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Jokin Azkue Arrastoa, Herri administrazioetan hizkuntza normalizatzeko zuzendaria; Ana de Castro Rubalkaba, Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkaria; Alfredo Iturricha Yaniz, Gasteizko Udalaren Lehendakaritza arloko zinegotzi ordezkaria; eta Ramon Etxezarreta Aizpuru, Donostiako Euskararen Udal Patronatuko lehendakariaren ordezkaria.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) helburu nagusia honako hau da: euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea, alegia, euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea maila pertsonalean, sozialean zein ofizialean.
Helburu nagusi horretaz gain, EBPNk baditu beste hiru helburu estrategiko:
Jakina, EBPNren hiru helburu horiek zein baino zein garrantzitsuagoak dira; hala ere, bigarrena da (euskararen erabilera segurtatzea) datozen hamar urteotako erronkarik nagusiena Administrazioarentzat, hau da, euskara helduaroko eremu berezi eta garrantzizkoetarako atsegin eta gaztelania bezain baliagarri bilakatzea belaunaldi berrietako euskaldunentzat. Horretan, euskararen aldeko auzogintzan eta zerbitzugintzan jardun beharko dute jo eta su, bai herri aginteek, bai euskararen aldeko taldeek: denak elkartuta, zerbitzua euskaraz ere eskainia izan dadin lortuko bada.
Denak elkartuta jardunda ere, soro zabala da auzogintzarena eta zerbitzugintzarena: bada, bai, zer landua euskararen erabilera sustatzeko arlo horretan; eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurrera begiratu beharra dauka helburuok erdietsiko baditu. Hori horrela, merkataritza arloari heldu eta, hiriburuetan bereziki, egiten diren ikerketak eta arlokako planak lagundu nahi ditu. Izan ere, ukaezina da merkataritza sektoreak zer nolako garrantzia duen hirietako konfigurazioan eta bertako herritarren bizitzan bai dinamika ekonomikoan, baita sozialean ere. Are gehiago hiri hori hiriburua bada.
Horregatik, bada, iaz hasitako bideari jarraiki eta koordinazioa erdietsi nahian, Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hitzarmenak sinatu eta lankidetzan jardutea erabaki du Bilboko Udalarekin, Gasteizko Udalarekin eta Donostiako Euskararen Udal Patronatuarekin, hiru hiriburuotako merkataritza sektorean euskara sustatu eta normaltzeko ekintzak gauzatzerakoan.
Iaz hasi zen bidea. Eta aurten, lehengo bideari jarraituz, berriz sinatu ditugu lankidetza hitzarmenok, hiru hiriburuotako merkataritza sektorean euskararen erabilera sustatu eta normaltzeko ekintzak gauzatu daitezen. Izan ere, EBPNren helburu nagusia da euskararen berreskurapen osoa lortzeko euskararen aldeko urratsak areagotzea; eta, jakina, horretarako, alde batetik, hizkuntz normalkuntzarako plan zabala urratu, sakondu eta garatu beharra dugu; eta, bestetik, ikerketak eta arlokako planak gauzatu behar ditugu, bereziki hiriburuetan.
Hiriburuak. Bai, hiriburuak oso garrantzitsuak dira euskararen erabilera areagotzeako. Arrazoiak asko dira, hara batzuk:
Ondorioa bistakoa da: euskarak bere tokia behar du hiriburuetako merkataritza sektorean harreman sareak eratu eta funtzio horiek aurrera eramateko garaian.
Hiriburuetan garatuko diren egitasmo hauek abiapuntu izan nahi dute. Eta aurrerantzean, gainerako hirietako merkataritza sektorera hedatuko dira erabilitako baliabideak, metodologia edota lan tresnak, helburu berarekin, alegia, euskararen erabilera sustatzeko alor horretan. Horrela, denon artean, astiro baina etengabe lan eginda, erakutsiko dugu merkataritza esparruak euskaraz ere badakiela edo ikas dezakeela.
Oro har, euskararen erabilera areagotu nahian, honako lan hauek egingo dituzte aurten hiru hiriburuetako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean: hizkuntzaren egoera aztertu (jarrera eta iritziak, ezagutza eta erabilera) eta, diagnostiko horretan oinarrituta sentsibilizazio, formazio eta komunikazio arloetan lan-ildoak proposatuz, euskararen normalkuntzarako plangintza diseinatu, kudeatu eta jarraipena egin; hori bai, betiere bertako merkataritza sektoreko eragileen parte-hartzea sustatuz eta koordinatuz.
2007. urtean, Bilboko egitasmoaren aurrekontua guztira 120.000 eurokoa izango da. Bilboko Udalak 71.500 € jarriko ditu, Eusko Jaurlaritzak 40.000 € eta Bizkaiko Foru Aldundiak 8.500 €.
Gasteizko egitasmoaren aurrekontua guztira 100.000 eurokoa izango da. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 40.000 € jarriko ditu, eta gainerakoa Gasteizko Udalak.
Donostiako egitasmoarena, berriz, 43.459 eurokoa izango da. Honela, bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 21.729,5 € jarriko ditu eta gainerakoa Donostiako Euskararen Udal Patronatuak.
Eta azkenik aipatuko dugu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hitzarmen honetan duen partea:
![]() | Inprimatu |